Disko berria kalean. Definitu hitz gutxitan.
Jendea dantzan jartzeko beste modu bat bilatu dugu, aurrekoak kontrolik eza transmititzen bazuen, oraingoan gauza gutxiago baino argiagoak aurki daitezke.
Lan berri honetan zuen energia sutsua baretzen saiatu zaretela diozue eta pop-era jo duzue gehiago. Zerk eraginda?
Norabidea finkatua bagenuen ere, aldaketa ez dugu masterra eskuetan eduki eta aurrekoarekin alderatu dugun arte ikusi. Inkontzienteki jaitsi dugu erritmoa, agian abestiak konposatzeko era aldatu genuelako, ordenatuago oinarritik hasita, ondoren xehetasunak gehituz. Energia baretu baino kontzentratu egin dugula esango nuke, pop-ak ez du zertan indarrik eza adierazi nahi.
Hala ere, dantzarako eta dibertsiorako duzuen izaerak Anai-arrebak taldearen ezaugarri propio izaten jarraituko du, ezta?
Argi dago. Izaera hori ez bagenu ez dakit bizirik jarraituko genukeen talde bezala. Lokalean zein agertokian ondo pasatzea gustatzen zaigu, bai konposatzen edota zuzenekoak eskaintzen gure jarrerak markatzen du taldearen izaera. Transmisio bat egon behar duela pentsatzen dugu, eta jendearekin agertokian, goian, dugun festa konpartitzea da helburua, jendeak gure kontzertuetan ondo pasatzea eta kezkak ahaztea. Horretarako dugun jarrerak berdina izaten jarraitzen du orain eta beti.
Abestietan detaile ugari topatuko ditugu, zeintzuk eta non? Zergatik erreparatu duzue zehaztasun horietan?
Musika egiten dugu eta oso musikazaleak ere bagara, beti gabiltza gauza berriak bilatzen eta ikertzen "ea nola egin ote duten hau edo hura...", "sinte hau edo efektu hori nola arraio lortu ote dute..." Horregatik gustatzen zaigu agian abestien egiturez gain (sarrera, estrofa, errepika,...), entzule finak direnek harrapatuko dituzten detailetxoak sartzea. Agian horrek egiten du taldearen bereizgarri edo taldea azkar identifikatzeko marka.
Oraingoan ere, melodiei garrantzia gehiago eman diozue, ezta? Zergatik?
Egiten dugun musikak berak ezartzen ditu hala moduko arau idatzigabeak edo ikusezinak. Ahalegin handiz egindako diskoa da eta ahotsak dira garrantzia gehien eman diegun elementuak. Abestiak egitean, behin baxua idatzia zegoenean zuzenean hasi ginen ahotsekin lanean. Ahotsak definituak zeudenean sinte eta gitarrez jantzi genituen kontu handiz, baina ardatza ahotsak ziren mezua zabaltzeko tresna baitira, eta azkarren antzematen diren elementuak noski.
Mezuari dagokionez, aldaketarik sumatuko al dugu?
Hori agian Matxetek erantzun beharko luke (karkar). Bizitzari aurre egiteko jarrera positiboa azpimarratuko nuke batik bat, dena hain gaizki aurkezten digute komunikabideetan, batzuetan ondo pasatzea ere merezi dugula iruditzen zait eta disko honek hori helarazi nahi du. Ziurrenik disko honetako musikak berak ondo pasatzeko dela adierazten du eta hori da agian transmisiorik onena, kontzertua hasi eta jendea kezkarik gabe mugimenduan ikustea ordu betez bada ere.
Hurrengo asteazkenean, hilak 18, Gasteizko Gaztetxean kontzertua emango duzue, nola animatuko zenituzkete gasteiztarrak bertara hurbiltzera?
Bada nahiz eta Lautada arabarreko hotza presente izan, dantzatu eta ongi pasatu nahi baduzue, hitzordua martxoaren 18an gaztetxean dela. "The Freetangas"ekin izango gara asteazkeneko gauean eta ziur ez dela inor axolagabe geratzen. Gu irrikan gaude zuzeneko hauetan jendea dantzan jartzeko beraz animatu zaitezte orain arte egin duzuen bezala!