Elkarretaratzea deitu du Adi elkarteak San Antonioko alokairuaren irregulartasunak salatzeko

hirinet 2015ko mar. 4a, 01:00

San Antonio kaleko bulegoen alokairuaren afera salatu eta erantzukizuna eskatzeko Adi ustelkeriaren kontrako elkarteak elkarretaratzea egingo du bihar, martxoak 5, 19.00etan, lokalen aurrean, San Prudentzio kalean, hain zuzen ere. Gonzalo Anton enpresari ezagunaren alde 20 urtetako kontratu bat sinatu zuten 2007an orduko alkate Alfonso Alonsok eta Javier Marotok, Ogasun zinegotzia zena.

Bulegoen alokairua eskaintza publikorik egin gabe aukeratu zuten eta, gainera, alokairua udal teknikariek zehaztutakoa baino %80 garestiagoa izan zen. Urtebete lehenago Gonzalo Antonek 2,7 milioi euroren truke eskuratu zituen bulegoak, eta 2007an, berriz, Udalak enpresariarekin alokairua sinatu zuen, hogei urterako kontratuak 7,6 milioi euroko kostua izan zuen. Halaber, bulegoetako egokitze lanak udalak ordaindu zituen.

 

Horiek horrela, Espainiako Kontu Auzitegiak deklaratzera deitu ditu bihar, Alonso eta Maroto, zein kontratua sinatu zenean gobernuan zeuden beste zenbait zinegotzi. Alokairu kontratu hura «irregulartasun» baten ondorioa izan zela leporatuta, 440.000 euro eskatu dizkie. Hala ere, ustelkeriaren kontrako elkarteak bere Twitter profilaren bitartez adierazi duenez, Alderdi Popularreko abokatu batek ordezkatuko ditu guztiak bihar Madrilen. Beraz, “Alfonso Alonsok, Javier Marotok, Alfredo Iturrichak, Marian Castellanosek, Jorge Ibarrondok, Idoia Garmendiak, Encina Serranok, Fernando Aranguizek ezta Miguel Angel Echevarriak ere ez dutela azalpenik emango” ohartarazi du Adi elkarteak.  

 

Zentzun berean, EH Bilduk Arabako Fiskaltzari auzia bere gain hartzeko eskatu dio “oraindik ere kontu asko daudelako argitzeko alokairu kontratuaren inguruan”.

 

Azkenaldian Gasteizen publiko egin diren ustelkeria kasuen inguruko kezkak elkartu dituen herritarrak batzen ditu Adi elkarteak. “Salatu beharrekoak salatu eta arazo hauei irtenbideak bilatzeko alternatibak proposatzeko” helburuarekin egiten du lan ustelkeriaren kontrako elkarteak.

 

Argazkia: Adi elkartea

 

Honen inguruko albiste gehiago:

 

San Antonio bulegoen kontratua aztertuko du Espainiako Kontu Auzitegiak

 

Irregulartasunak salatu dituzte Gasteizko Udalean

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide