Ruper Ordorika: "Musikalki, Gasteizen erro sakonak ditut"

hirinet 2015ko mar. 2a, 01:00

Gitarra ikusezin batekin iritsi da elkarrizketara, Gasteizko alde zaharrera. Gitarra hori ezin dute begiek antzeman, baina hor nonbait dagoela sentitu daiteke bere hitz egiteko moduan, sokak laztantzen dituen bezala punteatzen dituelako hitzak ere.

 

Egiari zor, berak bateria aukeratu zuen lehenengo, baina gero nonbait gitarrak aukeratu zuen bera, lagun batek hala eskatuta Gasteizko Marianistas ikastetxean gabon kanta lehiaketa batean jo eta arrakasta izan zuenean.Hamabi urterekin, Oñatitik hiriburura etorri zenean, Plaza Berrira joaten zen ostegunetan, azokara zetozen Aramaio eta Legutioko nekazariekin euskaraz hitz egitera. "Ikaragarria da Arabak bizi izan duen hizkuntza bilakaera". Hedegile kalea esaten diote gaur egun euskaldun garbizaleek, baina Correria kalea izena besterik ez zuen Ruper Ordorikak bertan musikari bezala bere lehenengo entseguak egiten zituenean. Gertu deskubritzen zituen diskoak, Diputazio plazan. Hartara, "Gasteizen erro musikal sakonak" dituela dio. Lurrean etzanda bere azken doinuak ekarriko ditu datorren ostiralean Jimmy Jazz aretora.

 

Diskoa hitzez azaldu al daiteke?

Kantua niretzako genero berezi bat da bere hortan, nahi luke hitzetatik edan eta baita bere musikatik, eta horien uztarketa da kantua; hitzarekin soilik musika deskribatzea oso zaila da.


 

Eta azkenekoari erreparatuta, bada aldaketa nabarmen bat ezta?

Ez dakit, niretzako nahiz ez den egoten diskorik neke barik, ez dut ezagutu, disko hau nahiko leun atera da, nire sentimendua hori da diskoarekin. Pauso bat da, urrats bat neure eginkizun honetan. Musikalki iruditzen zait disko anitza dela; nahiz iturburu batekoak agian, iruditzen zait diskoan badaudela joera desberdinetako kantuak, bai.

 

'Azukre koxkorrak' zure aurreko diskoan nolabait musikaren zure memoria jaso zenuen. Honetan agian zure baitan bilatu duzu sorkuntza. Zer aurkitu duzu oraingoan zure erraietan?

Nire eginkizuna izaten da iturria ahal bezainbat zabaldu eta horren ondorioz batzuetan heltzen naiz toki batera eta beste batzuetan beste batera. Eta bai iruditzen zait hemen, barrura begira badagoela gehiago.

 

Apaindura gutxiago ditu honek, behar bada?

Denetarik bada. Zaila egiten zait konparatzea nire diskoekin; iruditzen zait oso disko musikala dela, batera entzuten dena nahiz kantu ezberdinak izan. Nire ustez baditu oihartzun asko eta uste dut asko iraungo duela disko honek, hori sentitzen dut.

 

Baikorragoak dira kantak?

Azken hiru diskoengatik esan didate baikorragoak direla, eta niri gustatzen zait hori pentsatzea, baina ez dakit. Esate baterako disko honetan behin baino gehiagotan agertzen dira niretzako ikasbide oso konplexua den heriotzari buruzko gogoetak, orduan... maite dut jendeak pentsatzea alaiak direla disko hauek; hori ona da.

 

Orain arte zelako harrera nabaritu duzu entzuleen aldetik?


Gu poliki-poliki aurrera goazela iruditzen zait, eta jende zenbaitek nahi du entzun egiten ditugun gauza berriak eta zain egoten da. Esaten didatenez oso ondo atera da disko hau, baina harrera denborak esaten du.

 

Irekitzen duzun iturri hori da zuretzat irizpidea. Salmenta kopuruak noizbait beldurtu al zaitu?


Beharrezkoa da egiten duzunak, produktua den partetik, bere burua ordaintzea zentzu guztietan, eta uste dut agian hori abiapuntu ona dela. Baina nire kasuan, orain nire gauzek askozaz ere babes handiagoa dute eta... Ez dagokit niri neure buruari trabak jartzea. Gogoan daukat mutikotan unibertsitatean egon nintzela eta ezagutu nuen musikari katalan batek esaten zuela: "Ni marjina nazatela, nik ez dut nire burua marjinatuko".

 

Disko komertzialagoa egin zenezake eta aldiz...


Ez dut pentsatzen termino horietan. Zorionez inork ez du asmatu halakorik, bestela mudu guztiak egingo lituzke disko komertzialak, edo ez komertzialak... Ez du horrela musikak funtzionatzen, zorionez. Nire ustez zure barruarekin bat egiten ez duen zerbait eginez gero nekez egingo duzu bat jendearekin. Uste dut ez dela abiapuntu ona pentsatzea zer nahi lukeen jendeak, baizik eta zuk zer nahi duzun.

 

Inprobisazioan adituak diren musikariekin elkartu zara oraingoan.

Disko honetan ezberdintasun handienetakoa hori da; bi musikari ez nituen ezagutzen, ingelesak, eta bateriarekin uste dut zazpigarren diskoa dela. Nik uste dut diskoak zor diela asko musikariei, beti zor die, baina kasu honetan gitarrista oso oparoa, oso ideia berezikoa da; lehenesten dut metodo hori grabatzeko, musikariak batera jarri eta une hori harrapatzea, eta horregatik asko baloratzen dut eurekin dudan harremana.

 

Une hori harrapatu nahi duzu grabazio estudioan. Eta zuzenekoak, aldiz, beste musikari batzuekin egiten dituzu, hemengokoekin. Une hori nola aldatzen da?

Oso bide polita da hori. Egin dezakezu kopiatu, baina maila batetik aurrera beti nagusitzen da musikariaren beraren nortasuna eta bersorkuntza bide bat izaten da hori, diskotik zuzenekoetara. Niri asko gustatzen zait.

 

Diskoaren azalean ere agertzen zara, mungiako kaleetan barrena, Bernardo zure osabarekin. Ume hartatik zerbait al dago disko honetan?

Oskar Alegriari, azalaren egileari, esaten diot asmatu duela erabat azalarekin jende guztiak aipatzen didalako, nahiz nik ez nuen hasieran oso argi. Berak esan zidan nahi zituela nire argazki zahar batzuk ikusi, eta tartean argazki zahar hau bidali nion eta hasieratik geratu zen horrekin. Berak zerbait ikusi zuen argazki hortan harantzago doana, asmatu zuen. Badu gogoeta sakon bat argazkietan “ez egoteaz”, norbera egoteaz baino, norbere arrastoa nola dagoen argazki batean. Argazki zaharra izanik, pitzadura horiekin, nik uste hor zerbait ikusi zuela berezia, agian ametsen munduko zerbait...

 

Memoriak eta orainak pisu nabarmena dute diskoan. Zer lotura dute, bata bestea gabe ezin duzu ulertu?


Niretzako ikasbide handienetako da oraina; hemen egotea. Gure joera beti da egindakoaren ondorioz bizitzea edo gaurkoa ez aintzat hartzea bihar datorrelako... Nire ikasbide handienetakoa izaten da, hemen egon eta gozatzea, zuekin hitz egitea... bestela hatzartetik ihes egiten du denborak. Eta horregatik denborak eta denboraren iragaiteak badu egiten dudan guztian bere zera.

 

"Dena esatea ez da ezinbesteko baldintza" diozu kantetako batean. Misterioarekin jokatzea gustatzen zaizu?

Bueno, uste dut danori gustatzen zaigula. Kantu zahar batean esan bezala: denok dauzkagu "esan gabeko arrazoiak", gure harremanetan, gure hasarreetan, gorrotoetan, maitasunetan...

 

Zer isiltasun duzu gustuko?

Denak kar, kar, kar. Musikaria naiz eta niretzako hotsak ordenatzea gauza ederra da, borrokatzen duzulako, berrantolatzen duzulako espazioa. Azkenean kantua eta musika- gauza primitiboa dira, edozein gizakik egiten ditu.

 

Dionisio Cañasen poema bat musikatu duzu, 'Zerutik gertu ez da ondo egoten'. Zer du lurrak zeruak ez duena?


Haren poema batetik hartu zuen diskoak izenburua, Lurrean etzanda. Bere poetika osoan uste dut baduela dohai hori, eguneroko gauzak kontatzeko dohai berezi hori. Kasu honetan, nire ustez galerari buruz mintzo da. Kontatu izan dut maiz pasadizo bat, modu arin batean gai hori kontatzen duena: behin Habanan gertatu zitzaidan, kantatutakoan jarri ninduten auto zahar batean bizi nintzen lekura joateko, 18 bat kilometro baziren, gauez eta gidaria ezagutzen nuen gizon beltz eta alaia; kaseta ipini zuen, son kubatarra, gau epela, zoragarria zen...pentsa, ailegatu ginen, ederki: "Mori, tú vas a ir al cielo", esan nion eskerturik nengoela adierazteko, eta "No no, yo quiero estar aquí", esan zidan. Dionisiok hortaz ari da haren poemetan, esanaz eskatu diezaiogula zeruan daudenei hemen egon nahi dugula luzaro, hemen elkarren ondoan baikaude.

 

Orain Gasteizen zaude berriz. Baina Bilbon, New Yorken... ibili zara, zer pisu du hiri bakoitzak zure lanean??

Nahi nuke hori jakin. Badugu denok ere lotura handia bizi dugun lekuekin, baina gehiago pertsonekin iruditzen zait. Baina lekuak, bai, konturatzen naiz horrek ere baduela eragin handia; beti esaten dut jakingo banu nondik datozen kantu onak gehiagotan joango nintzatekeela bertara. Gustatzen zait alderik alde ibili beharra. Gasteizen musikalki oso erro sakonak izan ditut, nire lehenengo diskoa hemengo musikariekin egin nuelako, hemen oinarrituta egin nuen eta urte askoan jo izan dut Gasteiz inguruko musikariekin. Asko ikasi dut hemengo musikariekin eta ikasten jarraitzen dut.

 

Gasteiz da kanta onak datozen leku horietakoren bat?

Norberarengan behar du horrek, nire ustez. Gehiago izan da behin kantuak egin eta gero hori gauzatzeko lekua, asko ikasi dut hemengo musikariekin: Alberto de la Casa, Nando de la Casa... nire aintzinako musikariak, horiekin harremana mantentzen dut.

 

Entzule bezala ere joaten zara kontzertuetara.


Hori galdu dut asko, nire bizimoduaaldatu delako, baina maite dut kontzertuetara joatea. Aurreko astean, esaterako, Igor Arsuaga eta Mursego ikusten egon nintzen, baina lehen gehiago joaten nintzen.

 

Musikari bezala zer nahiago duzu, grabazio estudioa, aretoak ala kalea?


Ez daukat aurreiritzirik. Egin daiteke musika ona hiru lekuetan, baina asko ikasi dut grabazio estudioetan eta orain ondo pasatzen dut. Toki gaitzak dira musikarientzako orohar, eta horiek mendean hartu edo lasaitu arte nik urte asko pasatu ditut. Pentsa zenbat gustatzen zaidan musika, ni agertoki batera igotzera bultzatu ninduela; ez da nire berezko joera taula gainean egotea.

 

Entzuleak aldatu direla nabaritu duzu?

Nire gogoan badut entzule bat asko exijitzen duena, euskalduna, nik bezala hizkuntza maite du zentzu zabalenean eta nik bezala musika maite du, eta zain egoten da, gehiago jakin nahi du. Nire buruan dago.

 

Eta kontzertuak emateko modua?

Bai, musikak dena hartzen du orain; bere rola aldatu da. Lehen, ospakizuna zen; gogoan dut hamasei urte nituela Benito Lertxundi herrira etorri zenean...

 

Arrastoa utzi zizun?

Euskal kantua etxetik ezagutzen nuen gehien bat, eta denbora guztian harrapatzen genuena ikasi nahian musika taldean, bluesa... Hamabost urterekin izan zen, Aste Santuan, Oñatira joan nintzen eta kontzertua eskaini zuen Lertxundik. Egiazki ikusi nuenean ikaragarri gustatu zitzaidan eta pentsatu nuen euskaraz egin zitekeela beste zerbait, artean euskal musika gutxi garatuta zegoelako. Gure aitak mugaz bestaldetik ekartzen zituen Laboaren lehen singleak eta nire ustez nahiz nire lehenengo lanak kontsideratu ziren haustura bat, euskal musikarekin apurketa bat, nik beti nahi izaten dut pentsatu hartuko nuela zerbait aurrekoetatik; niretzako suerte handia izan da gure herri musika duintasun handiz landu duten musikari horiek izatea: Benito, Mikel, Anton Valverde, Lete, Niko, Natxo de Felipe... Nahi nuke pentsatu nire kantuan ere badagoela hori.

 

Eta Lou Reed zer izan zen zuretzat? Anaiak haren inguruan prestatutako lanean ere parte hartu duzu.


Nik besterik ez nuen entzuten 17 urterekin. Ingalaterrara joan nintzen horregatik, nahi nuelako ulertu zer esaten zuen. Gure aita zenak etxean ondo ezagutu du Frantziako kantua ere bai... baina nik ez dut ikusten hori plan baten arabera. Hemen bazen denda bat Diputazioko plazan, Añua elektrodomestiko dendan eta gogoratzen naiz bertan Rory Gallagherren disko bat topatu eta itxura ona zuela; buruz ikasten nituen disko haiek, ez zen aukera, informazioa eta mundu anglosajoiak. Rocka ez da orrazkera bat, nire sasoiko herri musika da.

 

Azkenaldian deskubritu duzu musika talderen bat?

Nekez. Gauza ikaragarriak egiten dira, lehen bezala, baina badut joera nire hariari tiraka aritzeko.

 

Ondorengo belaunaldiek zurekin edango dute, horrek bertigoa ematen dizu?

Saiatzen ari naiz hori onartzen, katebegi bat garen neurrian. Herri musika beti horrela izan da; badut berezko joera bat zorabiatzeko mendian eta altuera handietan eta honetan ere esango dizuet batzuetan bertigoa ere ematen duela.

 

HITZ GUTXITAN

Gasteiz? Bizilekua.

Bilbo? Familia.

New York? Hiria.

Kuba? Aldaketa.

Sarrionandia? Lagun handia.

Atxaga? Maisua.

Publikoa? Maitatzen ikasi nahi dudana.

Gitarra? Neure lanabesa.

Poesia? Esanak lor dezakeen maila gorena.

Aitatasuna? Bizitza.

 

Ruper Ordorikak martxoaren 6an Jimmy Jazz aretoan emango duen kontzerturako bi sarreren zozketa

 

 

Egileak: Itsaso Estarrona eta Anakoz Amenabar, Arabako ALEA

 

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago