Goian elkartea: "“Udalak erabaki du ez duela interesik proiektu honetan"

hirinet 2015ko mar. 11a, 01:00

Azken asteetan Goian Kultur eta Kirol Elkartearen aldeko udal akordioa indargabetzeari buruzko hainbat albiste agertu ostean, elkarteak "zalantzak argitzeko, aurreitziak uxatzeko eta Goianen lana ezagutzera" emateko oharra bidali du.

Bertan euren lana zein den argi utzi nahi izan dute. "Goian Gasteizko Alde Zaharreko gizarte eta hezkuntza proiektua da, elkarbizitza lana defendatzen du". Bertan gauzatzen diren proiektuen bidez, topaguneak sortzen saiatzen dira eta, horiekin desberdintasunean oinarritutako elkarbizitza sustatzeaz eta lantzeaz aparte, auzokideak elkar ezagutzen dira. Proiektuaren lan arloak partaidetza, lankidetza, kultura-aniztasuna eta euskararen sustapena direla azaldu dute. Talde proiektuak eta urte osoan auzoan zehar antolatutako jarduerak dira elkartearen ardatza. Horrela, familientzako txangoak eta kirol topaketak, hitzaldiak, tailerrak eta festak antolatzen dituzte, besteak beste. Horrez gain, beka programa bat ere badu elkarteak, errekurtso gabeko familien partaidetza errazteko.

 

Alde Zaharreko proiektuarekin hamarkada bat baino gehiago daramate; Goian, kolektibo, elkarte eta auzokideen inplikazioaren emaitza baita. Proiektu hau aurrera ateratzen da eragile desberdinen elkarlanaren laguntzaz, besteak beste, Aldabe eta Landatxo gizarte etxeak eta haien langileak, inguruko ikastetxeak eta haien guraso elkarteak, Gasteiz Txiki, Barrenkale, Saregune, Hala Bedi, ADRA, ADSIS, Al Indimay, Amaru edo Cáritas.

 

Urte hauetan elkartearen finantzaketa erak aldatu egin direla argitu dute. “Autogestio ekonomikoaren urte batzuk izan ondoren, azken bi urte hauetan bultzada handia izan da Gasteizko udalarekin sinatutako hitzarmena”, azal dute. Izan ere, hitzarmen horri esker aurre egin ahal izandako erronkak eta helburuak zabaldu dituztelako. Izan ere, Gasteizko udalak datorren urterako akordioa aurrekontuetan sartu ez duela salatu du Goianek. “Udalak erabaki du ez duela interesik proiektu honetan. Proiektuak frogatzen du ingurune osasuntsuak auzoaren elkarbizitza euskarria direla; baita elkar ezagutzeak aurreiritzi eta zurrumurruak apurtzen dituela ere. Jatorri (kulturala, soziala, ekonomikoa) ezberdinetako pertsonak nahastea ez da arazoa, aldrebes, denok aberasten gaitu, eta guztion artean auzoa eraikitzen dugu, auzo harrotasunarekin. Gustatuko litzaiguke pentsatzea proiektuaren filosofia eta ikuspegia ez direla arrazoiak Goian ez finantzatzeko”, gaineratu du elkarteak.

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide