Aldaketak emango dira TUVISAko lineetan eta linea berri batek Aldaia eta Larrein lotuko ditu

hirinet 2015ko ots. 26a, 01:00

Otsailaren 27tik aurrera, aldaketak emango dira TUVISAko zenbait lineatan. Hala nola, 3, 9, 5, 6, 7 eta 2B lineetan aldaketaren bat edo beste izango da. 1, 4 eta 8 lineak bere horretan mantenduko dira. Halaber, Aldaia eta Larrein lotuko du L10 linea berriak.

Gasteizko ekialdea eta mendebaldea lotuko dituen linea berriak orain arteko L6a Aldaiarako lotura-autobusaren luzapena izango da. Linea berriak udal bulego berrien paretik eta Prado kaletik igaroko da erdialdera joateko eta hortik Larreinera, 7. linearen ohiko ibilbidea hartuko du.

 

Itzulerako bidaia, berriz, kale hauetatik egingo du: Antonio Amat, Zumakadi ibilbidea, Castro Urdiales, Herrandarren kalea, Jesus Guridi eta Katedrala; eta Aldaiarako bidean Epaitegiak, Teodoro Dublang, Ama Teresa Kalkutakoaren kalea eta Nazio Batuen hiribidea.

 

 

Orain arteko L6 (Zabalgana-Arkaiate) lineak bizi zuen saturazioa arintzea du helburu L10 (Aldaia-Larrein) linea berriak. Hala ere, ibilbide berriak ez ditu Larreineko bizilagunak zerbitzu gehienak biltzen dituen Salburuko zentroraino gerturatuko. Trenbidearen bestaldean geratzen diren osasun zentrora zein saltoki eta taberna gehienetara joateko oinez, bizikletaz edo kotxez mugitu beharko dira.

 

Gasteizko Udalaren webgunean, linea bakoitzak izango dituen aldaketak kontsulta daiteke. Bihartik aurrera, beraz, hainbat geltoki desagertuko da eta, beste kasu batzuetan, geltoki berriak jarriko dituzte.

 

Eguneko lineen mapa eguneratua

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago