Justizia bila Bruselara joko du Martxoak 3 elkarteak

hirinet 2015ko mar. 3a, 01:00

Argentinak zabaldutako bideari jarraiki, Martxoak 3 elkarteak Bruselara ere joko du justizia bila. Iaz, Maria Servini epaile argentinarrak frankismo garaiko hemeretzi agintari eta polizia atxilo hartzeko agindua eman zuen.

Horien artean, Rodolfo Martin Villa Sindikatuen Harremanetarako ministro ohia. 1976ko martxoaren 3ko Gasteizko gertakariekin lotuta eskatu dute hura atxilotzeko.Alta, Espainiako Gobernuak estradizioak geldiarazi ditu, legea urratuz. Hala ere, Martxoak 3 elkarteak ez du amore emango eta Argentinak zabaldutako bideak zigorgabetasunarekin amaitzeko “ateak zabaldu” dituela deritzo.

 

Heltzear den 39. urteurrenaren harira, prentsa-agerraldia egin du elkarteak Europako Parlamentuan agertzeko eskaria erregistratuko duela jakitera emateko. Andoni Txasko elkarteko bozeramaileak azaldu duenez, “Espainiak Europako Giza Eskubideen araudiak hausten duela salatzeko” lehenbizi modu telematikoan eta ostean, parlamentuan bertan egingo dute agerraldia.

 

Egindako agerraldian, Alderdi Popularraren hipokresia salatu dute. Nazioarteko legeak bete ez eta “1976ko kriminal frankisten diskurtso bera erabiltzen dute”. Izan ere, Zaramagako sarraskia terrorismoaren biktimen ezagutza osorako legean sartzeari uko egin dio Barne Ministerioak. Biktimen senideek jasotako azalpenean irakurri daitekeenez, “martxoak 3ko biktimak ezin dira lege horren barruan sartu hildakoak legez kanpoko elkarretaratze batean parte hartu eta poliziarekin izandako aurrez-aurreko baten ondorioz hil zirelako”.

 

Betiko lez, datorren astean ospatuko da urteurrena Gasteizen eta horren inguruan, besteak beste, aritu zen atzo Hirinet FM irratsaioko Pil-Pilean tartean elkarteko kidea den Lander Garcia. Biktima elkarteak Juako Escasoren ‘Todo que ganar’ eleberriaren aurkezpena antolatu du igande honetan, martxoak 1, Memoria Gunean, 12.00etan. Martxoaren 3an, asteartean, aldiz, EH Bilduk deituta ekitaldia izango da 12.00etan Zaramagako Martxoak 3 plazan. Leku berean, baina arratsaldean, 19.00etan, ELA, LAB, ESK eta STEE-EILAS sindikatuek omenaldia burutuko dute eta, ondoren, bertatik irtengo den manifestazioak erdialdeko kale nagusiak zeharkatuko ditu.

 

 

Elkarrizketa entzun:

 

{mp3}elkarrizketa-lander-garcia-M3-2015-02-25{/mp3}

 

 

Honen inguruko albiste gehiago:

 

Martxoak 3ko gertakariak azaltzeko unitate didaktikoa aurkeztu dute

Martxoaren 3aren 38.urtemuga ospatuko da gaur Argentinara begira

Inputatu gehiago egotea espero du Martxoak 3 elkarteak

Martxoaren 3ko horma-irudiaren inaugurazioa

Martxoak 3, herri ekimenetik inplikazio instituzionalerako bidean

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide