[GUTUNA] Txango labur bat, mendiari buruzko liburuetan barrena

hirinet 2015ko mar. 10a, 01:00

Lehendabizikoa

Mendiari buruz eta, oro har, bidaiei buruz idatzitako liburuen oroitzapenen ganbaran, bitxikeria bat agertzen zait, lehen-lehenik, aspaldiko denbora batekoa: Latxaga izenaz sinatzen zuen apaiz batek (Jose Maria Sebastian Zubillaga) euskaraz idatzitako Jaka´ra oñez Naparroa´n zear liburua, lehengusu batek etxera ekarri zuena, euskaraz ia ezertxo ere irakurtzeko eta hitz egiteko gai ez ginen garaian.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Luis Pedro Peña Santiago

Geroago, gaztetan, asko-asko markatu gintuen beste idazle bat nabarmendu zen, Luis Pedro Peña Santiago. Haren liburu guztiak pasio handiz irensten genituen, eta, tarteka, Donostiako “Graphos” liburudendara joatea ia peregrinazio bat zen guretzat, Luis Pedrori zuzenean hemengo bideaz eta hango tontorraz galdetzeko aukera aparta, mapen artean galduta.

 

Peña Santiagok gaztelaniaz idazten zuen, euskaraz oso jende gutxi alfabetuta zegoen garai haietan. Euskara, haren luman, bazterreko kontua zen, los moxalas, el etxekojaun…, horrelako gauzak, garaian garaikoak. Baina Peña Santiago ez zen soilik mendizale amorratu bat; ikertzailea ere bazen, dibulgatzaile aparta ere bai, eta erreibindikatzailea. Mende erditik gora gabiltzan askori natur ondarea, artea, ermitak, galtzada zaharrak… ezagutzen eta maitatzen erakutsi zigun.

 

(Argazki-oin bitxia, L.P. Peña Santiagoren liburu batean: “Macizo de Ernio”)

 

 

Miguel Angulo

Hurrengo mugarria Miguel Angulo mendizale kartografo marrazkizale baionarra izan zen. Honek sekulako aurrerakada ekarri zion liburugintzaren munduari. Argazki zoragarriz eta mapa eta marrazki paregabez hornitu zituen gure apalategiak; eta edizio-lana ere fin-fin zaintzen zuen. Pentsatzen dut haren liburuak asko salduko zirela. Hala ere, “Euskal Herria” gora eta “Euskal Herria” behera, baina erdaraz idazten zuen, nahiz eta ordurako irakurle euskaldunen masa kritikoa handi samarra izan, Peña Santiagoren garaian ez bezala. Bestalde, Angulori leporatu izan zaion beste kontu bat da txoko gorde eta hauskorren propaganda eginez arriskuan jarri zituela haien iraupena, nolabait ere, masifikazioaren erruz. Horren zantzua antzeman daiteke elkarrizketa honetan.

 

 

Sua edizioak

Anguloren lekukoa Sua Edizioak argitaletxeak hartu zuela esango nuke. Beste idazle batzuk gehitu zitzaizkion dibulgazio-lanari, baina estiloari eta kalitate txukunari eusten jakin izan dute. Baita ere, tamalez, portaera linguistikoari: Euskal Herria mágica, salvaje…: Euskal Herria erdaldún. Begiratzen duzu haien katalogoa, eta gehiago dira katalanez argitaratutakoak euskarazkoak baino. Eta hori, 2015ean, oso sintoma txarra. Badakizue, arrazoi komertzialak direla meriyo…

Bestalde, aitortu beharra dago asko zabaldu dutela ikusmira eta gero eta bazter urrutiagoetako lanak plazaratzen dituztela. Horrela, hemendik kanpo ere aitzindariak izan direla esango nuke.

 

 

Josean Gil-Garcia

Ez dut inoiz aurrez aurre ikusi. Ez dakit nor den. Duela urte pila hasi nintzen egunkarietako ibilaldiak karpeta batean gordetzen, eta askok Josean Gil-Garciaren sinadura daramate, eta euskaraz idatzita daude (gaztelaniaz ere baditu liburu batzuk). Bide-erakusle inportanteenetako bat izan da niretzat (hitzaren adiera guztietan); Arabako bazter asko ezagutu ditut berari esker; atlantikozentrismoaren aurkako antidoto izan da, nolabait ere, eta Gorbeiaz hegoaldeko Euskal Herria maitatzen irakatsi dit. Beraz, hari dedikatu nahi dizkiot txango labur honetako azken hitzak. Eta nire esker ona.

 

(Oharra: jabetzen naiz izen asko gelditu zaizkidala bazterrean, aipatu gabe, baina niretzat mugarriak izan direnak jaso nahi izan ditut bakarrik. Hor daude, besteak beste; Peña Santiagoren beraren aita Luis Peña Basurto, Etor argitaletxeko Mendiak bilduma, Asier Agirresarobe Argia-rekin plazaratutako Ihesi ederra, orain Berria-k eskaintzen duen Ibilkari gunea, eta abar.)

 

Egilea: Martin Rezola

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago