Burujabetza feministara bidean

hirinet 2015ko mar. 5a, 01:00

Emakumeen Nazioarteko eguna da igandean. Araban gizarte eraldaketaren alde lanean ari diren hainbat emakumek euren erronka nagusiak ezagutarazi dituzte. Argi dute gizarte ekintzailetzaren iparrorratza feminismoa dela.

 

Sexu bereizkeriari aurre egin eta pertsonen arteko harreman bidezkoetan aurrepausoak ematen ari dira, egunez egun, baina oraindik ere "bidea luzea" izango dela uste dute euren alorrean feminismoaren lan ildoak jarraitzen dituzten hainbat emakumek. Feminismoak halabeharrez alor guztiak busti behar dituelako, besteak beste, ingurumena, nazioarteko lankidetza edota dibertsitate funtzionala lantzen duten Arabako taldeetan nolako lana egiten duten azaldu dute bertako kideek.

 

Hamabost urte inguru dira Eginaren Eginez elkartean genero ikuspegia lantzen hasi zirenetik. Dibertsitate funtzionala duten emakumeetan bi aldagai kontuan izan behar direla gogoratu du Elena Avalos elkarteko gizarte langileak: "Emakume izatea batetik, eta horrek dakarren diskriminazio estrukturala, eta elbarritasuna beste alde batetik; diskriminazio bikoitza izatetik, diskriminazio anitza izatera pasa gara". Eraldaketa sozialerako bidean, emakumeak elkartearen lan ardatz nagusia direla nabarmendu du Avalosek, eta, besteak beste, Gasteizko plataforma feministan militatzen dutela gogoratu.

 

Mugimendu feministatik beretik hainbat "oztopori" ere aurre egin behar izan diotela aipatu du Eginaren Eginezeko kideak: "Batzuetan kostatzen da, baita mugimendu feministatik beretik ere; oso irekia da gauza batzuetarako baina gure alorra oraindik ondo barneratu gabe dago, lanketa sakona egin behar da". Hala, besteak beste, diskriminazioaren inguruan hitz egiten duten elkarteko hiru emakumeren hizketaldiekin Ez gara ikusezinak kanpaina abian jarri dute azken hilabeteotan eta, aurrera begira, berriz, lan ildo horretan, elbarritasuna duten emakumeek pairatzen duten biolentzia datuak "azaleratu" nahi dituztela azaldu du: "Jakin badakigu datu kezkagarriak daudela, estatistika datuak ditugu, baina datu errealak nahi ditugu, arazoak eskatzen dituen beharrezko neurriak eskatzeko".

 

Fracking ez

Duela hiru bat urte sortu zen Fracking Ez Araba plataforma, eta alor horretan ari da lanean Amagoia Murua. Feminismoak alor guztietan presente egon behar dela uste du, eta hala saiatzen dira fracking-aren kontrako mugimenduan ere, zailtasunak zailtasun. "Borroka guztietan egon behar du feminismoak, oinarrizkoa da, giza eskubideei buruz ari garelako". Elkarte bat arrazakeriaren kontra agertuko ez litzatekeen moduan, feminismoaren kontra agertzea ere zentzuzkoa ez dela uste du Avalosek.

 

Elkartean feminismoarekin bat datozen aldarrikapenak jarraitzen dituztela nabarmendu du, kostata bada ere: "Saiatzen gara feminismoa ere gure borrokan barneratzen, baina hutsuneak ez dira egun batetik bestera bete daitezkeenak eta zailtasunak daude". Emakumezko bozeramailea jartzeko, esaterako, zailtasunak dituztela aitortu du: "Askotan atzera egiten dugu; atzetik lan asko egiten dugu, gizonek bezain beste, baina publikoki agertzeko...". Lan horretan, heziketa, inguruak, berebiziko garrantzia dutela dio.

 

Medicus Mundi Arabak ere emakumearen inguruko lan ildo nagusi bat dutela gogoratu du Marian Uriarte kideak. "Emakumeak dira babesgabe daudenak eta izaten jarraitzen dutenak, eta esfortzu berezia egin behar dugu hauetan; hegoaldeko herrialdeetatik zein iparraldekoetatik". Ildo horretan hamaika egitasmo abian dituztela gogoratu du: "Emakumea ahalduntzea dute helburu proiektuok; emakumeak haren etorkizuna erabaki dezakeela sinestera bideratutakoak, autoestimuari begira hauetako asko".

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Egilea: Anakoz Amenabar, Arabako ALEA

 

Gai honi lotutako albiste gehiago:

Gladys Giraldo, Arabako Emakumeen Asanbladako kidea: “Feminismoa anitza izango da, askotarikoa, edo ez da izango”

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago