Amaitzean gasolindegian sartu naiz eta beltzez jantzitako gizona hurbildu da. “Cuánto echamos?” “Llenamos porfa” Korrikaren kartela atean; kapitalismoz lortutako kalitate bikaineko berokia darama, herriaren eskariz “Euskal Herria” eta armarri ederra serigrafiaturik; “hemendik ez da pasako Korrika ezta?” Ederki ulertu eta badoan bitartean “No” erantzun dit hatza astinduz. Kafetegian zegoen gasolindegiko langileari andela betetzen ari dela esan eta lekua utzi dio.
Uniformedun neska eta biok ordaintzeko etxolara sartzen ari garela “con tarjeta?” eta nik “bai” bat sartu dut. Barruan gaudela “ederki, sartu hemen pina mesedez”... nik “listo” berak “oso ondo, eskerrik asko” “Bai, agur” NORMAL bat esan eta atera naiz.
Tarteka izaten dira horrelako harreman bereziak. Motzak, lehenbizikoak, harremana euskaraz izateko negoziaketak. Eta biok euskaraz nahi dugula ikustean, elkarri opari hori egiten diogula ohartzen garenean, batzuetan une zoriontsua izaten da! Konplizitate moduko bat, ezezagun ziren biren artean, bat-batean. Baina kotxean sartu eta ohartu naiz sarritan horri eutsi egiten diodala. Agur normala esaten dudala: nik euskaraz bizi nahi dut eta kitto; ez dizut ezer eskertu behar eta ez dut nahi zuk niri ezer eskertzea; gasolina hartu eta banoa. Ze gauza! Sarritan egin dut hori eta gaur konturatu naiz! Euskaraz zoriontsu ez bizitzeko eskubidea aldarrikatzen ibili naizela dirudi.
Kanpezutik behera (edo gora?) nentorrela Ataurin autoa bazterrean gelditu eta aspaldi ikusi nahi nuen etxe batera hurbildu naiz. Ze goxo bizi behar den, arrokan sartuta.
Egilea: Mikel Gartzia