Labetik atera berri da Non Fire diskoa...
Bai. Orain dela bi urte lagun taldea elkartu ginen eta maketa grabatu genuen, zarata ateratzeko. Inork ez zuen espero diskorik. Baina, aukera sortu da eta hemen gaude Non Fire diskoarekin. Lagun baten disko etxean grabatu dugu eta sinplea baina profesionalagoa da. Lan txukuna egin dugula uste dugu; pozik gaude emaitzarekin.
Oraingoan zer topatuko dute Astalaporen jarraitzaileek?
Berrikuntza esanguratsuena da gaita sartu dugula, Astalaporen filosofia galdu gabe; ondo pasatzea da oinarria. Musika estiloari dagokionez, maketan bezala, oraingoan ere ez dugu estilo zehatzik jarraitu; burutik ateratzen zaiguna egiten dugu, baina egia da gaitarekin beste ukitu bat eman diogula lanari. Bestalde, kantuak bi motatakoak dira: parrandarako deia egiten dutenak, batetik; eta kritika sozialean oinarrituta daudenak, bestetik. Denera, hamar abesti daude lan berrian.
Disko berrian kolaborazioak ere izan dituzue ezta?
Hala da. Iñigitok (Txapelpunk), Pellok (Eskean Kristo), Iñigok (ETS), Andonik (The Gratix), Ikerrek (Herrikadak), Goizak (Boot Boys) eta De Bar en Bar taldekoek parte hartu dute. Bakoitzak bere ukitua eman die abestiei.
Non dago diskoa salgai?
Izarrako tabernetan, Ubideko Herriko tabernan, Zuiako gaztetxean, Legutioko Amalur tabernan eta Gasteizko Txapelarri eta Aketegi tabernetan. Bost eurotan daude salgai.
Eta orain zuzenekoak...
Bai. Horixe da, hain justu, taldeari gustatzen zaiona. Dagoeneko hasi gara birarekin.
Astalapo taldearen diskoa eta kamiseta zozketan
Urkabustaizko Astalapo musika taldearen diskoa eta kamiseta eskuratu nahi al dituzu? Bidali zure izen-abizenak apirilaren 5a baino lehen eta zozketan parte hartu!
Whatsapp: 625 231 603
Twitter: @arabakoalea edo @hirinet
Emaila: erredakzioa@alea.eus
Egilea: Mirian Biteri, Arabako ALEA