Geu elkarteak etapa bat itxiko du eta berri bati ekingo dio, Iñaki Martinez de Lunak (Gasteiz, 1950) lehendakaritza utzi eta hurrengo bati lekukoa pasa ostean. Elkartea jaio zenetik, 1992. urtean, uzta oparoa utzi du bidean eta hemendik aurrera ere abian dituen egitasmoekin jarraitzea nahiko lukeela adierazi du eta, besteak beste, egitasmo multimedia sendotzea.
Euskal Herriko Mintzalagunik handiena, Hirinet ataria, Alea aldizkaria, Geurekin Mendira taldea... Hamaika egitasmo ezagun egin ditu Geu elkarteak, baina Geu elkartea bera bigarren planoan geratu dela dirudi...
Geu beti egon da bigarren edo azken planoan. Ziurrenik euskalgintzako elementuak eta eragileak nahikoa ezagunak ez direlako, ia ezezagunak direlako. Hori seguru asko euskalgintzako hainbat eragilerekin gertatuko da, mundutxo horretatik kanpo inor gutxik ezagutzen duela. Komunikazio premia bat dago eta gizarteratze premia bat. Geu ezagunagoa izatea beharrezkoa da, elementu erreferentzialak behar dituelako euskalgintzak, eta euskaltegiak diren moduan elkarteek ere erreferente izan behar dute.
Astelehenean utzi behar duzu lehendakaritza. Zein izan da arrazoia?
Lau urte izan dira zuzendaritzan eta uste dut gauzak garaiz utzi behar direla. Bestalde, oso pozgarria da belaunaldi aldaketa ere badagoela ikustea, horrek lasaitu handia ematen du, zerbait ondo egin genuelako. Esku onetan geratzen da proiektua, eta gainera behar da jendez aldatzea.
Bolada zailak ere izan ditu elkarteak. Nola egin die aurre?
Edozein erakunderen bizitzan badaude gorabeherak. Hainbat dinamika sortu ziren eta gero krisia heldu zen, lantaldeen erreleboetan askotan gertatzen den moduan. Berpizkundea lantalde teknikoan zeudenei esker gertatu zen; kontratupean zeudenek erabaki zuten deialdi berri bat egitea bazkideei eta dinamika berri bat bultzatzea.
Nola uztartzen da kolaboratzaile eta langileen arteko oreka?
Gauzak oso argi eduki behar dira bi dinamika paralelo horiek koordinatuta eta aurrera ongi eramateko. Azkenean elkartearen jabeak bazkideak dira, baina elkartearen pisu osoa daramatenak bulegoko langileak dira, eguneroko arazoei aurre egin eta erantzuna bilatuko dutenak. Bien arteko koordinazioa aurrera eramatea funtsezkoa da.
Hemendik aurrera, Geu elkarteak zein bide hartu beharko luke?
Abian dauden egitasmo horiekin jarraitu beharko luke, dudarik gabe, eta gero gizartea dinamikoa den bezala elkarteak ere dinamikoa izan behar du gizartean agertzen diren premia eta egoera berriei erantzun ahal izateko. Gaur egun, adibidez, komunikazio arloa ez dago erabat lotuta, eta horri eman behar zaio bultzada eta proiektu multimedia izateko pausoak eman behar ditu. Geuk izena eta izana irabazi behar ditu; hasiera batean Gasteizerako sortu bazen, ez dakit gaur egun hirirako bakarrik den edo Araba osorako izan behar duen. Hor presentzia lortu behar dugu.
Erakundeen aldetik babes nahikoa izan du Geuk? eta nolakoa izan da babes hori? Argazkian agertzeko interesagatik soilik horietakoren bat?
Argazki horretatik denok probetxu ateratzen badugu ez zait gaizki iruditzen; txarrena litzateke alde batekoek bakarrik probetxu ateratzea. Eta ez da oso seinale txarra elkarteak zerbait positiboa baduela eta erreferentzialtasun bat baduela ikustea. Bestalde, diru-laguntza nahikoa ez da inoiz izaten, erakundeetan edozein kolore egonda ere. Euskalgintzan dagoen diru premia izugarria da, euskarak diru premia handia du, eta guztien artean lortu behar dugu gizarteak dituen premia guztien artean lehenengo postuetan izatea, eta ez bigarren mailako kontu bat.
Geu elkarteak bete dituen bi hamarkada hauetan nolakoa izan da euskararen bilakaera Araban?
Izugarria izan da, hiztun kopuruaren aldetik eta baita erabilerari dagokionez ere, kopuruetan jasotzea zailagoa bada ere Gasteiz garai batean edo gaur egun ezagutzen dugun guztiok ez dugu dudarik horretaz. Euskara ikasten hasi nintzenean lagunak euskaraz zekien beste batekin elkartu eta "Mira, este sabe euskara, háblale...", esaten zion. Orain beste parametro batzuetan mugitzen gara.
Euskarak beste pauso batzuen premia duela adierazi duzu maiz. Besteak beste, kuotak aipatu dituzu...
Genero gaietan bezala batzuetan beharrezkoak dira kuotak. Kontua litzateke kuota horiek ondo kudeatzea eta horien inguruan adostasuna lortzea; hori izan daiteke zailtasunik handiena kolore politiko guztiak horrekin bat etortzea zaila delako. Hala ere, nolabaiteko neurriak ezinbestekoak izango dira, ez dakit kuotak edo bestelakoak diren. Ez badago gutxieneko presio bat, hizkuntza gutxitu batentzat kontra dauzkan baldintza guztiak erraldoi dira eta suspertzeko helduleku batzuk behar dira. Aurrera egin ahala helduleku horiek ondo finkatu behar dira.
Oihanederrek bizia emango dio euskarari Gasteizen ala hiriko beste lekuetan euskaraz ez aritzeko aitzakia moduan erabiliko dute, Principalen kasu?
Oihaneder bizi-bizi abiatu da. Arrisku hori legoke Oihaneder bera edukiz beteko ez balute, baina ez dago horren arriskurik. Euskara katakonbetan bizi izan da orain arte; egon dira txokoak, girotxoak, dinamikatxoak, baina ez da hiri mailako lekurik irabazi orain arte. Eta orain euskarak Oihanederrekin badu erreferentziazko lekua, eta gainera hiriaren bihotzean; aitortza bat da euskararentzat, bai erakundeen aldetik, bai hiritarren aldetik ere. Orain komunikazioa dator; edukiz beteta, hori gero ondo komunikatu behar da, euskaldunei eta erdaldunei, eurek ere jakin dezaten euskarak baduela leku inportante bat.
Martxoaren 8aren harira, emakumeen eta euskal hiztunen aurkako zapalkuntzek antzekotasunak dituztela nabarmendu dute hainbat adituk. Euskalgintzak feminismotik ikas dezakeela uste duzu? Zer antzekotasun dituzte?
Egoera gutxituan dagoen edozein gizarte talderen egoera oso antzekoa da, eta badu zer ikasi feminismotik. Egoera horretan daudenen lehen pausoa beraien egoeraz jabetzea da, egoera gutxitu horretaz, zapalkuntza egoera horretatik askatzeko lehenengo pausoa da kontzientzia hartzea. "Bortizkeria sinbolikoa" aipatu zuen Pierre Bordieu soziologoak egoera gutxituan dauden pertsona horiek –langile klasea, edo feminismoaren ikuspegitik emakumeak, edo hizkuntza gutxitua...– normal bezala onartu dutela euren egoera gutxitua; kasu honetan hizkuntza nagusiaren diskurtsoak justifikatzen du egoera hori, hizkuntza malgua, garatua da nagusitzen dena eta beste hizkuntza horiek ez daukate baliabide propiorik eta modernotasunerako aukerarik...
Erosoegi gaude euskararen inguruan?
Hizkuntza nagusiaren hiztunak daude eroso, hizkuntza gutxiagotu bateko hiztunak inoiz ez. "Estres linguistikoaren" kontzeptua dugu: kafe bat eskatzera joan eta kontzientzia linguistikoa izanez gero lehen pentsamendua euskaraz ala erdaraz egingo dudan da, aurrekoaren piuraren arabera... beti ariketa horrekin. Orduan erosotasunik ez.
Eta agintariak ez al daude eroso? Erantzukizun berdina dugu guztiok?
Nork berea, baina denok daukagu erantzukizun bat. Komunitate batek aurrera egingo du agintariak eremu horretara eramaten baditu, eurek bakarrik ez dute aurrerapauso handirik emango, gizartearen eskakizunik ez badute aurrean. Egoerak aldatzea zaila da eta orduan behar dena da maila guztietako presioa da, eskakizuna, eskaera...
Jaurlaritzaren 'Poziktibity' euskararen kanpainak hiztunak erakartzea du ardatz. Horiek erakarri ala legez behartu behar dira euskarara?
Gauzak ezin dira modu orokorrean planteatu. Euskarara biltzeko, sektore batzuetan presioa erabili beharko da, beste batzuk limurtu egin beharko dira... Nafarroako euskalgintzako pertsona oso enblematiko batek esaten du Nafarroako egoerari buruz euskararen kontra dauden horientzat eredugarriak izan behar dugula euskaraz bizitzen, eta horrela konturatuko dira zerbait ari direla galtzen, orduan arindu egingo zaie euskararekin daukaten jarrera ezkor hori. Egoera batzuetan beharko dira eskakizun batzuk egin, eta beste batzuetan, beharko dira jarrera limurtzaileak eta erakargarriak izan... Ez da azkarra izatea karta batekin jokatzea, gaur egungo hiztunen premiak ugariak direlako.
Administraziotik egiten al da nahikoa, ordea?
Egiten den guztia beti da gutxi. Ezin dugu ahaztu ere politika dela posiblea aurrera eramatea eta ez ezinezkoa dena. Neurri batzuk ezartzerakoan aurrerapausoa lortuko dugu ala dena gure kontra jarriko da? Hori da beti bilatu beharreko oreka zaila.
PSEko gazteek 'euskara askatasunean' kanpaina aurkeztu dute...
Bai, ez nago ados kanpaina horrekin eta gainera tristea iruditzen zait. Hemen bi eskubide nagusiren kontraesanetan mugitzen gara, denon askatasuna –erdaldun eta euskaldunena– defendatzen badugu bi horiek talka egingo dute, ezinbestean. Baina nola kudeatu hori? Ahalegin berezi bat egin behar da eta bide berriak urratu.
Hurrengo urteetarako Arabako plan bat prestatu behar bazenu, nondik hasiko zinateke?
Adaxka magikorik ez dago... Euskaldunak trinkotzetik, esaterako; ume gazte euskaldunberriek euskaraz bizitzeko aukera izan dezaten pausoak ematea. Gazteak lonjetan esaterako, nola ari dira? Erdaraz, plangintzarik ez dagoelako. Gazte eta nerabeekin, nik uste dut momentu honetan hor dagoela erronka nagusietako bat.
Egilea: Anakoz Amenabar, Arabako Alea