Chih- Hsin Yeh, Aranbizkarrako osasun zentroko langilea: "Euskaraz egiten diot alabari"

hirinet 2015ko ots. 20a, 01:00

Aranbizkarrako osasun zentroko langileatxinakoa eta hemengoa: bi gabon zahar ospatzen ditu Chih-Hsin-ek Gasteizko salburua auzoko bere etxean. Ama txinera irakaslea den arren, gazteleraz egiten dio berari eta berak alaba txikiari, euskaraz. "Belaunaldi berriekin, gauzak aldatzen doaz".

 

Bi urte zituenean iritsi zen Chih-Hsin Gasteizera, gurasoek Badaia kalean jatetxe txinatarra ireki zutelako, baina begi zorroztuengatik ez balitz, zaila litzateke bere jatorri txinatarra asmatzea.

 

Xinnian kuàilè. urte berri on.

Xinnian kuàilè.

 

Ospatu duzu?

Bai, beti ospatzen dugu. Aurten nire familia txinatarrak Bilbora gonbidatu gaitu, baina astean zehar izan denez, ezin izan gara joan. Etxean bai, ospatu dugu.

 

Nola?

Fondue moduko bat prestatuz eta umeei gutunazal gorriak emanez, gorria delako zorte onaren kolorea. Sobreetan dirua sartzen dugu.

 

Eta Bilboko familiak nola ospatzen du?

Lehen etxe batean elkartzen ginen, baina asko garenez, azkenaldian jatetxe txinatar batean elkartzen gara afaltzeko.

 

Eta zer jaten duzue, udaberriko biribilkiak eta halakoak, ala beste zerbait?

Hemengo jatetxe txinatarretan jan ohi duguna europartua dago. Guk jaten duguna ezberdina da.

 

Zein izaten da ohiko menu bat?

Fondue moduko bat. Zopa bat jartzen da erdian eta bertan janari gordina sartzen da, egosteko.

 

Ahuntzaren urtea da. Zer esan nahi du horrek?

Ez dakit oso ondo... Etxean ditugun zeinuak ezagutzen ditut bakarrik.

 

Ah bai? Zu zer zara?


Tigrea. Esaten dute emakume tigreok jenio txarra dugula, baina horoskopo nahiko baikorrak ditugu...

 

Ospatu al duzu noizbait urte berria txinan?

Ez, bi aldiz egon naiz han, biak oporretan, baina ez urte berrian.

 

Familiak kontatzen dizunagatik, oso ezberdinak al dira hango eta hemengo ospakizunak?

Nahiko berdinak dira funtsean: elkartzea eta afaltzea da oinarria. Bestalde, txinatarrak superstiziosoak dira eta etxea garbitzen dute urtea hasi baino lehen, adibidez. Baina gainerakoagatik...

 

Eta zure senideei, hona etorri zirenean, zerk ematen zien arreta jaietan?

Gurasoek ez zidaten horri buruz hitz egin. Nik uste dut normaltasunez ikusi izan dituztela beti hemengo ohiturak.

 

Etxean hemengo festak ospatzen zenituzten ere?


Bai, denak: hango urte berria, hemengoa, gabonak... guztia!

 

Baina txinatarrei ez zaie kalean eta ospakizunetan ikusten. Zergatik?


Oso itxiak dira, eta emozioak adierazteko ere ez dira oso onak. Hemen, etxean egiten dituzte ospakizunak.

 

Familia ezberdinen artean elkar ezagutzen duzue?

Guk behintzat ez genuen harremanik beste familia txinatar batzuekin. Esan bezala, itxiak dira...


 

Uste duzu denborarekin hori aldatuz joango dela?

Aldatuko da eta irekitzen joango dira. Ziur nago. Belaunaldi berriak hemen jaio eta bizi dira.

 

Zure alaba, adibidez.

Bai. Nik alabari euskaraz egiten diot, eta aitak ere, bizkaitarrez. Hemengoa da. Nire ahizpen alabek ere eskolan euskaraz ikasten dute.

 

Zer dela eta hasi zinen euskara ikasten?

Duela urte dexente, mutil batekin ateratzen hasi nintzelako...

 

Maitasuna!

Bai, maitasuna, kar kar. Eskolan ere irakasgai bat genuen, baina gutxi ikasi nuenez, 26 urterekin berriro hasi nintzen, EGA atera arte. Orain laugarren mailan nago.

 

Euskara irakasle ere izan zara...

Bi urtez. Klasera sartzen zirenean, hasieran txantxa bat zela uste zuten!

 

Alabari ez diozu txineraz egiten?

Guri, etxean aitak txineraz egiten zigun, eta dakigun gutxia hari esker da. Amak ez zuen nahi, eta gazteleraz mintzatu zaigu beti, baita gaur egun ere, Gasteizen txinera klaseak ematen dituen arren. Alabari hitz batzuk esaten dizkiot txineraz. Ikastea gustatuko litzaidake, euskalduna eta txinatarra delako.

 

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide