Gasteizen PPk irabaziko lituzke hauteskundeak; Araban, berriz, EAJk

hirinet 2015eko martxoaren 10a

Eusko Jaurlaritzak egindako inkestaren arabera, hurrengo maiatzaren 24an ospatuko diren hauteskundeetan Javier Maroto babes gehien jasoko duen hautagaia izango da, botoen % 20a lortuz.

Oso gertu geratuko dira EAJ eta EH Bildu, bakoitzak botoen % 19a eskuratuko baitu. Izan ere, zinegotzi kopuru bera lortuko lituzkete PPk, EAJk eta EH Bilduk, alderdi bakoitzak sei, hain zuzen ere.

 

Inkesta honen arabera, PSEk botoen % 16,5 eta Ahal Duguk % 14,5 lortuko lukete. Modu horretan, PSEk bost zinegotzi lortuko lituzke, Ahal Duguk, aldiz, lau. Murritzagoa da EBk eta UPyDk lortutako babesa (% 3,5 eta % 2,5) eta hortaz, ez lukete ordezkaritzarik lortuko.

 

Araban, botere aldaketa: EAJ garaile

EAJk Arabako Foru Aldundian irabaziko duela aurreikusten du aipatu inkestak, botoen %21 eskuratuta eta PPri puntu erdia aterata (% 20,5). Hirugarren indarra EH Bildu izango litzateke, botoen % 19,5arekin. Ahal Dugu alderdiak boto-emaileen % 15eko babesa lortuko luke, PSEk % 15,4, UPyD % 3 eta Ezker Batuak % 1,5.

 

Eusko Jaurlaritzak Batzar Nagusietarako eta hiriburuetako Udal Hauteskundeetako boto aurreikuspena ezagutzeko inkesta hau otsailean egin da; Araban 518 pertsonei eta Gasteizen 406 pertsonei inkesta egin diete.

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago