Jasangarritasuna, osasuna, heziketa, komunitatea, kontsumo eredua aisialdia... Zerk izan du pisu handiagoa Gasteizko hiri baratzen areagotzean?
Guztiek izan dute eragina. Guztiak daude lotuta elikadura arloko alternatibekin. Eredu nagusian, elikadura gure aurrekontuarekin lotzen dugu, elikagaietan gastatu ahal dugunarekin; aldiz, elikadura alternatiba hauekin, agerian gelditzen da gaia askoz konplexuagoa dela, eta aukeratzen ditugun elikagai horiek ondorio oso zabalak dituztela: eragina dute gure osasunean, ingurugiroan, eredu ekonomikoan, lurralde antolamenduan, landa eremuan... Horrekin lotutako kontzeptuak zabaltzeko oso aproposak dira baratze ekologikoak.
Hau da, baratzen bidez errezago konturatzen garela gure elikadura ohiturek dituzten eraginez, supermerkatuan baino...
Hori da. Supermerkatura joanez gero, sasoikoak ez diren elikagaiak aurkitu ditzakezu; edozer barazki edo fruta eros dezakezu udan zein neguan. Ondorioz, naturak dituen zikloen ezagutza galdu dugu. Baratzean, aldiz, segituan ikusten da zer hazten den noiz. Modu horretan, erraz konturatzen gara hemengo negua luzea dela eta gauza asko eskuraezinak direla garai batzuetan, ez baditugu Txiletik edo Hegoafrikatik ekartzen, milaka kilometroko ibilbideak egin eta gero. Informazioaren gizartean gaude, baina galdu dugu sasoiko elikaduraren ezagutza. Beste garai batean, edonork zekien abuztuan edo urtarrilean zer jan zitekeen.
Zein izaten da hiri baratze batean hasteko motibazioa?
Motibazio ezberdinak daude. Horietako bat hauxe da: elikagaiei buruz gehiago jakitea eta, modu horretan, naturaren zikloarekin dugun loturaz jabetzea. Umeetan, adibidez, ikaragarria da zer gustura jarraitzen duten ziklo osoa: hazia erein, gertatzen dena arretaz jarraitu eta, baldin badago, uzta jaso. Zaila da motibazio guztiak identifikatzen, baina badago kasu gehienetan gertatzen den zerbait: segituan konektatzen dugu naturaren zikloarekin, lotura hori aurretik galduta genuen arren.
Nolabait, beraz, gure natura izaerarekin konektatzeko aukera bat dira...
Bai, elikadura naturaren zikloaren parte bat delako, eta baratzeekin, gu ere ziklo horren parte sentitzen garelako.
Hiri ortuen artean eredu asko daude: udalarenak, norbanakoenak, auzokide edo elkarteek kudeatutakoak...
Lehentasunak ezberdinak izan daitezke kasu bakoitzeko, baina badago zerbait guztiek konpartitzen duten zerbait: sentsibilizaziorako eta ingurumenarekiko ardura lantzeko oso aproposak dira. Ekologikoak izanda, gainera, kontzientzia hartzen da lurra zaindu behar dela, uraren kontsumoa neurtu, elikagaiak hautatzerakoan irizpide batzuk jarraitu... Alfabetizazio modu bat da ere.
Alfabetizazioa aipatu duzula... Nola da posible gure aiton-amon gehienak landa eremuan bizi eta gero, gure belaunaldiek horren inguruko ezer ez jakitea?
Industrializazioarekin gertatutako eraldaketaren eragina da. Baloreak aldatu ziren, eta landa eremua iraganarekin eta atzerapenarekin lotu zen. Landa eremuak baliorik ez zuela eta onena hirietan zegoenaren ideia zabaldu zen. Orain, hori guztia birpentsatzeko momentua iritsi zaigu. Benetan horrek ez zuen balorerik? Benetan al da desiragarria gure inguruko landa eremuan nekazaririk eta abeltzainik ez egotea? Kasu horretan, nondik ekarriko ditugu elikagaiak? Profesionalak gero eta zaharragoak dira eta, oro har, nekazaritzarena ez zaigu lanbide erakargarri egiten. Zer uste dugu, Hegoamerikan edo Marokon beti egongo dela jende mota bat gu hornituko gaituena?
Birpentsatzeko galdera asko....
Bai. Bestetik, gainera, lurralde antolaketarekin lotutako gaiak daude: hirigintza, azpiegiturak, makroazpiegiturak... Errepideek lehentasuna izan dute lurraldea antolatzeko orduan, eta zilegi ikusi da nekazaritza edo abeltzaintzari espazioa kentzea. Industrializazioak lehentasun horiek markatu izan ditu.
Zer berezitasun ditu baratze ekologiko batek, ekologikoa ez denarekin alderatuz?
Ez dela sintesi kimikorik erabiltzen: ez pestizidarik, ez fungizidarik... Transgenikoak ere ez dira erabiltzen, eta ureztatzea asko zaintzen da, ahalik eta ur gutxien erabiltzen, uraren zikloa ulertuz, arduratsu jokatuz eta lurra bera zainduz.
Araban noiz hasi zen hiri baratzeen mugimendu hau guztia, eta zer bilakaera izan du?
Berez, hiri baratzeak ez dira inoiz desagertu. Gasteizen, galdetuz gero, edonork kontatuko dizu San Martinen edo beste edozein auzotan lehen baratzeak baino ez zeudela. Hiria eta landa eremuaren arteko trantsizio horretan, hiri baratzeak oso ohikoak izan dira beti. Gaur egungo berritasuna da hiri baratzeak bestelako baloreekin lotzen direla, eta balio zaizkigula birpentsatzeko gure elikadurak zer eragin duen ingurumenean, osasunean, eredu ekonomikoan eta lurralde antolamenduan.
Gasteiz 'Green' hiriburua izanda, nahikoa ezagutza al dago hiri ortuen inguruan?
Askoz gehiago egon daiteke, eta beharrezkoa da, elikadura birpentsatu behar dugulako. Adibidez, uraren kontsumo arduratsua bultzatzeko, Gasteizko Udalak estrategia bat izan zuen. Gauza bera behar dugu elikadurarekin, baina oraindik asko falta zaigu horraino iristeko.
Gasteizek elikadura estrategia bat izan beharko luke?
Bai, eta hiri baratzeak oso esparru aproposak dira hori ulergarri egiteko eta motibazioa pizteko.
Instituzioek nahikoa babesten eta suspertzen dituzte mota hauetako ekimenak?
Oraindik ere askoz gehiago egin daiteke. Araudia ez dago pentsatuta gauza hauetarako, berritzaileak direlako. Oztopo asko dago araudien aldetik, tramite asko, teknikariek ez dituzte asmo horiek ulertzen eta buelta asko ematen dizkiete proposamenei. Lan asko egin behar da teknikariak kontzientziatzeko eta prozesu hauek erraztuko dituen araudi berri bat egiteko.
Etorkizunean uste duzu joera hau areagotuko dela, ala gutxiengo baten esparrua izango dela?
Desiragarria da ugaritzen joatea. Detroiten, adibidez, desindustrializazio bortitza egon zen, eta izugarri ari dira hedatzen hiri baratzeak, alternatibaren osagai inportantea direlako. Gizarte honetarako prestatu behar dugun alternatiba horretan, hiri baratzak oso inportanteak izango dira. Betiere, nekazaritza profesionalarekin lotuta, ez garelako autosufizientzia lortzeaz ari, ez dugulako nekazaritza profesionalaren desagerpena nahi; are gehiago: bertako nekazarien lana balioan jartzeko balio dezakete baratzeek.
Irakurleren bat animatzen bada, nondik hasi daiteke?
Gasteizen aisialdirako baratza asko daude, eta auzoetako ekimenak, eskoletako ortuak, gizarte-etxeetakoak... nonbaitetik hastea da kontua.
Egilea: Itsaso Estarrona, Alea