‘Zero Tolerantzia’ kanpainak “giro gatazkatsua” eragiten duela-eta, Aldundiak bertan behera utz dezala eskatu dute

hirinet 2015ko mar. 1a, 01:00

“Ahalik eta boza gehien eskuratzeko” helburuarekin Alderdi Popularra “gero eta arriskutsuagoa bihurtzen ari den giro gatazkatsua” eragiten ari da. Horrela hasi da gaur goizean Aldundiak martxan jarritako ‘Zero Tolerantzia’ kanpaina gaitzesteko hainbat eragilek egindako prentsa agerraldia. Gasteizko plataforma feministak, Arabako Foru Aldundiko lan batzordeak, Transbollomarica mugimenduak, Arrazakeriaren kontrako plataformak, Al-Indimay magrebtarren elkarteak eta Gora Gasteizek hartu dute parte agerraldian.

 

Arabako Aldundiak abiatutako ‘Zero Tolerantzia’ kanpainak desberdina den oro “fanatismoarekin lotu ez ezik, etorkinekiko beldurra eta gorrotoa sustatzen duela” salatu dute. Agerraldian izan diren eragile ezberdinetako ordezkariek kanpaina xenofoboa izateaz gain, matxista ere badela deritzote. “Emakumeak zaintzaile edo biktima gisa irudikatzen ditu, Aldundiaren partaidetza-organoan landu diren irizpideen kontra”.

 

Arabako Foru Aldundiko Langileen Batzordeak adierazi duenez, “sekula” ez dute ikusi tankera honetako kanpainarik eta diru-kutxan izango duen gastu eskerga ere nabarmendu dute, “zerbitzu publikoek jasaten dituen murrizketen kontra”. Zentzu honetan ere, Al-Indimay elkarteko eledunak gogora ekarri ditu Gasteizen azken aldian jazo den zenbait gertakizun: besteak beste, Zaramagako meskitaren zioa, diru-laguntzen inguruan alkateak egindako adierazpenak edota autobus gidari batek burka zeramatzan emakume bati igotzeko baimena ukatu egin izana. Gainera, “emakumeen eskubideen defentsan” lan egiten dutela esaten duten arren, “Alderdi Popularraren gidaritzapean, Berdintasun aurrekontua %33 jaitsi da”.

 

Zentzu berean, homofobia irudikatzeko “ez dela zertan hain urruti joan behar”, azpimarratu du Transbollomarica mugimenduak. “Sentsibilizazio kanpainak exijitzen dizkiegu, bai, baina gure ingurunean pairatzen dugun eskubideen urratzea salatzen dutenak”. Ildo beretik, Gasteizko plataforma feministak kanpaina salatu du eta menpeko pertsonentzako baliabideak handitzea eta indarkeria matxista pairatzen duten emakumeen egoera hobetzeko baliabide gehiago ematea exijitu.

 

Amaitzeko, Gora Gasteizek herritarrei eta erakunde publikoei guztionak diren giza eskubideen errespetuaren alde lan egiteko deia luzatu die. Izan ere, “egoera hau elikatzen jarraituz gero, gizarte-ezinegona handitzeko arriskuan aurki gaitezke”; horregatik, erakunde, alderdi politiko, komunikabide, eragile sozial eta sindikal eta, orokorrean, jendarte osoari erantzukizunez jardutea eskatu die plataformak.

 

Azkenik, ‘Zero Tolerantzia’ kanpainarekiko desadostasuna adierazteko Settem Hego Haizea gobernuz kanpoko elkarteak Arabako Aldundiak euren egoitzara bidalitako kanpainaren kartelak itzuli egin ditu eta gainontzeko elkarteei gauza bera egiteko deia egin du.

 

 

Honen inguruko albiste gehiago:

 

Kalean, mezu arrazistak eta Aldundian, ika-mika ‘Zero tolerantzia’ kanpaina dela-eta

 

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide