“Oztopoen gainetik euskaraz biziko gara”aldarrikatuko du Kontseiluak otsailaren 28an Donostian

hirinet 2015ko ots. 18a, 01:00

Kontseilua, manifestazioaOztopoen gainetik euskaraz biziko gara  lelopean manifestaziora deitu du Kontseiluak.

 

Otsailaren 28an izango da Donostian eta Gipuzkoa plazatik abiatuko da 17:30ean. Mobilizazio honekin, Euskararen gizarte erakundeen kontseiluak azken aldian hizkuntza-politiketan Estatuen zein Nafarroako Gobernuaren bidez jasandako “injerentziak” salatu nahi ditu eta aldi berean, hainbat administrazioetako arduradunek aurrera egiteko hartu duten determinazioa txalotu.

 

Kontseiluak UEMAko (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) kide diren Aduna, Antzuola, Arama, Bergara, Gaintza, Oiartzun, Oñati, Usurbil, Zarautz eta Zeraingo udal ordezkariekin batera egin zuen agerraldia eta bertan, Maren Belastegi, Bergarako alkateorde eta UEMAko lehendakariak azaldu zuen udal ordezkarien izenean egoera zein den. "Estatu espainiarrak EAEn duen ordezkariarekin helegiteak jaso ditugun hainbat udaleko ordezkariak bildu gara, hemen. UEMAko udalok hartua dugu hizkuntza-politika aurrerakoiak egiteko erabakia. Asko aurreratu dugu udalen euskalduntzean eta bide horretan sakontzen ari gara. Horregatik, asko gara Carlos Urkixoren errekerimendu eta helegiteak jaso ditugun udalak. Eta oinarri-oinarrian euskarari lehentasuna emateagatik zigortu nahi gaituzte. Horrela, euskararen balio ofiziala ari dira zalantzan ipintzen, eta hori, oso larria da", azaldu zuen.

 

Estatu espainiarrak EAEn duen ordezkariak helegiteak ezarrita ere aktak euskaraz bidaltzen jarraitzen dutela azaldu du Belastegik. Horrekin batera, "Eusko Jaurlaritzak igorri digun aldeko txosten juridikoak ere ez digu ziurtasun osorik ematen. Baina udalok izango gara Jaurlaritzaren txostena eta udalon euskarazko jarduna defendatuko dugunak", gaineratu zuen.

 

Egoera honen aurrean bat eginda erantzun beharra nabarmendu zuen. "Instituzio, eragile nahi herritarrek eskutik hartuta ireki behar diogu euskarari. UEMAtik ahalegin berezia egingo dugu erantzun hori afera honi eman beharreko soluziobideekin lotzen. Izan ere, ez da nahikoa udalei babesa adieraztea. Euskaldunon eskubideak bermatu eta euskaraz aritzea juridikoki babesteko moduak bilatu behar ditugu, ezinbestean. Baita horretarako, legea bera egokitu behar bada ere", esan du.

 

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok azaldu zuenez, “Carlos Urkixo ez da bakarra hizkuntza-politika aurrerakoiak egiten dituzten administrazioen aurka ari dena; izan ere, Estatu frantziarraren ordezkari Patrick Dallennes eta Nafarroako Gobernua ere bide beretik ari dira”.

 

"Kasu hauek agerian uzten dute euskaldunak ez garela askeak. Gaur gaurkoz, ez daukagu guk nahi dugun hizkuntza-politika egiteko dugun eskubidea aitortua. Hori ukatu egiten zaigu. Erabaki hauekin, ikusten ari gara euskarari balioa kendu nahi diotela, beti frantsesaren edo gaztelaniaren ondoan agertzera behartuz", esan zuen Bilbaok.

 

Egoera honen aurrean, helegiteak jaso dituzten udaletako arduradunek euren jarrera argi azaldu dute eta hartutako erabakia irmotasunez defendatu dute, aurrera jarraitzeko determinazioa erakutsiz. Ez dute euren erabakian atzera egingo. Oztopoak oztopo, euskaraz bizitzeko erabakiari eutsi diote, UEMAko kide diren udaletako ordezkari hauek argi azaldu zuten moduan.

 

Ildo horretan, Kontseiluko idazkari nagusiak arduradun politiko hauen jarrera babestu zuen. "Arduradun politiko hauek hartu duten erabakia txalogarria da eta euskalgintzak zein euskaraz bizi nahi duten herritarrek erabaki hori babestu eta eskertzen dugu. Hain zuzen ere, horregatik antolatu dugu otsailaren 28ko manifestazioa. Gure hizkuntza-politikak gauzatzen uzten ez diguten guztien jarrera salatzearekin batera, aurrera egiteko erabakia hartu duten horien jarrera txalotuko  eta eskertuko dugu. Eta gainerako instituzioak ere hauek abiatutako bideari jarrai diezaioten animatu nahi ditugu, gero eta gehiago izan daitezen", adierazi zuen Bilbaok.

 

Manifestazioa, Donostiako Gipuzkoa plazatik abiatuko da hilaren 28an, arratsaldeko 17:30ean eta Bulebarrean amaituko da. Euskaraz bizi nahi duten herritar guztiak bertan parte hartzera gonbidatu dituzte.

 

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago