Auzoetako uzta

hirinet 2015ko mar. 19a, 01:00

Salburuan eta Zabalganan baso jangarria eta hiri ortu ekologikoa egiteko proiektuak abiatu dituzte auzokideek. Orain, Udalaren zain daude, lanabesak hartu eta lehen haziak ereiten hasteko.

Tomateaketa auzolana; intxaurrak eta jasangarritasuna; baratxuriak eta heziketa; gereziak eta aldaketa. Barazki eta frutekin batera, bestelako bizitza eta gizarte eredua erein nahi dituzte Zabalganako auzo ortua eta Salburuako baso jangarria proiektuak abiatu dituzten auzokideek. Etxe berrien errenkadetan barrena, neurrigabeko etorbideen arnasbideetan, erabilpenik gabeko partzela hutsei bizia emateko haziajarri dute.

 

Duela lau urte jaio zen Zabalganan hiri ortu bat sortzeko ideia. "Inmersiones izeneko arte ekimenaren baitan, baratza sinboliko bat jarri zuten hainbat hiritarrek auzoan, letxuga eta guzti, ortuak zerbait ederra eta artistikoa izan daitezkeela irudikatzeko". Juan Ibarrondok azaldu duenez, ideia hartatik abiatuz erabaki zuten hainbat auzokidek ortu proiektu bati ekitea. Zabalortu elkartea sortu, eta lanari ekin zioten.

 

Hasieratik argi izan zituzten zeintzuk izango ziren egitasmoaren ezaugarriak: autogestioa, nekazaritza ekologikoa, kontsumo eredu osasungarria eta auzotik auzoarentzat egindako proiektu komunitarioa. "Abetxukun eta Olarizun badaude ortuak, baina guk zerbait ezberdina egin nahi genuen, ez hobea ez okerragoa, baina ezberdina. Auzokideentzat topagune bat sortzea eta hiri eredu ezberdina bultzatzea da ekimenaren asmoa".

 

Alternatibak eraiki nahi dituzte Gasteizek izan duen hirigintza ereduaren aurrean. Izan ere, "hiria handitzeko egin ziren okerreko plangintzek eta etxebizitza-burbuilak ondorio kaltegarriak izan dituzte, eta auzo berriak egin diren moduagatik, eremu asko hutsik geratu dira, zonalde ezberdinak josi gabe utziz". Horren aurrean, hutsune horietako bat betetzeko modu bat izango da Zabalganako auzo ortua, Iruña-Veleia, Salvador Dali eta Naciones Unidas kaleen artean kokatuta dagoen 4.000 metro karratuko udal-partzela batean.

 

Bertatik, "hiria ulertzeko filosofia berri bat sustatu" nahi dute, Alicia Lopez de Munain Zabalortuko kidearen hitzetan, eta horrekin batera, "nekazaritza ekologikoari bultzada eman", modu jasangarri batean ekoiztutako bertako eta sasoiko produktuak sustatuz.

 

Berrogeita hamar ortu

Interes handia piztu du ekimenak auzoan. Ia berrehun bazkide ditu Zabalortu elkarteak dagoeneko, eta hirurogei pertsonatik gora joan ohi dira egiten dituzten batzarretara. Guztira, berrogeita hamar baratza egongo dira. Horietako sei, ehun metrokoak, auzoan lan egiten duten elkarteentzat, tartean ikastoletako guraso elkarteak, garuneko paralisia dutenen Aspace elkartea, ikusmen arazoak dituztenen Itxaropena taldea eta giza garapen jasangarriago baten alde lan egiten duen Desazkundea kolektiboa. Gainerako lur zatiak, berrogeita hamar metrokoak, taldeetan antolatutako norbanakoentzat izango dira. Jorge Intxaurbek zehaztu duenez, "gutxi gorabehera, ortu horietako bakoitza bost pertsona inguruko talde batentzat izango da". Era horretan, auzolana sustatu eta inor baratzarik gabe geratzea saihestu nahi dute.

 

Modu asanblearioan antolatuko dira, batzar bidez. Orain arte egin duten bezala, erabiltzaileak aldian-aldian bilduko dira, erosketa kolektiboak, mantenua, garbiketa lanak eta bestelako jarduerak elkarrekin antolatzeko. Uzta biltzeaz harago doan proiektua izanik, hainbat jarduera antolatuko dituzte auzoan. Ideiak ez zaizkie falta. "Besteak beste, tomateak ontziratzeko saioak, energiari buruzko hitzaldiak, baratzan kontzertu akustikoak eta elikadura burujabetzari buruzko jardunaldiak antolatuko ditu Zabalortuk", Alicia Lopez de Munainek ilusioz iragarri duenez. Ilusioz... eta ezinegonez, Udalaren zain egoteaz "aspertu samar" baitaude.

"Ez dakigu zeren zain dauden. Hauteskundeak, agian? Proiektua sei hilabetetan idatzi genuen, eta ortua prestatzeko lanak bi hilabetetan amaitu dira". Kexu dira, esperoan. "Begira nola dagoen lurra, bigun eta heze, gure zain. Ea udaberrirako landatzen hasi gaitezkeen".

 

Salburuan, fruta-arbolak

Salburuan ere Udalaren zain daude Basalburu elkarteko kideak. Duela bi urte hasi ziren lehenengo auzokide-bilerak egiten, 2013ko ekainean. Gijon, Aviles eta Guadalajarako proiektu batzuen aztarna jarraituz, hasieratik egin zuten baso jangarri baten aldeko hautua. "Fruta-arbolak, senda-belarrak eta usainbelarrak landatzea erraza da; baratzetan ez bezala, ez da lursaila zertan partzelatu behar, aukera merkeagoa da eta mantentze-lan txikia eskatzen du", Maxi Portillak azaldu duenez.

 

Ur-hornidura eta lanabesak gordetzeko etxolatxo bat besterik ez dute behar izango. Etxetxoan, jarraipen-liburu bat izango dute, auzokideen artean basoko lanak koordinatzeko, eta Zabalganan bezala, udal-lursail bat baliatuko badute ere, proiektu autogestionatua izango da, aldizkako batzarren bidez antolatuko dutena.

 

Hesirik ez

Oraindik ez dakite non egongo den basoa. Udalari partzela eskaera egin diote, baina oraingoz ez dute erantzunik. Behin orubea dutenean, gune ezberdinak prestatu nahi dituzte, Pili Varelak azaldu duenez: "Umeentzat heziketa eremu bat eduki nahiko genuke, eta moduren batean edo bestean, agureen ezagutzak balioan jartzeko aukerak sortu; bestalde, landare ezberdinen arabera antolatuko dugu basoa, batzuk beste batzuentzat onuragarriak direla baliatuz".

 

 

Partzela dena dela ere, ez dute hesirik jarriko, "edonor sartu ahal izateko frutaren bat jatera edo basoaz disfrutatzera". Izan ere, "helburuak uzta jasotzeaz harago doaz". Auzokideen bilgune bat sustatu, pertsonen arteko elkarlana bultzatu eta zonaldearen biodibertsitatea aberasteaz gain, hutsik dauden lursailei balioa eman eta kontsumo eredu jasangarriak sustatu nahi dituzte.

 

Horretarako, ekintza osagarriak antolazen dihardute: fruta-arbola ezberdinak ezagutzeko txangoak, haziei buruzko tailerrak, inausketa saioak eta auzoko jaietan zuhaitz-landaketak, esaterako.

Horrelako jarduerek mantentzen dute taldea bizirik. Izan ere, Marisol Amboagek nabarmendu duenez, hasieran berrogei lagun inguru gerturatzen ziren Salburua Burdinbide auzo elkarteko lokaletan egiten dituzten batzarretara, baina egitasmoaren epeak luzatzen joan ahala, bileretan parte hartzen duten lagunen kopurua murriztuz joan da. Edonola ere, behin basoa landatzeko prest dagoenean, auzokide gehiago hurbilduko direla ustedute.

 

Itxaronaldi luzea

Badute gogoa sagarrondoak, aranondoak, intxaurrondoak, hurrondoak, ezkaia eta erromeroa bezalako zuhaitz eta belarrak landatzen hasi ahal izateko. Landaketa neguan egin behar dela kontuan hartuta, datorren ikasturterako lursaila edukitzea espero dute, itxaronaldia luzeegi egiten ari baitzaie. "Green hiriburuak horrelako ekimenak erraztu beharko lituzke, ez da?". Sentsazio horixe bera dute Zabalganan, Alicia Lopez de Munainek adierazi duenez: "Hiriburu berdea izatea ez da makillaje soila izan behar; nola da posible Udalak auzokideen parte-hartzea bultzatu nahi izatea, eta gero hau bezalako parte-hartze proiektu batekin zer egin ez jakitea?". Hazia ereinda dago.

 

Egilea: Itsaso Estarrona, Alea

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago