Ekaitz Santazilla, filologoa: "Zorionez, euskara ez da uste dugun bezain bitxia; hizkuntza normala da"

hirinet 2015ko mar. 4a, 01:00

Lapurdiko euskaldunak fede katolikoan hezteko idatzi zuen Doctrina Christiana liburua Esteve Materra izeneko predikatzaileak. Mendeetan desagertua egon eta gero, Gasteizko Letren fakultateko Aziti Bihia elkarteko ikerlariek aurkitu dute.

 Aurkikuntza burutu eta gutxira, aste honetan abiatu dute urte amaiera arte iraungo duen euskarari buruzko mintegia Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean, Udako Euskal Unibertsitatearekin batera (UEU). Ekaitz Santazillak hitzaldia eskaini du, izenburu iradokitzaile batetik abiatuta: Usteak erdia ustel: euskara ez arraro, ez bakartu, ez zahar.

 

Lapurtera klasikoan idatzitako lehen euskal liburua aurkitu duzue. Zergatik da berezia aurkikuntza?


Berezia da, lapurteraz idatzitako lehenbiziko liburua delako eta aspaldi galduta zegoelako. Autore askok liburua aipatu izan dute, baina horietako inork ez du inoiz aurrean izan. Orain arte, ikertzaile guztiek ondoko edizioekin lan egin dute. Horrez gain, berezia da ere egilea ez zelako jaiotzez euskalduna.

 

Bai, bitxia da lapurtera klasikoan idatzi- tako lehen liburua gaskoi batek idatzi izana...


Oso gutxi dakigu Esteve Materraren bizitzari buruz, eta bitxia da, baina kontestuan jarri behar da bere lana: garai hartan, katolikoen eta protestanteen arteko liskarrak nagusitzen ziren gure artean. Oso modan zeuden predikatzaileak, herritarrak fede katolikora erakartzeko. Pentsatu dezakegu Esteve Materra oso predikatzaile ona izan zela, liburua horretarako baitzen, predikatzeko, jendeak fede katolikoa ikasi eta protestantismoari aurre egiteko.

 

Mota horietako liburuak ohikoak ziren?

Bai, liburua berez ez da bitxia. Protestanteek esaten zuten kristauek Biblia irakurri behar zutela, baina katolikoek zioten Biblia apaizek irakurri behar zutela, latinez, eta fededunek, ordea, dotrinak.

 

Nola ikasi zuen euskaraz esteve materra izeneko frantziskotar hark?


Bertrand Etxaus Baionako apezpikua bidali zuen Sara herrira euskara ikastera. Liburuaren hitzaurrean aipatzen duenez, hamar bat hilabetetan ikasi zuen, Jainkoaren laguntzari esker. Gure ustez zaila da hain denbora gutxian lapurtera klasiko perfektuan idazteko adina euskara ikastea, eta susmoa dugu laguntzarik izan zezakeela, baina oraingoz hipotesi bat besterik ez da.

 

Arrakastatsua izan al zen lan hori XVII. mendean?

Ez dakigu zenbat ale inprimatuko ziren, baina garai hartan dotrina asko inprimatzen ziren. Etxe batean liburu bat bazegoen, hori dotrina zen. 1617ko edizio hau hurrengoa baino laburragoa izan zen, galdera erantzunez antolatuta, garai hartan ohikoa zen bezala. Haurrek dotrina ikasteko egin zuten. Aldiz, 1623ko edizioa luzeagoa da eta denentzat idatzita; marinelentzako atal bat ere badu, ekaitzetan zer otoitz egin behar diren zehaztuz. Bi liburu diferente dira, nolabait.

 

Orain arte ezezaguna zen zerbait azaleratzen al du edizio honek?


Ezezaguna zen liburua osorik. Lehenik eta behin, konfirmatzen digu liburua existitzen zela. Edukiei dagokionez, ikusten dugu edizioz edizio zer joan den aldatzen. Gainera, Lapurtera klasikoaren bilakabidea ikusten laguntzen digu ere, eta hori inportantea da euskararen historiarako. Informazio soziolinguistikoa ere badago: adibidez, erakusten digu Saran bazegoela elite bat, liburuak pagatu ahal zituena, itsasgintzatik diru asko sartu zelako Lapurdin; eta frogatzen du elite horrek euskaraz irakurtzen zuela eta haurrek euskaraz ikasten zutela dotrina.

 

Zerk eraman zaituzte Danimarkaraino?

Danimarkan fisikoki ez gara egon...

 

Izango duzue gogoa!

Ikaragarria. Joango gara, ez dakigu noiz eta nola, baina joango gara...

 

Zein izan da aurkikuntzara arteko bidea?

Erdarazko liburuetan Materre aipatzen da, baina 1623ko edizioan, Materra. Gure lantaldeko ikerlari batek, Dorota Krajewskak, munduko WorldCat katalogoan bilaketa egin, eta hara non agertzen zaigu, oso gaizki katalogatua, Materra batek idatzitako liburua Danimarkan! Hau poza hartu genuena. Faksimila eskatu genuen, kopia bat, eta bidali ziguten. Oso ondo portatu dira eta gutxi kobratu digute, badutelako filosofia ondare hori denona dela, nahiz eta haiek gordetzen duten. Liburua osorik dago eta ondo kontserbatua...

 

Noiz izango duzue esku artean?

Esku artean izan nahiko genuke, bai, baina ez fetitxismoagatik, ez ukitze hutsagatik, baizik eta oso interesgarria delako informazioa lortzeko: enkoadernazioa noizkoa den, papera non egina den, zer tamaina duen... Galdetu digute ez ote duten Euskal Herrira ekarriko. Ekartzen bada, ados, baina bitrina batean egongo bada, ez du ezertan laguntzen.

 

Ikertzen hasi zinetenean, liburu hori aurkitzea ez zen zuen jomuga nagusia. Zer lortu nahi duzue zuen ikerketarekin?

Oxforden 1623ko edizioa zegoen. Ale bakarra. Orain arteko ikerketa guztiak ale horren fotokopien gainean egin izan dira. Kopia txarrak. Inor ez zen joaten Oxfordera jatorrizko alea ikustera, eta guk uste genuen liburu horrek edizio kritiko bat behar zuela, ikerketa bat. Hara joan ginen eta gauza interesgarriak ikusi genituen, fotokopietan ikusten ez zirenak. Eta ikerketa horretan murgilduta, lehenengo edizioa agertu zen.

 

Duela egun batzuk hitzaldia eskaini zenuen Oihaneder Euskararen Etxean, izenburu honekin: 'Usteak erdia ustel: euskara ez arraro, ez bakartu, ez zahar'. Mitoz inguratuegia dago euskara?


Esan behar dut herri batek mitologia izatea ondo dagoela. Kultura guztietan dago mitologia, eta laguntzen du sentimenduak pizten eta zenbait gauza ulertzen. Ez dugu mitologiaren kontrako ezer. Arazoa da mitologiari zientzia kutsua ematen zaionean. Guk azaldu nahi dugu zientziak nola funtzionatzen duen, zer azaldu dezakeen... eta zer ez. Gauza batzuk egia absolututzat hartu dira, eta komeni da zientzian oinarritutako beste ikuspuntu batzuetatik begiratzea.

 

Mito horiek kalte edo mesede egiten diote hizkuntzari?


Positiboa da euskarak mitologia propioa izatea, literaturarako edo hizkuntzaren defentsarako. Baina hizkuntzalaritzan, arriskutsua da.

 

Zeintzuk dira gure uste erdi ustel horietako batzuk?

Asko daude, eta alor diferenteetan. Esaterako, pentsatu ohi da euskarak egitura arraroak dituela, baina egia esan egitura hori oso ohikoa da munduko beste hizkuntza batzuetan. Hizkuntza normala da, eta hori ez da gauza txarra. Zorionez guretzat, hala da, horrek ahalbidetzen duelako mantentzea eta hitz egitea.

 

Zer da ziurtasunez dakiguna?

Esate baterako, ezaugarri formal batzuk ez direla horren bereziak. Badakigu ere urteen poderioz aldatu izan dela, eta ez dela aurreko mendeetan batzuk esaten zuten bezain puru eta garbia, degeneratu gabea. Nahiz eta isolamendu genetikoa izan (hau da, oraingoz ez du hizkuntza ahaiderik) ez da bakardadean bizi izan, baizik eta beste hizkuntza eta kulturekin kontaktuan.

 

Zer beste hizkuntzek dute euskararen antzeko egitura?


Esaldien ordena posible guztiak aztertzen baditugu, munduko hizkuntzen ehuneko laurogeita hamarra euskara eta gaztelania bezalakoa da.

 

Bitxia, orduan, gainerako %10a da.

Bai, arraroak dira adibidez aditza hasieran jartzen dutenak, hizkuntza zeltiar batzuk tartean. Gauza da guk europazentrismoz jokatu dugula. Beti inguruko hizkuntzekin konparatu dugu euskara, eta normala da, lehen ez zegoelako hainbeste informaziorik, baina gaur egun mundo osoko informazioa dugu, eta ikusi dezakegu adibidez Australian ergatiboa duten hizkuntza asko daudela.

 

Ikerlari bezala, instituzioen babesa duzue?

Badakigu ez direla garai onak, baina guk unibertsitatearen babesa izan dugu. Ezin gara kexatu, nahiz eta, ez dizut engainatuko, lan baldintza hobeak behar ditugun. Gaudenok behintzat, ari gara. Goresik ez dugu pasatzen.

 

 

Egilea: Itsaso Estarrona, Arabako ALEA

 

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago