Oraindik bi aste falta direnean, artista gasteiztarrak 2.200 zapata inguru lortu ditu, gasteiztarrek hirian dauden bilketa puntuetara eraman dituztelako. “Horregatik guztiagatik nire eskerrik beroena adierazi nahi diet zapatak eman dizkiguten lagunei, horrekin batera eraikitzearen, batearen, birziklatzearen aldeko apustua egin baitute; baikorrerantz elkarrik ibiltzearen aldeko apustua”, eskertu du Lekuek. Bildutako zapata horietako asko erabili gabe daude edo oso gutxi erabiliak dira. Zaharrak zein berriak, berdin du arte instalazioan erabiliak izateko. Instalazioa egin eta gero, oso zaharkituak daudenak bereizi eta beste guztiak birziklatuak izango dira, horien beharra izan dezakeen norbaitek bigarren erabilera eman ahal izateko.
Oraindik ere zapatak entregatzeko aukera dago, gune hauetan: San Martin auzo elkartea, IKA eta AEK euskaltegiak, Zabalgana Batuz auzo elkartea, Arabako Hiesaren aurkako Batzordea, Gasteiztxiki, CEAR, Ai laket!! Elkartea, Oihaneder Euskaren Etxea, Hala Bedi Irratia, Artium Museoa, CCOO, ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS sindikatuaren egoitzak, IMVG.
Artista gasteiztarrak azaldu duen moduan, “Gasteiz berri, jator, integratzaile, zabal eta kultur aniztasun zein elkartasunean oinarriturikoa irudikatu nahi dut. Horiexek hain zuzen artelan honen ardatzak: Gasteiz eta baloreak. Baloreak eta Gasteiz”
Gora Gasteiz herri ekimenak proiektuarekin bat egin du
Ekimenaren filosofia kontuan hartuta, Gora Gasteiz herri ekimenak Irantzu Lekue artistaren proiektuarekin bat egitea erabaki du. “Lekuek arte instalazio bat egingo du Andra Mari Zuriaren Plazan, komunitate indartsuago, integratzaileago eta kultur anitzago bat eraikitze lanean bere ekarpena egiteko asmoz. Gure erabaki honen arrazoia bikoitza da: alde batetik, helburu horrekin bat egiten dugulako erabat, eta bestetik Gora Gasteiz-ek beti bultzatu dituelako herritarrak helburu horri begira ekarpenak egitera, bakoitzak bere abilidade eta ezaguera arlotik, bere interesak eta behar izanak kontuan harturik, bere lanpostutik bere afizioetatik... “, azaldu dute Gora Gasteizeko kideek.
Azkenik, apirilaren 17an egigno den instalazioa egiteko 20 bolondres beharko dituztela gogorarazi du artistak. Izena emateko emaila bidali iralekue@gmail.com helbidera.
Honen inguruko albiste gehiago:
Laztandu eta sentitu daitezkeen artelanak aurkeztu ditu Irantzu Lekuek Madrilen
Irantzu Lekue eta Zirika, artistak: "Artearentzat basamortua da Gasteiz"
Aldarrikapen artistikoa burutu du Irantzu Lekuek Krea esparruan