Bat-bateko erabaki horren aurrean, Gauekoak-ek udal batzordeko herritarren txandan parte hartu zuen iragan astelehenean. Oposizioko talde guztiek 15 urteko ibilbidea duen proiektu honi emandako babesa erabatekoa izan zen. Aldiz, federazioko kideek “txanda kafkiar honetan, Javier Marotoren falta sumatu zuten”. Geroago jakin izan dutenez, Gasteizko alkatea RGI sinadura bilketa batean parte hartzen ibili zen, batzordean egon beharrean.
Prentsa-ohar batean azaldu duten moduan, Kultura zinegotziak Gauekoak programaren lana goraipatzeaz gain, bere “babes osoa” ere eskaini zion. Babes ekonomikoa izan ezik. Izan ere, “Alderdi Popularrak ez du ikusten lan taldeak proiektuari ematen dion balio erantsia”. “Talde honek ilusio handiarekin egiten du lan, hurbiltasunetik eta gazteek erabiltzen duten hizkuntza berdina erabilita”, goraipatu dute. Hala ere, Udalarentzat honen prezioa “gehiegizkoa” da eta horregatik proposatu dute Kultura departamentuko teknikariek lan berdina egitea.
Elkarteen federazioaren aburuz, bide hori jarraituz gero “asoziazionismoa, talde-lana eta ekogestioa galduko” lirateke. Are gehiago, “hiriko aisialdi osasuntsua hiltzeko zorian” dagoela uste dute eta "herritar txandan argi geratu zen moduan, gobernu aldaketa batek bakarrik alda dezake egoera larri hau”.
Honen aurrean, federazioak egoera salatzeko hainbat ekintza antolatuko du. Gauekoak programaren etorkizuna aldarrikatzeko ekintzak izango dira eta laster zehaztuko dute programazioa.