'De Miguel' auzia: 26 inputatu eta 11 delitu

hirinet 2015ko mar. 10a, 01:00

Ikerketa bukatu berri du Roberto Ramos Gasteizko Instrukzio arloko 4. zenbakiko epaileak eta kaleratutako autoan 26 lagun inputatu ditu ‘De Miguel’ auziaren bueltan. Inputatuen artean, EAJko hainbat goi kargudun ohi dago.

Hala nola, Aitor Telleria eta Koldo Otxandiano Arabako EAJko kide ohiak; Gurutz Larrañaga eta Xabier Sanchez Robles, Juan Jose Ibarretxeren gobernuko kide ohiak; Julian Sanchez Algeria eta Alfonso Arriola EAEko teknologia parkeen sareko buruzagi ohiak eta Iñaki San Juan Leioako EAJko zinegotzi ohia. Epaileak, era berean, Asier Arzalluz eta Pablo Larrabide atera ditu inputatuen zerrendatik, azken bi hauen kontrako auzia artxibatu baitu.

 

Orotara, 11 delitu leporatu die epaileak inputatuei. Prebarikazioa, dirua zuritzea, Ogasun Publikoaren kontrako delituak eta agiri publikoak faltsutzea, besteak beste. “Alfredo de Miguel buru zuen sare antolatu baten zantzuak daudela” dio Roberto Ramos epaileak kaleratu berri duen autoan. Sareak “EAJk zuzendutako administrazioetan edo erakunde publikoetan legez kanpoko kontratuak edo esleipen publikoak lortzea helburu zuela” ondorioztatzen du epaileak.

 

Orain bost urte eman zitzaion hasiera ‘De Miguel’ auziari. Ustezko ustelkeriaren kontrako operazioa egin zuen Ertzaintzak Araban, eta horren baitan Alfredo de Miguel Arabako Aldundiko Tokiko Administrazioetarako diputatua atxilotu zuten, beste zazpi lagunekin batera. Atxilotu zituzten egunean bertan aske geratu ziren guztiak.

 

Auzia oraindik ere epaitegietan zegoela, Eusko Legebiltzarrean ikerketa batzordea osatu zen. Urte eta erdiz luzatu zen batzordea eta 70 bat lagun deklaratu zuten legebiltzarkideen aurrean. Ikerketa amaitu eta EAJ izan ezik, oposizioko talde guztiek ebazpena onartu zuten non EAJko goi kargudun ohiei erantzukizun politikoak egozten zizkieten.

 

Albistearen berri izan eta gutxira, EH Bilduk auziaren inguruko lehendabiziko balorazioa igorri du. Inputatuta dauden 26 lagunetik 20 EAJkoak izanik, Kike Fernandez de Pinedok erabateko irmotasunarekin adierazi du egoera hauekin amaitzeko unea dela eta “Arabako erakundeen lehioak berehala ireki behar direla, aire fresko eta garbia sartzeko”. Bihar, "gertaera hauek sakontasunean" baloratuko dituztela aurreratu dute.

 

Argazkia: Wikimedia Commons

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide