Araban ere, basoa bete sagardo

hirinet 2015ko ots. 16a, 01:00

Kanpotik iritsi da afizioa, baina berta-bertakoak dira sagarrak eta sagardoa. Txotxa ireki dute Aramaio eta Trebiñuko sagardotegiek. Udaberrira bitartean, 20.000 litrotik gora edango dituzte arabar eta bisitariek.

 

Ardobeltzak sagardoa zokoratu zuenetik, Arabako baserri bakan batzuk etxean edateko botilak baino ez zituzten prestatzen sagarrondoen uztarekin. Azken urteetan, baina, lurraldeko sagarren zukua berriro atera da plazara: ia 4.000 sagarrondok emandako 30.000 litro sagardo inguruk bustiko dute aurten Arabako txotx garaia.

Gaur egungo sagardogintza arabarraren jardunean aitzindari izan zen duela hamazazpi urte Gasteizko Juanjo Peciña: “Anaia eta biok kapitala utzi eta, hainbat proiektu aztertu eta gero, txoko hau aukeratu eta sagardoa egiteko erabakia hartu genuen”. Bizkaiko ahoskerarekin mintzo da, euskaldunberria dela ohartarazi baina euskaldunzahartu den kapitaleko baserritarra. Bere anaiarekin aukeratu zuen txoko hori Aramaioko bailarako Iturrieta baserria da, Bizkaia eta Gipuzkoarekin mugan, Arrasatetik zazpi kilometrora eta geografikoki Debagoiena eskualde gipuzkoarrean dagoen Arabako udalerri bakarrean. Auzokide gipuzkoarren antzeko klima euritsua eta lur aldapatsua dituzte eta, hortaz, beretsua izaten da ere bertako 1.300 sagarrondoen emaitza. Aurten, 20.000 litro edari jaso dituzte, edanerrazak: “Lehengo uzta oso suabe irten da, udan eguzki gutxi izan genuelako eta, ondorioz, azukre eta alkohol gutxi dauzkalako; bigarren txanda, urrikoa, goxoagoa da, argi gehiago izan genuelako; beraz, kupela guztietan dago edateko erraza den sagardoa”.

 

 

Arabako sagarraren bila

Baserriko frutarekin egin ohi dute sagardo guztia, eta nahikoa ez duten denboraldi bakanetan, “bailarako edo Euskal Herriko beste sagar batzuekin, inoiz ez kanpotik ekarritakoekin”. Baratzean Asturiaseko barietate batzuk badituzte ere, Euskal Herriko aldaerak dira dituzten sagar mota gehienak eta, azken urteetan, “Arabako sagarraren bila” ari dira lurraldeko frutikultore eta ekoizleen ASSE elkarteko kideak. “Bertako baratzeetan egon ohi ziren sagarrondo barietateak aurkitu nahi ditugu, eta txertoen bidez horien desagerpena saihestu. Guretzat garrantzitsua da identitate propioa izango duen Arabako sagardo bat lortzea”.

Sagardo hori sagardotegietan bertan eskaintzeko asmoa dute, merkatura irteteko baldintza egokirik ez dutelako ikusten. “Txekiakoak eta Normandiakoak izaten dira hemengo supermerkatuek saldu ohi dituzten sagarrak, merke ekartzen dituztelako handik. Hemen, banatzaile handiek oso prezio baxuan ordaintzen digute sagar kiloa, eta kostatzen zaiguna baino merkeago saldu behar badugu... akabo”. Ekonomikoak ez diren beste irizpide batzuk hartu beharko lirateke kontuan Juanjo Peciñaren iritziz: “Bertako ekoizleok prozedura ekologikoak erabiltzen ditugu, nahiz eta horrek batzuetan uztak murriztu, eta gainera fresko saltzen ditugu sagarrak, milaka kilometroko biderik egin gabe. Osasuntsuagoak eta ingurugiroarentzat hobeak dira, eta hori aintzat hartu behar da”. Oraingoz, txotx garaian edaten ez den sagardoa udako txosnetan eta taberna bakan batzuetan eskaintzen dute.

 

 

Zerikusia izango du ekologikoaren aldeko apustu horrek baserritik Orixol, Anboto, Aizkorri eta Aratzen soslaiak goizero ikusteak. Paraje horiek erakartzen ditu bezeroetako asko Iturrietara: “Paisaia ikusi ahal izateko eta bazkaldu aurretik men- dira joateko edo, komentsal gehienek eguerdia aukeratzen dute”. Duela bost urte arte, Debagoienako herritarrak joaten ziren gehien bat Aramaioko sagardotegira, baina duela lau urte Abiadura Handiko Trenaren (AHT) bidea egiteko, Debagaraitik Aramaiora bitarteko errepide nagusia moztu, eta inguruko bezeroak galdu zituzten. “Gasteizen propaganda gehiago egiten hasi behar izan ginen, eta asmatu genuen! Orain, hiriburutik datoz sagardozale gehienak”. Jantoki berri bat ireki behar izan dute, guztira 140 pertsonei bakailao tortilla, txuletoia eta gazta eta intxaurrak eskaintzeko.

 

 

 

 

 

 

 

Trebiñun ere, txotx

Gasteiztik hogei kilometrora bakarrik egoteak hiritar asko erakartzen ditu Trebiñu sagardotegira ere. Duela zortzi urte ireki zituen kupelak Askartzan Koldo Martinezek, eta urtean sei mila eta zortzi mila litro inguru ematen dizkiote bere 2.500 sagarrondoek. “Nahikoa, 50 pertsonentzako jantoki txikia baitugu”. Kokalekuagatik, bertako sagardoa ezberdina ote den galderaz aspertuta nabari zaio azkartzarrari: “Gipuzkoako sagardoaren oso antzekoa da gurea, agian finagoa, leuna. Edonorentzat aproposa, baina norberak probatu behar du”. Asteburu batean berrehun litro sagardo inguru edan ditzakete bezeroek. Iturrietako Juanjo Peciñak dioenez, “eman dezake gehiago dela, baina bataz bestez pertsona bakoitzak litro bat inguru edaten du. Tira, batzuk gutxiago... eta beste batzuk askoz gehiago!”.

Gutxiago, azken asteburuetan, “elurra dela eta, familia eta kuadrilla gehienek bertan behera utzi dituztelako erreserbak”. Elurrarekin borrokan aritu izan dira Juanjo Peciña eta Koldo Markinez azken bi asteotan, eta hemendik aurrera sagardo denboraldia berriro indartuko dela espero dute. Maiatza arte iraungo du txotx garaiak, baina ondoren ere kupelak ireki behar izango dituzte. Aramaion, “beti dagoelako kanpotarren bat kupela irekitzeko eskatzen duena, tradizioa ezagutu nahi duelako”; eta, Trebiñun, urte osoan zehar irekita uzten dituzten upel hotz batzuk dauzkatelako.

 

“Eta frackingari buruz, ez didazue galdetuko?”, ohartarazi du Peciñak Aramaiotik. Izan ere, aurten Fracking Ez taldeak ireki baitu Arabako txotx garaia. “Ostalariak baino lehen, baserritarrak gara, eta baserritar moduan frackingak asko kezkatzen gaitu”. Hortxe Iturrietako buruak utzi nahi duen oharra. Hori, eta baikortasun puntu bat, “ardorik onena dugun lurraldean, sagardoari ere leku bat ireki diogulako”.

 

Egilea: Itsaso Estarrona, Arabako ALEA

 

 

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago