Uholde kasuetan animaliak erreskatatzeko protokoloa abian jartzeko eskaria

hirinet 2015ko mar. 3a, 01:00

ATEA, Ekologistak Martxan, GACA eta GADEN animalien babeserako elkarteek uholde kasuetan harrapatuta gera daitezkeen animaliak erreskatatzeko protokolo bat abian jartzea eskatu diote udalari.

Prentsa agerraldia egin dute animalien babeserako elkarteek EH Bildu alderdi politikoarekin batera. Uholdeetan kalte pertsonalak edota materialak ekiditeko protokoloak existitzen dira, baina, ohartarazi dutenez, animalien kasuan, aldiz, “ez dago ezer, animalien babesgabetasunaren aurka egiteko neurri berezirik ez dugu”.

 

Hortaz, urpetu daitezken guneetan egon daitezken inolako babesik ez duten animalien kokaleku zehatza jakitea ezinbestekoa dela deritzote. Larrialdi egoera baten aurrean, arriskuaz ohartarazi eta ezarritako denboran jabeak helduko ez balira, Gasteizko zerbitzu publikoek animaliak bere gain hartu beharko lituzkeela uste dute, seguruak diren beste leku batzuetara garraiatuz.

 

Hemendik aurrera, larrialdizko kasuetan ere, udalerria animalien babesean “eredugarria” izaten jarraitzeko ekimen ezberdinak batzordean proposatuko dituztela azaldu du Iratxe Lopez de Aberasturi zinegotziak. Era berean, gogora ekarri dute orain dela aste batzuk, Gasteiztik oso gertu, Burgoseko Miranda de Ebron erabat urperatu ziren guneetan kate batekin lotuta zeuden dozena bat txakur itota hil zela. Aurreko asteko euriteak medio, suhiltzaileek harrapatuta zeuden sei zaldi erreskatatu zituzten Zadorra ibaia Langraitz-Okan irten eta gero.

 

 

Argazkia: ATEA

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide