Juako Escaso, 'Todo que ganar' liburuaren idazlea: "1976ko greba prozesua niretzat eredu da klase antolakuntza eta asanblada mugimenduetarako"

hirinet 2015ko ots. 27a, 01:00

Gertutik jarraitu du betidanik Juaco Escasok (Madril, 1979) Euskal Herriko gatazka politikoa, eta hari buruzko ikerketa egiten ari zela ezagutu zituen Martxoaren 3ko gertakariak; bi belaunaldiren bitartez, 1976 hartan bizitakoak eta borroka hark utzitako arrastoa batu ditu haren nobela berrian, 'Todo que ganar' liburuan (liburuaren aurkezpena egingo du egileak otsailaren 27an eta martxoaren 1ean Gasteizen).

 

Frankismoaren amaiera urteetan bizi da Elena, Gasteizen, Todo que ganar eleberriaren protagonista eta, oztopoak oztopo, "askatasuna" lortzeko borroka egiteko prest dago. Haren alaba Indarrren bitartez jasoko ditu irakurleak orduko eta egungo gertakarien berri Juako Escaso (Madril, 1979) idazlearen azkeneko liburuan.

 

Zergatik kokatu du Madrilgo idazle batek haren eleberria 1976ko martxoaren 3ko Gasteizko gertakarietan?

Beti jarraitu izan dut arretaz euskal gatazka politikoa. Distantzia izan arren, nire bizitzan presente izan da errealitate hori, batetik, Bilbon familia dudalako baina baita punk -rock taldeen eraginagatik, eta Madrilgo hainbat sektoretan han bizitakoak oihartzun handia izan duelako eta izaten jarraitzen duelako.

 

Martxoak 3ko gaiak arreta deitu zidan Komando Autonomo Antikapitalisten inguruko entsegu bat irakurri nuenean. Ordura arte, Gasteizko langileen mobilizazioak ezezagunak ziren niretzat, baina ikertu ahala argi ikusi nuen istorio batentzat materiala zegoela. Ez nuen fokua jarri nahi Poliziaren errepresioan, baizik eta aurreko bi hilabeteetako mobilizazioetako indar eta arrakastan. 1976ko greba prozesua niretzat eredu da klase antolakuntza eta asanblada mugimenduetarako, eta baita egungo eta etorkizuneko borrokak egituratu eta proiektatzeko.

 

Protagonistetako baten alabak haren amaren iragana ikertzeari ekiten dio. Nola aldatu da gizartea ordutik? Nola ageri da aldaketa hori eleberrian?

 

Espainiako eta Euskal Herriko gizartea asko aldatu dira 70. hamarkadatik, eta kasu askotan txarrera. Interesgarria da orduko errealitatea eta egungoaren arteko alderaketa egitea lan gatazken inguruan, klase antolaketaren inguruan, gizarte mobilizazioaren inguruan edota ekimen politikoari dagokionean. Nire belaunaldiko ama eta aitek gaur egun pentsaezinak diren borroka prozesuak abiatu zituzten.

 

Bestetik, beharrezkoa da gaur egungo errealitatea den moduan ikusten uzten ez digun oihala kentzea: errepresioa egunerokoan dugu eta gazteak ditu jomuga bereziki, Euskal Herrian eta estatuko beste gune batzuetan tarteka izaten diren eraso eta muntaketa polizialekin. Nobelan  hori bi protagonisten bitartez agerian geratzen da.

 

Martxoaren 3ko gertakariak bizi izan zituztenekin izan zara eleberrirako dokumentazio lana egiteko?

Garai hartan barneratu ahal izateko dokumentazio lana oso garrantzitsua izan da. Kezkatuta nengoen gertakariak zintzoki erretratatu eta kontatu nahi nituelako eta hori bertatik bertara bizi izan zuten lekukoekin baino ezin daiteke lortu. Zorte bat izan da Martxoak 3 elkartearen lana eskura izatea.

 

 

 

Liburuaren aurkezpena 'Todo que ganar' aurkezpen irekia: Otsailaren 27an, ostiralean 19:00ean, Zuloan liburudendan

 

Ekitaldia eta aurkezpena: Martxoaren 1ean, igandean, 12.00etan, M3MORIA GUNEAn, Fermin Lasuen 5

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Egilea: Jon Jimenez, Arabako ALEA

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago