Ordutik ia 200 txango egin ditu GEUrekin mendira taldeak Euskal Herriko hainbat txokotan. Mendi apalak eta handiagoak tartekatzen dira hilabetean behin antolatzen dituzten txangoetan, gehienetan azken aurreko igandean. Mendi talde hau euskaldun ororentzat zabalik dago.
Urteurrena denon artean ospatzeko hainbat ekintzaz osatutako egitarau zabala antolatu dute. Otsailaren 19an, ostegunean, lau mendi-talderen eta mendira joateko lau modu desberdinen berri izango dugu Oihaneder Euskararen Etxean. Neskalatzaileek, Marimendi mendi taldeak eta Goierriko Mendizale Beteranoek euren mendiko jarduna nolakoa den kontatuko dute ‘Mendian gora modu askotara joan daiteke’ izenburuko jardunaldian.
Halaber, otsailaren 20an, ostiralean, urteurrena behar bezala ospatzeko afaria izango dute GEUrekin mendiko lagunek Aiztogile kaleko Jango tabernan. Izena emateko geurekinmendira@gmail.com helbidera mezua bidali behar da otsailaren 13a baino lehen. Eta ospakizunen asteburuari amaiera emateko, otsailaren 22an, igandean, nola ez, mendi-irteera Mirutegi–Baio eta Katarriko labirintoa ezagutzeko. Irteeran parte hartzeko ez da aurretik izena eman behar. Beti bezala, Mendizorrotzako aparkalekutik irtengo dira goizeko 8.30ean.