Kalean, mezu arrazistak eta Aldundian, ika-mika ‘Zero tolerantzia’ kanpaina dela-eta

hirinet 2015ko ots. 18a, 01:00

Mezu arrazistak jaso ditu Gasteizen bizi diren afroamerikarren ‘Afro’ elkarteak.

Elkarteak duen egoitzako atean bertan topatu zuten pegatinak honela zioen: “lanik ez da falta, etorkinak soberan daude”  eta erdian, naziek erabiltzen zuten svastika bat ere ageri zen.

 

‘Afro’ elkartea1994 urtean sortu zen hiriburura heltzen diren etorkin afroamerikarren integrazio soziala sustatzeko eta salatu dutenez, jazotakoak elkarteak ordezkatzen duen jende ororen duintasunaren kontrako “atentatua” da.

 

Bien bitartean, hautsak harrotu ditu Arabako Foru Aldundiak abiatu berri duen ‘Zero tolerantzia’ kanpainak. “Giza eskubideen sentsibilizazioa eta balio demokratikoen berrespena” du xede Javier de Andresen gobernuak aurkeztutako kanpainak. Herritarren eta, batez ere, gazteen inplikazioa lortu nahi dut bost ardatz nagusi dituen kanpaina honekin: fanatismoa, indarkeria matxista, homofobia, mutilazioa eta adinekoen kontrako tratu txarrak.

 

EH Bilduren ustetan, “PPk etorkinen aurka martxan jarri duen kanpaina xenofoboa elikatu” nahi du. Hori dela eta EH Bilduk  bertan behera uzteko eskatu dio De Andresen gobernuari. “Bestela, ez genuke ulertuko zergatik lotu dituen fanatismoa Islamarekin, oinarrizkoa diren bost eskubide horien artean ablazioa sartzea edo gure mugetatik kanpo dagoen arazo bezala homofobia ulertzea”, zehaztu du koalizio abertzaleko biltzarkidea den Itziar Lekuonak.

 

Argazkia: Twitter

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago