(Ekimen hau proposatzen dutenek otsaila aukeratu zuten kexarik gabeko hilabete bezala, motzagoa denez errazago izango zelakoan, baina argi uzten dute edozein hilabete aukeratu daitekeela hainbeste protestarik gabe bizitzeko.)
Irakurri nuenean ideia ona iruditu zitzaidan, eta gertatu ohi den bezala nire buruari esan nion “astelehenean egingo dut”. Baina, ai, astelehenean altxatu bezain laster leihotik begiratu nuen eta, nola ez, gure udaberri hotz honen lehenengo elurra ikusi nuen. Nola ez kexatu eguraldiari buruz, tenperatura epelen zain gauden garaian? Ezinezkoa egin zitzaidan eguraldiari buruz hitz egin gabe pasatzea laneko lehenengo orduak, beraz nire 24 orduak ezin izan ziren lanean sartu bezain laister hasi. Esfortzu itzela egin behar izan nuen hurrengo orduetan, mingaina koskatu behin baino gehiagotan, eta konturatu nintzen zenbat aldiz eta zenbat tontakeriengatik protestatzen dudan egunean zehar. Okerrena izan zen besteak zenbat kexatzen diren konturatu nintzela ere, eta momentu batean nire bakardadeko txokoan ezkutatzeko gogoak sartu zitzaizkidan. Hori bai, asteartean berriro normaltasunera bueltatu nintzen, eguraldiari buruzko kexa ugariekin (eta gainera Wert legea atera zen eztabaidan, imajinatu zenbat kexa orduan!). Baina, ze demontre, Euskadin bizi garenok ba al daukagu aukera eguraldiaz ez kexatzeko?
Apirilean hilabete osoa kexa barik igarotzen saiatuko naiz. Gutxienez, tontakeriek nire eguneroko bizitza ez oztopatzea saiatuko naiz. Ez dakit lortuko dudan. Aste hau praktikatzeko erabiliko dut, ia lortzen duda eguraldiari buruz ezer ez esatea. Euria ari duela? Tira, katiuskak, aterkia eta ibili munduan! Gauza larriagoak daude bizitzan ur tanta batzuengatik mundua erortzen ari balitz bezala egoteko.
Egilea: Ruth Ibañez