Arte eta Ofizio Eskolaren etorkizuna bermatzeko osoko plana aurkeztu dute

hirinet 2015ko ots. 24a, 01:00

Zuzendaritza, irakasle eta ikasleekin mantendutako harremanen ondorioz, Arte eta Ofizio Eskolaren etorkizuna bermatzeko asmoarekin osoko plana aurkeztu du Gasteizko EH Bilduk. XXI. mendeko hezkuntza eskaerari egokitzea eta erreferentziako Arte eta Ofizio Eskola bihurtzea nahi dute.

Osoko planaren proposamenak hiru zutabe ditu. Batetik, erakundeen egiazko konpromisoaren bidez zentroaren garrantzia nabarmentzen da. Bestetik, kulturaren mahaia abian jartzea edota Gasteiz eta Arabarentzat egokitutako plan estrategikoa aurreikusten da. Eta, azkenik, Eskola berarentzat bereziki asmatutako osoko plana.

 

Eskolak duen gizarte eta formazio funtzioa nabarmendu behar du osoko plan horrek eta “derrigorrez” arlo honetan zer esana duten eragile guztiekin batera egin behar dela azpimarratzen dute: hots, fundazioaren kideekin, hezkuntza komunitatearekin, baita Udalean zein Aldundian ordezkatuta dauden talde politikoekin ere.

 

EH Bilduko bozeramailea den Kike Fernandez de Pinedok azaldu duenez, aurkeztutako plan integrala egun 1000 ikasle inguru dituen “eskolaren etorkizuna bermatzeko modu bakarra da”. Baina, “PPk aldebakarreko erabakia hartu eta merkataritza ikuspegi batetik zenbakiak bakarrik egingo dituen gerentea inposatu digu eta planteamendu hori porrotera doa zuzenean”, gehitu du.

 

Era berean, eskolako Patronatuan EAJko ordezkaria den Blanca Guineak PPri eskatu dio gerente berria inposatzearen erabakia birplanteatzeko eta Patronatua osatzen duten guztiak deitzea “erabaki honen beharra aztertzeko eta bideragarritasun planaren gainean ekarpenak egin ahal izateko”.

 

Argazkia: DNA

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago