'Chunjié' berri on!

hirinet 2015ko ots. 20a, 01:00

Aste honetan hasi da 4.713. urtea araban bizi diren txinatarrentzat. Kalean ez da nabaritu, baina etxeetan bai, ospatu dute haien festarik garrantzitsuena, garbiketa, gutunazal gorri eta afari oparoekin.

 

Telebista piztu dute etxean. CCTV4 katea. Herrimin puntu batekin ari dira mandarinez ari den esatariari entzuten, familiartean prestatu duten afari oparoa mahai gainean. Qingtian eskualdeko errezetak, Arabako beste familia txinatar asko bezala handik etorri baitira ere Xu-tarrak, Txinako hegoekialdean mendiz josita dagoen eskualdetik, Pekinetik gertu samar, 1.600 kilometrora, baina zer da hori bederatzi milioi kilometro karratu dituenherrialde erraldoi batean.

 

Ahuntzaren urtea hastera doa,4.713. urtea, eta horrek esan nahi du, dio kiwi bat jaten duen bitartean Xiao Yan-ek, aurten jaioko diren umeek zorte bereziki ona izango dutela ahuntzaren urtea izango den bakoitzean; hamabi urtero bereziki zorioneko bat, gutxi gora behera, baina bera ahuntza ez, bera txerria da horoskopoak hala aginduta, eta horiek urtero dute suertea. “Bai zera! Hori esan bat da”, dio DaXiang alabak. Txerria da ere, baina elefante deitzen diote beste txinatar batzuek, azentuak lekuz mugituz gero izenaren esanahia jostari aldatzen delako. “Ondo jarrita, aske hegan egiten duena naiz, edo antzeko zerbait”.

 

Jatetxe txinatarra... txinatarrentzat

Gasteizko Arana auzoan pausatu ditu hegalak DaXiang-ek, Logroño kalean, bertan duelako Xu familiak jatetxea. Ez edozein jatetxe: Fuxiang, hiriko gainerako txinatarrak bazkaltzera joan ohi diren taberna. Guztira, 811 txinatar daude Arabako hiriburuan, biztanlegoari buruzko 2014ko udal txostenaren arabera. Kopuru apala, beste jatorri batzuetako etorkinekin alderatuta, adibidez Magrebekoak (6000 hiritar), Hegoamerikarrak (5.400) edo Afrika beltzekoak (3.000).

 

Xu familia tabernan bezala, txinatar gehienak lanean ari dira. Hala dio estatistikaren Eustat institutuak asiar jatorriko biztanleei buruz egin duen azken ikerketak: Euskadin 2014an bizi ziren 5.229 txinatarretik %5a baino ez zegoen langabezian, atzerritik etorritakoen artean tasarik baxuena.

 

Urte berrira itzulita. Dena prest asteazken gauean, otsailak 18. Gazteenentzat, hongbao gutunazalak, sobre gorriak, gorria delako zortearen kolorea; barruan, dirua. Ahotan, Gong xi fa cai zorion mezuak, oparotasuna desiratuz. Mahai gainean, “janari aaasko!”, batez ere itsaskiak. Eta soinean, arropa berriak, “iragana ahaztu eta garai berriari ekiteko momentua delako”.

 

Reset momentu moduko bat, urtaro aldaketarekin zerikusiaduena. Chunjié deitzen diote ere, udaberriaren jaia, ilargian eta eguzkian oinarritutako egutegiaren araberakoa delako, hemen lehen inauteriak zirenaren antzeko zerbait, neguari eta iraganeko zoritxarrei agur esan eta udaberriak dakarren bizitza berria besarkatzeko erritua. Jakina, orain arteko zorigaitzak garbitu behar dira, eta horregatik, hamabost eguneko ospakizun honek iraun bitartean, egunero erratza pasa behar dela dio QuigYou Jin-ek gaztelania izerditu batean, Jesusen Zerbitzarien kalean bere emazte Sandi-ren izena daraman frutategiaren atean zigarroa estutuz. Hamabost urte daramatza hemen eta dagoeneko ez daki zenbatgarren urtea ospatzen den Txinan. Bartzelonan eta Madrilen biziko balitz agian bai, agian jakingo luke, “txinatarrak dantzalekuetan eta hoteletan biltzen direlako bertan urte berria ospatzeko”.

 

"Balantze egiteko unea"

Urrats gutxira dago, bazarrean, bere koinatu Yuli, azken asteetan mozorroak barra-barra saltzen aritu dena. Horretan lagundu dio Roque Fernandezek. Dominikar jaio zen Roque, baina hamar urte bazarrean lan egin eta gero, "euskaltxino" bihurtu dela dio. Txinarrekin ospatzen du urte berria: “Izugarria da prestatzen duten otordua. Hamabi errezeta inguru! Besteak beste, ahate mingaina prestatzen dute, oso garestia”. Dioenez, “ez da hain erraza urte txinatarraren amaiera ulertzea; karga sinboliko handia du eta, nolabait, balantzea egiteko momentua da”.

 

Migrazio sasoia ere bada, “Udaberriko mugimendua” bezala ezaguna, munduan gutxitan joaten baitira aldi berean leku batetik bestera hainbeste pertsona. Milioika txinatarrek egiten dute senideekin elkartzeko bidaia, “ez du axola zer urruti dauden”.

 

Aurten ez da Txinako familiarekin elkartu Yuan Yue Ding, edo Joy, erraztuta. Gasteizko senideekin ospatu du, senarra gasteiztarra du eta. “Dumplingak dira janaririk ohikoenetako bat, bolatxoak, eta horixeedo beste errezeta txinatarren bat prestatzea gustatzen zait”. Dioenez, gabonetako urte amaierarekin alderatuta (“horixe komertzialagoa baita Txinan”), ohitura aberatsak dituzte udaberriko festibal honetan. Adibidez, etxeko atean kaligrafia tradizionalarekin idatzitako udaberriko koplak jartzen dituzte, eta petardoak eta su artifizialak nonahi zartatzen dira. “Nire etxean, dena den, gurasoek ez dute serioegi hartzen festa; etxea garbitu, afari on bat prestatu eta urte berrirako planen bat besterik ez dugu egiten; haientzat, jai egun bakarrean denbora eta diru gehiegi gastatzea ez da etorri daitekeenerako denbora eta dirua aurreztea bezain ona”.

 

Haiek eta lagunak botatzen ditu faltan Joyk. Ez ospakizuna bera. “Berdin dio egutegiak; zoriontsu egingo ninduke etxekoekin elkartzea, urteko eguna edozein dela”.

 

 

 

 

 

 

Honen inguruko albiste gehiago:

Hodei Arrausi, kazetaria: "Gazteak aldaketa gogoz datoz Txinan"

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide