[GUTUNA] Emakumearen Eguna

hirinet 2015ko mar. 2a, 01:00

Hurbiltzen doa Emakumearen Eguna, eta urtero bezala prestatzen naiz egun horretan entzun beharko ditudan esaldi batzuei erantzuna emateko. Nire inguruan badago oraindik Emakume Langilearen eguna esaten diona, eta nik nire indar guztiak uzten ditut hauek zuzentzen, ezetz, emakume guztien eguna dela, ez bakarrik langileena (ba al dago langile ez den emakumerik?, hortxe dago gakoa).

Gero betikoak datoz: “klaro, emakumearen eguna dago, baina ez gizonena. Noizko gizonena?” Eta ea nola esplikatzen diozun tribu honi hoberena egunik ez izatea dela, horrek esan nahi duela “mainstream” zarela, klase pribilegiatua, egunik behar ez duena. “Ez da hainbesterako, hemen oso ondo zaudete, emakumeek ez dute egun berezirik behar, atentzioa deitzeko bakarrik egiten duzue”. Eta hor isiltzen naiz, zeren horrelako jendearekin hitz egiteak ez du ezertarako balio eta haserre batean bukatzen dut, arrazoitu gabe, eta nahikoa daukat egunerokotasunean daukadan estresarekin hori ere gehitzeko. Gainera, badakit ez dudala ezer lortuko, zertarako saiatu ere?

 

Martxoaren zortzian emakumearen eguna ospatzen dugu, bai, baina hori ez da nahikoa. Egun bat ez da nahikoa. Emakumeek, gizonek, guztiok egin behar dugu lan urte osoan zehar, batez ere umeekin. Eskola askotan eginkizun bereziak egiten dira; sindikatuek unitate didaktikoak bidaltzen dituzte eskoletara eta irakasleok, korrika batean, bideo bat ipintzen dugu, edo gelan aipatzen dugu emakumeak eta gizonak berdinak direla eta eskubide berdinak dituztela. Pasadan egiten dugu, aipatu besterik ez, eta gero ez diogu garrantzirik ematen mutilek patio osoa okupatzen duen futbol zelaia hartzen dutenean, edo bata besteari “nenaza” deitzen diotenean. Berdinak gara, baina ez gaituzte berdin tratatzen. Oraindik ez gara iritsi. Lan asko egin da eta jarraitzen da egiten (nahiz eta batzuetan pentsatu laurogeiko hamarkadan hobeto geundela), baina bide luzea geratzen zaigu. Martxoaren 8an emakumearen eguna da, eta nik otsailan gogoratzen dizuet. Ea horrela gutxienez hilabete oso bat ematen diogun gaiari.

 

Egilea: Ruth Ibañez

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago