Orotara, izenpetutako dokumentu batean ‘Laguntza Justuagoak’ plataformaren kanpainak sortu duen “nahasmena” eta eragiten duen “manipulazioa” salatu duten apaizak 68 izan dira. Gutxien duten pertsonak babestuko dituen jendarte justuago baten alde agertu dira apaizak; eta haien ustetan, “batzuen gehiegikeriek” ezin dute zilegi den onura batekin amaitu, errenta bermatzeko diru laguntzei dagokienean.
Bestetik, diru laguntzen sinadura bilketarekin lotuta, SER irratiak jakitera eman duenez, Boulebar merkataritza zentroko zuzendaritzak presioak jaso izan ditu larunbatero ‘Laguntza Justuagoak’ plataformak bilketa egiteko mahaiak jartzeko baimena eman zezaten. Alkateak berak gerentzia presionatu zuela adierazi dute eta azkenean, hiru larunbatetan mahaiak jartzea lortu dute. Merkataritza zentroko protokoloan zehaztuta dute honelako lekuak GKE edota elkarte soziokulturalei eskaintzen zaiela; oraingoan, berriz, “alkatearekin polemika ekiditeko” baimena lortzeko ohiko elkarte batek jarraitu beharko lituzkeen izapideak betetzea eskatu zieten.
Kanpaina aurrekoaren harira ere, oposizioko taldeek Marotok Gasteizko Udalaren marka PP alderdiaren aldeko propaganda egiteko erabiltzen ari dela salatu dute. PSEk, EAJk eta EH Bilduk kritikatu dutenez ‘Vitoria-Gasteiz. Green Capital!’ marka erabili dute, besteak beste, tranbian jarri duten irudi erraldoian. Alta, PPren iritziz ‘Vitoria-Gasteiz. Green Capital!’ marka ez da soilik instituzionala eta horren “erabilera publikoa” defendatzen dute. Honen inguruko txostena eskatu dio gaur goizean EH Bilduk Ogasun Batzordeari.
Honen inguruko albiste gehiago:
Patxi Gomez Laguntza Justuagoak plataformako bozeramaileak kargua utzi du, iruzurraren susmopean
Diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten etorkinen baldintzak gogortzeko 30.000 sinadura nahi ditu Marotok