Auzotarrek auzoan auzoarentzat eginiko jaiak dira hauek, urtetik urtera “sustraitzen ari diren jaiak”, alegia. Beti bezala, jarduera anitz biltzen dituen programa zabala prestatu dute, ekainaren 22tik 28ra bitartean. Hasierako filosofia berari eusten diotela azaldu dute Zaharraz Harroko antolatzaileek, autogestioan sinesten jarraitzen dutela gaineratuz. “Posible delako, auzolana eta auto-antolakuntza oinarri, jai batzuk aurrera eramatea, horretarako borondaterik badago, noski. Eta Zaharraz Harro!!-n borondatea eta ilusioa behintzat, soberan ditugu”, zehaztu dute.
Alde Zaharreko jaien baliabide ekonomiko nagusiak auzoko komertzio txikiek eta tabernek emandako ekarpenak (ekonomikoa bai, baina batik bat generoa) eta horiei esker zozketan ditugun 14 saskietako sarrerak dira. Aurten 180taberna eta komertzio txiki baino gehiago dituzte laguntzaile. Horrez gain, Horrez gain, auzoarekin lotura duten kolektibo ezberdinen, jarduera ezberdinak aurrera eramaten dituzten tabernari, komertzio eta taldeen eta asanbladan parte hartzen duten auzotarren laguntza ere ezinbestekoa dela azaldu dute. Finean, jai honetako oinarria partaidetza da.
Esan bezala, asko dira hurrengo egunetarako prestatu dituzten jarduerak, besteak beste, bazkari herrikoia, Gaztetxeko guatekea, tailerrak, umeentzako ekintzak edo kontzertua. Aurten, esaterako, Santa Maria Plaza berria estreinatuko da.