Epaileak erabaki behar du auzibidera jo Hiriko auzian Fiskaltzak sustatzaileei iruzur egitea egotzi ostean

hirinet 2015ko ots. 17a, 01:00

Arabako Fiskaltzak kereila kriminal bat aurkeztu du Hiriko ibilgailu elektrikoa sustatu zutenen kontra.

Iosu Izagirre Arabako fiskal nagusiak iazko uztailean hasi zuen ikerketa eta aurki, horren ondorioak igorri dizkio epaileari. Besteren artean, diru funts publikoak bidegabeki erabiltzea, dirua zuritzea, administrazioari iruzur egitea eta dokumentuak faltsutzea bezalako delituak egotzi dizkie Hiriko autoaren sustatzaileei.

 

Orain, epailearen txanda izango da. Dokumentazio guztia Gasteizko Instrukzio Auzitegiko hirugarren epaimahaiko epailearen esku dago; hortaz, berari dagokio auzibiderik hasiko duen edo ez erabakitzea.

 

Euskal Herriko enpresa talde batek eta MIT Massachusset Institute of Tecnology-k abiatu zuten Hiriko eta hainbat diru laguntza jaso zuen. Espainiako Gobernuak 15 milioi euro eman zizkion eta Eusko Jaurlaritzak beste 2,7 milioi euro. Lehen ibilgailuak 2013rako egon behar ziren, baina urte horretan bertan produkzioari aurre egiteko finantzabiderik ez zeukatela argudiatuta proiektua bertan behera geratu zen.

 

Epsilon egitasmoarekin gertatu bezala, Legebiltzarrak ikerketa batzordea abiarazi zuen iaz Jaurlaritza eta administrazio publikoek nola jardun zuten ezagutzeko helburuarekin. Batzordea amaituta, Arabako fiskal nagusiak hartu zuen lekukoa, gaur arte.

 

 

Iturria: Berria.eus

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago