Gasteiz berri bat aldarrikatzeko #6000zpt instalazio artistikoa burutuko du Irantzu Lekue artista gasteiztarrak

hirinet 2015ko mar. 12a, 01:00

3000 zapata pare, hots, 6000 oinetako. Horiek dira Irantzu Leku artista gasteiztarra prestatzen ari den instalazio artistikoa burutzeko behar dituen oinetakoak.

 

Aipatu instalazio artistikoa Gasteizko Andra Mari Zuriaren Plazan burutuko du baina bere proiektua gauzatu ahal izateko, gasteiztarren laguntza behar du eta edozein motatako zapata bildu behar ditu: botak, abarkak, zapatilak, txanklak edota klake zapatak. “Dena da ongi etorria. Birziklatzea da helburua; oinetakoak birziklatzea instalazio artistikoan erabiltzeko”, zehaztu du Irantzu Lekuek. Lan artistikoa egin ondoren, bildutako zapata guztiak GKE bati emango dizkio.

 

Artista gasteiztarrak azaldu duen moduan, “Gasteiz berri, jator, integratzaile, zabal eta kultur aniztasun zein elkartasunean oinarriturikoa irudikatu nahi dut. Horiexek hain zuzen artelan honen ardatzak: Gasteiz eta baloreak. Baloreak eta Gasteiz”. Horretarako, 60ko hamarkadan indarra hartzen hasi zen Arte Garaikidearen generoa den instalazio artistikoaz baliatuko da. Genero honen ezaugarrietako bat da artistek edozein tresna erabil dezaketela obra egiteko eta gehienetan ikusleak obrarekin interakzionatu dezake. “Hori da, hain zuzen ere, Gasteizko Andra Mari Zuriaren Plazan lortu nahi dudana, hori izango baita nire artelanaren markoa”, azaldu du Lekuek.

 

Oraingoan ere, artista gasteiztarrak artea gehiegikeriak salatzeko eta Gasteiz berri bat aldarrikatzeko erabiliko du. “Baina proiektua bururaino eramateko, gasteiztarron, arabarron eta euskal herritarron laguntza behar dut. Horregatik, euren armairuetan dituzten –eta gutxiago erabiltzen dituzten- oinetakoak bilatu eta horretarako propio egokitutako hogei puntuetara eramateko deia zabaldu nahi diet”, zehaztu du artistak.

 

Oinetakoak jasotzeko 20 gune egongo dira Gasteiz osoan: San Martin auzo elkartea, , IKA eta AEK euskaltegiak, Zabalgana Batuz auzo elkartea, Arabako Hiesaren aurkako Batzordea, Gasteiztxiki, CEAR, Ai laket!! Elkartea, Oihaneder Euskaren Etxea, Hala Bedi Irratia, Artium Museoa,   CCOO, ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS sindikatuaren egoitzak, IMVG.

 

Era berean, instalazioa gauzatzeko 20 boluntario beharko ditu. Izena emateko: iralekue@gmail.com helbidean izena ematearekin aski da. Instalazio honen inguruan Twitterren erabiltzea proposatu duen traola #6000zpt (sei mila zapata) da.

 

Honen inguruko albiste gehiago:

Irantzu Lekue eta Zirika, artistak: "Artearentzat basamortua da Gasteiz"

Aldarrikapen artistikoa burutu du Irantzu Lekuek Krea esparruan

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago