Pertsiana beheraino jaitsita dago Gasteizko Korreria kalean orain arte izan duen Tissue dendan. Itxita, ibilbide berri bat irekitzeko. Handik ez urrutiegi, gaztetatik erreferentzia izan duen Glamm dendan da elkarrizketa. Bertan erakusten ditu bere lanik zaharrenak eta berrienak Sylvie Miralles jabe eta bidelagunak. Solasaldia, lurrean eserita. Grabagailua, alfonbran, biei ihes egiten dien malkoen soinua ezin grabatu.
Zorionak.
Eskerrik asko.
Ez zenuen espero.
Ezta inolaz ere.
Saria eta gero, telefonoa bero-bero duzu? Proposamen berri ugari jaso dituzu?
Deiak hirukoiztu dira, bai. Proposamen berriei dagokienez, proiektu interesgarriren bat proposatu didate, baina oraindik goiz da sariaren eragina neurtzeko.
'Frágil' (hauskorra) deitu zenion saritutako bildumari. Nolakoa da?
Nire bizitzaren momentu pertsonal batetik jaiotako bilduma da. Aurreko urtean Siete izeneko bildumarekin desfilatu genuen nire kide ohiak eta biok Madrilgo Cibeles pasarelan, eta bertan sentitu nuena adierazi nahi izan nuen: bilduma bat egiteak lan asko suposatzen duela, eta gero oso azkar pasatzen dela desfilearen momentua, hamabost minututan; hainbeste ordu eta ahalegin handiaren ondoren, hori guztiak ordu laurdenean ihes egiten dizu; sentsazio oso polita eta tristea da aldi berean. Zenbat lan hain denbora gutxirako, pentsatzen duzu, eta laster ari zara hurrengo bilduman pentsatzen. Ideia horretatik jaio zen Frágil. Gero, gainera, niretzat aldaketa handiko urtea izan da, maila pertsonalean eta profesionalean. Hori guztia jatorrizko ideiari batu zaio, eta azkenean, desfileak nire bizitzako momentu pertsonal bati buruz hitz egiten zuen, aldaketa handiko momentua.
Aldaketei buruz ari zarela... Lehen aldia da bilduma zuk bakarrik aurkezten duzuna. nola aldatu da lan egiteko prozesua?
Beti arduratu izan naiz ni sormen lanaz eta, beraz, zentzu horretan ez dut aldaketarik nabaritu. Nire kide zen Patricia Blazquezen gabezia beste zentzu batean antzeman dut: lehen, berarekin konpartitzen nituen nire zalantzak eta burutik pasatzen zitzaidan guztia; hor hutsunea nabaritu dut, baita alderdi teknikoan ere, bera inplikatuagoa zegoelako horretan. Edonola ere, oraingoan ez dudanez lan hori beste inoren esku utzi, nireago egin dut bilduma.
Madrilgo desfilean, Gasteizko artistek parte hartu dute zurekin, musika egiten eta dantzatzen. Zer eginkizun izan dute?
Oinarrizkoa. Desfile batean, jantzien diseinuez gain inportantea da ere musika, eta kasu honetan, dantza ere. Bilduma honek dantza eskatzen zuen, eta Naiara Rojo dantzari gasteiztarra arduratu da horretaz. Pasarelan, nire islada izan da; Maria Cleren papera egin du. Bestalde, Koldo Uriarte musikari ikaragarriak parte hartu du ere. Haiei esker, emaitza infinituki hobea izan da.
Madrilen ikasi zenuen, baina gero Gasteizera itzuli zinen. Zer aurkitu zenuen hemen, hiri handiak ez zuena?
Maila profesionalean, aukerak Madrilen daude. Ni arrazoi pertsonalengatik etorri nintzen, lagunak eta familia gertu izateko eta nire tailerra irekitzeko aukera izan nuelako.
Gasteiz txiki geratzen al da modaren munduan hazteko?
Ez da Gasteizko kontua bakarrik: hiriburu handia ez den edozein hiri geratzen da txiki moda munduan hazteko. Hilabeteak daramatzat Madril eta Gasteizen artean, eta bilduma honen ondorioz, planteatu dut Madrilen gehiago egotea, nahiz eta nire hirian oso presente egoten jarraitu nahi dudan ere.
Gasteizko zer tailer edo denda gomendatuko zenioke modazale amorratu bati?
Glamm, dudarik gabe [bera eta jabea hunkitzen dira]. Bezero izan nintzen jabearen laguna izan baino lehen. Azken hilabeteetan nire ondoan izan dut Sylvie, eta mundu honetan hastea erabaki nuenean, moda ikasketak egitera eta Madrilera joatera animatu ninduen. Gero, nire tesia jarraitu zuen, nire lanak lehen aldiz erakutsi zituen dendan... Modu berean ulertzen dugu moda.
Aukera gehienak hiri handietan egon arren, hemen ba al dago talentu eta mugimendurik?
Ez da Gasteizko arazoa. Mundu hau oso zaila da, eta asko mugitu behar zara. Nazio mailan eta Europa mailan proiekzioa duten pasarelak dauden hirietara joan behar zara. Ondo dago hemen bizitzea eta, aldi berean, hemendik kanpo asko mugitzea; ni horretan nabil. Hemen, M-Class-eko Jose Carlosekin lan egin izan dut, adibidez. Patroigile oso ona da. Diseinatzaile moduan, Susana Perez dago ere. Gauza da, ez bazara hemendik irteten, bertan baino ez zaituztela ezagutzen, eta behar duzu kanpoan ere aurpegia jartzea, kontuan har zaitzaten, lehiaketetara aurkeztu, kanpoan ikasi, kanpotik datorrenaz busti, beste diseinatzaile batzuen lana ezagutu... Nik azken zazpi urte hauetan asko faltan bota izan dut hori. Elkartu izan naiz oso jende sortzailearekin, artearen, diseinu grafikoaren eta argazkiaren esparruetakoa, baina ez modakoa.
Bakarrik sentitu izan zara?
Bai, zentzu horretan bai. Faltan bota izan dut beste diseinatzaile batzuekin nire eromenak konpartitzea, ehunekin esperimentazioak elkarbanatzea, egunero dituzun zalantzei buruz hitz egitea. Hau komertziala al da? Jantzi daiteke? Mota horietako ezinegonak.
Zein izango da zure hurrengo puntada?
Desfile honen ondoren, Europako zein hiritan desfilatuko dudan pentsatzen ari naiz. Agian Amsterdam izango da, baina oraindik ez da ziurra. Horrez gain, beste gauza askorekin nabil, adibidez ilustrazioekin, nire moda lanarekin beti oso lotuta egon direlako. Ilustrazioa nire mundua da, nire adierazteko modua, eta edozein euskarritan erabiltzen dut, berdin ehunetan edo paperean. Duela gutxi ere Gasteizko irudi berria aurkeztu dugu Fiturrerako, eta ezin izan dut dastatu.
Esaldi hauxe duzu zure webgunean: 'bizitza ez dugu den moduan ikusten, garen moduan baizik".
Jakina...
nola ikusten duzu zuk?
Nik ez dut bereizten egiten dudana eta naizenaren artean. Asko kostatzen zait galdera horri erantzutea. Batez ere, bilduma honek asko lagundu dit nolakoa naizen deskubritzen, bakarrik egin dudalako eta oso biluzik sentitu izan naizelako. Gauza asko deskubritu ditut niri buruz. Gauza onak eta ez hain onak. Noski, onak direnak indartzen saiatu naiz. Nire buruari zor nion bilduma izan da. Sariaz harago, sentitu nuena bakea izan zen. Nire buruarekin bake handia.
Noiz jakin izan zenuen moda zela zure bokazioa?
Beste batzuek deskubritu zuten nik baino lehenago. Txikitan, nire ama eta nire izebak elkartu ohi ziren arropa elkar trukatzeko, eta ni, lau urterekin, kuxkuxeatzen eta aholkua ematen aritzen nintzen, kontatu didatenagatik. Hasieran, Arte Ederrak ikasteko asmoa nuen, moda ikas zitekeenik ere ez nekielako; deskubritu nuenean, pentsatu gabe joan nintzen, eta etxean esan nuenean inor ez zen harritu. Gerora, nire birraitona sastrea izan zela eta nire aitonak Madrilgo Hortaleza kalean jostundegia izan zuela jakin izan nuen. Jakin gabe ere, familiatik zetorkidan bokazioa.
Nola gogoratzen dituzu zure lehenengo diseinuak? Haietatik zerbait geratzen al da gaur egungo lanetan?
Ilusioa. Gogoa. Hori mantendu ahal izateko borroka egin dut, jendeak pentsa dezakeena baino askoz ere lanbide sakrifikatuagoa delako hau, eta oso lehiakorra. Moda ikasten hasi nintzenean, argi izan nuen nire marka propioa egin nahi nuela, eta hamar urte ondoren ilusio indarberritua dut. Gogo hori nire lehenengo eta azken diseinuan dago.
Erraza izan al zen modan aurrera egitea?
Ez.
Non aurkitu zenituen oztopoak?
Leku guztietan. Urte hauetan guztietan ez dut sentitu momentu erraz bakar bat ere egon denik edo gauzak lehen saiakeran lortu ahal izan ditudanik. Ahalegin handia egin behar da, ehunak erosteko, enpresek zu serio hartzeko... Gainera, herrialde honetan 45 urterekin ere diseinatzaile gaztea zara... eta zaila da sektoreak zu serio hartzea eta zure bildumak zuk nahi duzun dendetan egotea. Ez dut uste mundu honetan erraza den ezer dagoenik.
Zer aholku emango zenioke hasi nahi duen norbaiti?
Lana eta lana. Iraupen-lasterketa bat da. Ondo maite duen jendez inguratzeko, aholku onak emango dizkiona, batzuetan entzun nahi ez duena ere esango diona... Eta, batez ere, nor bere buruarekin oso zintzoa izatea.
Non diseinatzen duzu? Leku kuttunen bat daukazu, ala aldatzen zoaz?
Aldatzeko beharra dut. Normalki, beti lan egiten dut isilik, musikarik eta zaratarik gabe. Mundua hor dagoela ere ahazten dut. Diseinuren bat egin behar izan dudanean, inoiz ez dut tailerrean lan egin, erraz despistatzen naizelako. Gainera, mozten banaute, gaizki ere hartzen dut... Leku oso-oso lasaiak behar ditut. Gustatzen zait nire rotulki eta ehunak barreiatzea, eta gero, oso nekatuta nagoenean, kafe bat hartu eta berriro ordenatzea, ezer gertatu izan ez balitz bezala. Momentu hori normalki ez dut beste inorekin konpartitzen.
Zeintzuk dira zure erreferentziak modaren munduan?
Zein esparrutan? Dendak, diseinatzaileak...
Diseinatzaileak...
Balenciaga. Uste dut edozein diseinatzailerentzat erreferentzia dela. Bestalde, lekutxo bat lortzeko borrokan ari direnen artean, asko baloratzen dut Pepa Salazarren lana, Juan Vidalena... Diseinatzaile oso ezagunen izenak aipatu nitzakeen, baina uste dut beste asko daudela, ez hain ezagunak, kontatzeko gau- za asko dituztenak.
Pasarelan eta kalean ikusten duguna oso ezberdina izaten da. Hala izan behar al da, edo gehiago gerturatu beharkolirateke bata eta bestea?
Diseinatzaile bakoitzak bere erara ikusten ditu: batzuk jantzi komertzialagoak egiten dituzte, beste batzuk jantziezinak diren diseinuak... Pasarela zer den ulertu behar dugu: jantziak, espaktakulua, sormena... Guzti horien nahasketa bat. Askorentzat, aukera bat da normalean urtean zehar egin ezin dutena egiteko: jantzi ikusgarriagoak, agian gero kalean ezin daitezkeenak jantzi baina horietako zerbait kaleko diseinuetara eraman dezakezuna, adibidez ehuna, edo estanpatua, edo oinarrizko lerro batzuk. Jende asko asaldatzen da, esanez hori ezin daitekeela kalean jantzi: ba noski ezin dela kalean jantzi! Seguraski helburua hori ere ez delako. Helburua, imajinatzen dut, jendeari amets eginaraztea da, arropaz harago joatea... Gero, badago denbora pasarelan agertzen diren ideiak lantzeko, komertzialagoak izan daitezen. Diseinatzaile bezala, pasarela opari bat da, aukera bat zure egunerokotasunetik irten eta harago doan zerbait erakusteko.
Zure diseinuek eta zure janzteko moduak badute zerikusirik?
Gero eta gehiago. Nire egunerokotasunagatik, bakero batzuk, jertse eroso bat eta zapatilak dira egokiena, tailerrean egon behar naizelako, edo leku batetik bestera eta ehunak probatzen. Baina adibidez kamiseta bat janzten dudanean, gustatzen zait nire ilustrazio bat izatea, ulertzen dudalako marrazki horrek zer esanahi duen. Orain, gainera, nire marrazkiekin puntua egiten ari naiz eta gogoa dut kuxin horiek egongelan izateko edo bilduma horretako jertseetako bat janzteko. Nire jantzietako batzuk egunero janzteko dira, eta beste batzuk, egoera jakin batzuetarako.
Jantzien merkatua multinazionalen esku dago. Zein da artisauen lanaren lekua?
Lan hori balioan jartzeko momentua da. Gero, ez dagoenean, eskuak burura eramaten ditugu. Sektore hau zaintzeko apustua egin behar dugu; zaintzea esan nahi du artikulu horiek erostea, berdin dio poltso bat edo beroki bat. Bestela, galtzen joango da. Marka ertain-handi bateko diseinatzaile bat ezin da eskala handian lehiatu, atzerrian eta eskulan askoz ere merkeagoa baliatuz ekoizten duen enpresa handi batekin. Diseinatzaile bezala zure apustua baldin badira kalitatezko ehunak, diseinu zainduak, ekoizpen mugatua eta prozesu guztia kontrolatu ahal izatea, kostuak ez dira besteekin konparagarriak. Beste publiko bat da, beste jantzi mota bat; beste gauza bat, ezberdina. Agian kontzientzia hartu behar dugu, ez dugula denboraldiro armairu osoa aldatu behar, baizik eta nahi bezainbeste erabili dezakegun jantzi bat izan, hamar urte ondoren berreskuratu dezakeguna.
Nola ikusten duzu zure burua hemendik urte batzuetara? Zerekin amesten duzu?
Ez dut handinahirik. Egiten dudanarekin bizi nahiko nuke, eta irekita nago nire burua gaindiaraziko didan edozein proiektura. Ilusio ikaragarria egiten dit kaletik noanean nire jantzi bat ikusteak. Detaile horiekin konformatzen naiz. Ez da nire nahia ekoizpen izugarri handia duen marka bat izatea, besteak beste neurri batean naizenaren eta adierazi nahi dudanaren esentzia galduko litzatekeelako.
Orokortzea arriskutsua da, eta janzteko modu ezberdin asko daude Gasteizen, baina ausartzen al zara gasteiztarron janzteko moduei buruz zerbait esatera?
Ondo janzten duen hiria garela uste dut. Janzkera soila dugu, apaindura handirik gabekoa oro har, eta kolore ilunetara jotzen dugu. Kolorea osagarrietan eraman ohi dugu. Euskadin, orokorrean, ondo janzten da. Gainera, erreferentziazko diseinatzaileak ditugu, bere aztarna utzi dutenak. Agian batzuetan pixka bat gehiago arriskatzera ausartu beharko ginateke.
Egilea: Itsaso Estarrona, Alea