Liburu honen bidez hasiera euskal obra klasiko garrantzitsuenetan hasiera eman zitzaion euskalki literarioari, ondoren euskara baturako eredua izango zena. Aziti Bihia elkarteak ale bat aurkitu du eta Euskal Herriko Unibertsitateko Letren Fakultatean aurkeztu dute, izan ere, argitaratzeko edizioa prestatzen ari dira. Aziti Bihia elkartea EHUko Letren Fakultatean doktoretza tesia prestatzen ari diren hainbat hizkuntzalari eta filologo gaztek eratu zuten duela bi urte.
Doctrina Christiana lapurtera klasikoaren lehen liburuetarikoa da, haren aurretik hauek besterik ez ditugu: Etxepareren 'Linguae Vasconum Primitiae' (1545), Leizarragaren 'Testamentu Berria', 'Kalendrera' eta 'ABCa' (1571), Betolatza arabarraren dotrina elebiduna (1596), 'Refranes y Sentencias' errefrau bilduma (1596) eta Elsoren dotrina gaur egun galdu eta ezezaguna ditugula.
Materrarenak harrera bikaina izan zuen eta askotan berrargitaratu zuten, aldaketa sakonekin, ondorengo hamarkadetan. Edonola ere, zeharkako aipuen bidez lehen edizioa 1617koa zela jakin arren, haren eduki eta itxura erabat ezezagunak izan dira garai guztietako irakurle eta ikertzaileentzat: Manuel Larramendik XVIII. mendean lehena ez beste edizio bat izan zuen eskuartean, Julien Vinsonek XIX. mende akabuan argitaratu zuen euskal klasikoen bibliografiak dagoeneko galdutzat zituen lehen edizioaren ale guztiak, eta garai modernoagoetan Materraren obraren inguruan egindako ikerketa guztien oinarria Oxforden gordetzen den 1623ko bigarren edizio aski moldatuaren eta zabalduaren ale bakarraren kopiak edo ondorengo edizio modernoak izan dira.
Iturria: EHU