Arabatran Altsasutik Mirandara doan egungo tren korridorea erabiliko lukeen garraio zerbitzua da, hain zuzen ere. Araban aldiriko trena bezala funtzionatzeaz gain, Gasteizen, tranbiaren funtzioa beteko luke.
Koalizio abertzaleak ohar batean adierazi duenez, “Garraio Azpiegituren Zuzendariak Arabatran abian jartzea ez dela komenigarria ondorioztatzen du bost lerrotan”. Kike Fernandez de Pinedo bozeramailearen aburuz, txostenean erabili dituzten argudioak “oso hutsalak eta errefusa errazak dira”.
Halaber, Fernandez de Pinedok gaineratu du Sustapen Ministro den Ana Pastorrek abiadura handia Gasteizera heltzeari “hainbatetan” epea jarri diola. “Orain dio 2019an helduko dela, baina Jaurlaritzak tren soziala baztertzea da benetan kezkatzen gaituena, hori eta hauteskundetarako hiru hilabete eskasetara, geltokiak iragartzea, existitzen ez den zerbaitetan oinarrituta”.
Azaroaren 2013an Gasteizko Udalak mozioa onartu zuen aho batez proiektuaren bideragarritasun txostena idazteko eta Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ADIFi Altsasu-Miranda trenbidearen lagatzea eskatzeko. Zentzu horretan ere Agurain, Dulantzi, Asparrena, Iruña Oka, Argantzun eta Burgosko Miranda de Ebrok ere Arabatran proiektuan egotea eskatu zuten.
2013ko urrian, Arabako Biltzar Nagusiek Arabako Gasteizko mozioa osatzen zuen beste bigarren mozio bat onartu zuten eta abenduan berriz, Eusko Legebiltzarrak aintzat hartu zuen, EAJren abstentzioarekin, ADIFi trenbidearen lagatzea eskatzea.
Hori dela eta, proiektua ez alboratzeko “hots, bere egiteko eta bide batez, lortutako adostasuna aprobetxatzeko” eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.
Honen inguruko albiste gehiago:
Araba Tran, erdi trena erdi tranbia