Muinoko etxearen 27. urtebetetzea ospatzeko egitarau oparoa prestatu du Gaztetxeak

hirinet 2015ko mar. 28a, 01:00

Gasteizko Gaztetxeak 27 urte betetzen dituela ospatzeko egitarau oparoa aurkeztu dute gazte asanbladako kideek. Programatutako ekintzak apirilaren 10ean hasi eta maiatzaren 3ra arte luzatuko dira. Adin guztientzako tailer, hitzaldi, kontzertu edota guatekea izango dira, besteren artean, aldarrikapenak alde batera utzi gabe.

 

Astelehenetik igandera mota guztietako tailer eta ekintzak egiten jarraitzen du Gasteizko Gaztetxeak: euskara eta katalan klaseak, eskalada boulderra, zineforumak, hitzaldiak, eztabaidarako eta biltzeko gune ezberdinak eta baita astebururo kontzertuak ere. “Esan dezakegu Gaztetxeak jende andanaren elkargune izaten jarraitzen duela”.

 

Alta, 27 urte pasa badira ere,gaztetxeroek “ez dute aski” eta horregatik, “modu zirikatzaile batean beste mundu bat posiblea dela defendatzen jarraituko dute, etengabeko alternatibak eraikiz”. Asanbladako kideek azaldu duten moduan, hau guztia Gaztetxearen inguruan egunero biltzen diren kolektibo eta auzokide guztien lan eta elkartasunari esker egingarria da.

 

Era berean, Gasteizko alkatearen adierazpen “arrazista eta xenofoboak” kritikatu eta erasotuak izan diren auzokideei babes osoa eskaini diete. Zentzu horretan, “hiri interkultural, anitz eta solidario” baten alde lan egiten jarraitzeko apustua berretsi dute. Halaber, “indarrez betetako besarkada bat bidali nahi diegu munduko gaztetxero guztiei eta baita autogestio zein asanblearioaren alde lan egiten ari den orori, bereziki Errekaleorreko lagunei”. Azkenik, orain hiru urte preso hartu zuten Ekaitz Samaniego asanbladako kideari “kristonen besarkada erraldoia” helarazi diote. “Elkartasun osoa helarazi nahi diegu presoen senideei, sakabanaketa jasaten duten guztiei eta baita epaiketen zain dauden gazte orori ere”.

 

 

Honen inguruko albiste gehiago:

 

Gasteizko Gaztetxeak 27 urte!

 

Gasteizko Gaztetxeko jaietako egitaraua · 2014

 

‘Bagarela’, Gasteiz Gaztetxearen 25. urteurreneko dokumentalaren abestia

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago