Alonso eta Marotoren kudeaketa publikoa susmopean

hirinet 2015ko mar. 6a, 01:00

Espainiako Kontu Auzitegiak aztergai izan zuen atzo San Antonio kaleko bulegoen alokairuaren kontratu publikoa. Alfonso Alonso, orduko alkatea zena eta Ogasun zinegotzia zen Javier Marotoren kudeaketa publikoa kolokan jarri du Madrileko auzitegiak. Hori dela eta, 2007an Gonzalo Anton enpresariari erositako lokalen alokairuaren kontratuagatik, 496.223 euroko bermea jarri die.

Urte bat lehenago, 2006an, Antonek 2,7 milioi euroren truke erosi zituen lokalak, eta 2007an udalak harekin hitzartu zuen alokairu kontratuak 7,6 miloi euroko kostua izan zuen. Honegatik,Alfonso Alonso, Javier Maroto zein Gasteizko zenbait zinegotzi ohi deklaratzera deituta bazeuden ere, aurretik iragarri zutenez, Alderdi Popularreko abokatu bat joan zen haien izenean. Kasua artxibatzeko eskaria egin zuen abokatuak helegite bat aurkeztuz, baina alokairu kontratua hogei urtetarako sinatu zuten eta oraindik indarrean dagoenez, auzitegiak ez du onartu.

 

Auzian, Alfonso Alonsoren udal gobernua osatzen zuten zinegotzi guztiak daude: Alfredo Iturritxa, Marian Castellanos, Jorge Ibarrondo, Idoia Garmendia, Encina Serrano, Fernando Arangiz, Miguel Angel Etxebarria baita Manuel Uriarte ere, egungo Udaleko Ogasuneko arduraduna. PSEko zinegotzi bat ere Marian Gutierrez auzian sartuta dago, Alonsoren garaian Ogasuneko arduraduna baitzen. Kontu Auzitegiak ezarritako bermea ordaintzeko, auzian inplikatuta dauden bederatziak 55.135 euro jarri beharko ditu. Gainera, batzuei ordainketa gehigarri batzuk ezarri die: 1.696 euro Javier Marotori; 5.228 euro PSEko Marian Gonzalezi izandakoari; eta 13.366 euro Manuel Uriarteri.

 

Ikerketa batzordea eratu zuten 2013an udaleko oposizioko taldeek. EAJk, PSEk eta EH Bilduk osatutako batzordeak frogatutzat jo zuen San Antonio kaleko bulegoen kontratua interes publikoaren aurkakoa izan zela eta afera Madrileraino iristeko bidea zabaldu zuen.

 

Kontu Auzitegiak bermea ezartzearen berri izan bezain laster,  oposizioko taldeek erabakiaren balorazioa helarazi zuten. PSEk kontratua “guztiz kaltegarria” izan zela salatu du, Gonzalo Anton enpresariaren interesen alde egin zuelako erabat. EAJren aburuz, Kontu Auzitegiak hartutako erabakiak hiria zuzentzeko zilegitasuna kentzen dio Javier Marotori eta Gorka Urtaran taldeko bozeramailearentzat, “argi geratu da Gasteizko PP zein Madrileko PP gauza bera direla”. Ildo beretik ere, EH Bilduko alkategaia den Miren Larrionek Marotok eta Alonsok “hondamena” besterik ez dutela ekarri adierazi eta “azpijokoen garaia” amaitzeko unea dela gaineratu zuen. Atzo arratsaldean ere, Adi ustelkeriaren kontrako elkarteak deituta hainbat lagunek elkarretaratzea egin zuten bulegoen aurrean.

 

Argazkia: @AntxonBelakortu

 

Honen inguruko albiste gehiago:

 

Elkarretaratzea deitu du Adi elkarteak San Antonioko alokairuaren irregulartasunak salatzeko

San Antonio bulegoen kontratua aztertuko du Espainiako Kontu Auzitegiak

Irregulartasunak salatu dituzte Gasteizko Udalean

 

 

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide