Alfonso Alonso alkate zela eta Javier Maroto Ogasun zinegotzia zela, 2007an sinatu zen alokairuaren kontratua. Herritarrei laguntzeko bulegoak bertan instalatzeko helburuarekin, Gonzalo Anton enpresari arabarren lokal horiek alokatu zituen udalak, hogei urterako. Udalaren poltsikotik irten zen bulegoak berritzeko erabilitako dirua eta, gainera, kontratua ez eteteko hainbat klausula ere sinatu zen. Urteek aurrera egin badute ere, herritarrei laguntzeko bulegoak ez dira bertan kokatu.
Gasteizko Udalak egindako ikerketa batzordeak PPren gobernu taldeak “behar bezalako gardentasunez” ez zela aritu ondorioztatu zuen eta orain, Kontu Auzitegiaren txanda izango da. Alokairuan arduragabekeriarik izan den erabaki beharko du.
Zentzu honetan, Kontu Auzitegiak udaleko ordezkari baten presentzia eskatu du ere. Oposizioan dauden udal taldeek Idoia Martinez, udalbatzako idazkaria, proposatu dute. EAJ, EH Bildu eta PSEko bozeramaileek prentsa aurrean agertu ziren atzo eta azaldu zutenez, izendatzen den udaleko ordezkariak “objektiboa eta independentea” behar du izan. Aldi berean, PPren gobernuak kasua preskribatzearen alde egingo duela ohartarazi zuen oposizioak. “Alokairua ordaintzen segitzen dugu, beraz ez da preskribatzeko arrazoirik”, salatu zuten.
Honen inguruko albiste gehiago:
Irregulartasunak salatu dituzte Gasteizko Udalean