Zabalganako gizarte etxeko obrak hasi dituzte, bi urte beranduago

hirinet 2015ko ots. 24a, 01:00

Zabalganako gizarte etxea egiteko lanak hasi zituen atzo Gasteizko Udalak. Eraikina kokatuko den Juan Gris kaleko orubetik bertatik, Javier Marotok iragarri zuen “2017ko udaberrian irekitzea” aurreikusten dutela. “Hartutako konpromisoa betetzeko” abiarazi dituztela obrak gaineratu zuen Gasteizko alkateak.

 

Marotok egindako adierazpenen harira, EAJko udal bozeramailea den Gorka Urtaranek “obrak 2014ko abenduan bukatuta” egon behar zirela ekarri du gogora. Zentzu horretan, hauteskundeetarako komeni zaizkion ekintzak “alde batera uzteko eta hiriaren alde benetan lanean hasteko” eskatu dio alkateari.

 

Honenbestez, Zabalganakoa hirian eraikitzen den hamalaugarren gizarte etxea litzateke, apirilean Salburukoa irekitzeko asmoa baitaukate. Udalak ohar batean zehaztu duenaren arabera, Zabalganako gizarte etxea “oso ezberdina” izango da gainerakoekin alderatuz gero. “Bolumen konpaktu bakarra izan beharrean -Salburukoa bezala- ia lursail osoan (15.650 m2) hedatuko baita, topografiara moldatuz”.

 

Hortaz, espazio guztiak “oso zabalak” izango dira, bereziki sarrera nagusia, orube osoa hartuko baitu. Baliabideak eta zerbitzuak Ibaiondokoak eskaintzen dituen antzekoak izango dira. Esate baterako, aurreikusita dago igerileku ludikoa zein igeri egiteko eremua izatea. Horrez gain, familientzako liburutegia, elkartze aretoa, ikasteko gela, infoteka eta argazkigintza laborategiak izango ditu. Lantegi eremuak, bi gimnasio, dantza aretoa, kirol pista eta kafetegia, besteak beste.

 

Udalaren ustetan, Zabalgana, Mariturri, Borinbizkarra, Elexalde eta Aldaian bizi diren 22.347 auzokidei emango die zerbitzu gizarte etxe berriak. Aldiz, Zabalgana Batuz auzo elkartearen aburuz, "Udalak ez du onartu nahi Aldaiari emango diola zerbitzua eta maila berean jartzen dituzte Zabalgana eta auzoa bera osatzen duten sektoreak".

 

Hasiera batean, Ekipamenduen Planean adostutakoaren arabera, Zabalganako Gizarte Etxerako 14 milioi euroko aurrekontua aurreikusten zen, honela banatuta: 2,1 milioi 2012an, 7,7 milioi 2013an eta 4,2 milioi 2014an. Alta, Urtaranek salatu moduan, “Alderdi Popularrak Ekipamenduen Plana nahi zuelako atzeratu zuen, 21 Zabalguneko funtsen zati handi bat Planarenak ez diren helburuetarako baliatuz”.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Honen inguruko albiste gehiago:

 

Zabalganan bete behar zen ekipamendu planaren proiektu gehienak egiteke daudela salatu du Zabalgana Batuz auzo elkarteak

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago