"Aldaketa, feminista izango da edo ez da izango" da aurtengo leloa. Zergatik?
Aldaketa betean gaude, krisia tarteko, eta uste dugu feminismoak kultura politikoari ekarpen beharrezkoa egiten diola, aniztasuna ardatz duen politika. Emakumeen nazioarteko ospakizun bat da igandekoa eta aniztasuna ospatu nahi dugu; askotariko emakumeak gara eta feminismoak hori aberastasunmoduan ikusten du, ez oztopo moduan. Aniztasunetik lan egiten dugu emakumeen eskubideen alde. Denbora tarte txikian ikusi dugu gure eskubideen gainean indarkeria estrukturalak kolpatzen jarraitzen duela. Emakumeon gorputzen inguruko tutoria ere zalantzan jarri dute momentu batean, adibidez umea izateko edo ez izateko garaian; gu ez gaude abortuaren alde, baizik erabakitzearen alde. Edota arropa bat edo beste eramatearen eskubidea, azkenaldian zalantzan jartzen ari dena; tutoretza patriarkala dago horren guztiaren atzean.
Hain zuzen, burka jantzita ageri da emakume bat Arabako Aldundiak aurkeztu berri duen kanpainan.
Ideologia arriskutsu bat duen alderdi baten kanpaina da, ez dugu ahaztu behar; aniztasuna nahi ez duena, aitzakiak bilatzen dituena eta bekatari bat bilatzen duena, atentzioa desbideratzeko eta garrantzitsuagoak diren arazoak estaltzeko: ustelkeria, kudeaketa ekonomiko zikina... Aurkeztu duten kartela oso gezurtia da, biktima moduan aurkezten dituenak kanpokoak dira gehienak eta hemengoak berriz onak, zintzoak, zibilizazio aurreratua. Ongi ikasita dute diskurtso hau.
Berdintasunaren arloan zer beste lan egin du aldundiak?
Berdintasun zerbitzuetatik egindako lana izorratu du, urteetako lana. Eta ez kanpaina horrekin bakarrik; aurrekonturik ez dago eta bertan behera utzi nahi dute. Azterlan bat egiten badugu berdintasun hau sustatzeko zenbateko aurrekontua bideratzen duten ikusteko, dena iruzurra dela konturatuko gara; ez dago dirurik zaintzaileei ordaintzeko –gehienak emakumeak dira–, ez dago dirurik ikastoletan berdintasuna sustatuko duten egitasmoak antolatzeko, etorkinentzat dauden diru laguntzak negargarriak dira. Aurrekonturik gabe, badakigu diskurtsoak hutsak direla. Berdintasunaz, demokraziaz ari gara... Gezurra da, ez dago horretarako interesik Aldundiaren aldetik.
Egun hauetarako zer prestatu duzue?
Igandeko manifestazioarekin batera, aspaldi genuen gogoa hemengo eta kanpoko emakumeak batzeko, eta horretarako beste topaketa bat antolatu dugu, larunbaterako. "Desberdina" izateari garrantzia kendu nahi genion, muga horiek desmuntatu nahi genituen, eta te katilu baten inguruan elkar ezagutu nahi genuen; eta hala izango da, munduko bazter bateko eta besteko emakumeak elkartuko gara Ramon Bajo ikastetxean. Ezjakintasunetik egiten diren kanpaina horien kontrako antidotoa izatea nahi dugu, elkarrizketaren bitartez baino ez, hain sinple, hain erraz. Feminismoa anitza izango da, askotarikoa, edo ez da izango.
Azken hamar urteetan norantza egin dute feminismoaren borrokek? aurrera ala atzera?
Aldatu dela esango nuke. Berdintasunaren espejismo batean gaude. Ona izan da, ez gaitezen okertu, ona izan da borroka feministak erakundeetara eramatea, alderdi politikoetara... Baina berdintasuna lortuta zegoela uste genuen garai batera igaro ginen. "Indarkeria matxista" moduko terminoak mahai gainean jartzea kostatu zaigu eta, ondorioz, datuak desitxuratu dira, nahastu dira. Genero berdintasuna botere-harreman kontua da, eta oraindik heteropatriarkatuaren ereduaren arabera mugitzen gara; beste guztia "desberdina" da, "erokeria".
Egilea: Anakoz Amenabar, Arabako ALEA
Honen inguruko albiste gehiago:
[ERREPORTAJEA] Burujabetza feministara bidean