Mikel 'Koeman', Gauekoak-eko zuzendaria: "Kalea berreskuratu behar dugu"

hirinet 2015ko ots. 16a, 01:00

Gauekoak federazioko zuzendari berria lonjako oskoletik atera eta kalea gehiago zapaltzera animatzen ditu gazteak Mikel 'Koeman'-ek (Gasteiz, 1984) "kultur mugimendu handia dago, baina tamalez, askok ez dute ezagutzen". Gazteei euren proiektuak gauzatzen laguntzea eta azaleratzea da orain bere erronka.

 

Zorionak.

Mila esker.

 

Gidari berria... norabide berria?

Proiektuaren ildoa federazioko elkarteek erabakitzen dute. Ni lantaldeko zuzendari berria naiz, eta nire ideiak ere hor egongo dira, baina momentuz, orain arteko norabidean jarraituko dugu lanean.

 

Zein da norabide hori?


Gazteak entzun eta haien proiektuak aurrera eramaten lagundu. Gure ekintza guztiak gazteentzat eta gazteek eurek eginak dira.


 

Zer motako proposamenak egiten dizkizuete?


Mota guztietakoak. Iaz, adibidez, proiektuak jasotzeko deialdi ireki bat egin genuen, eta denetarik jaso genuen: jarduera frikiak, antzerki tailerrak, argazkiarekin lotutako ekintzak...


 

Zergatik jotzen dute zuengana? Zailta- sunak dituzte bestela bere proiektuak gauzatzeko?

Gazteak gugana datoz, gurekin hitz egitea eta lan egitea erraza delako eta laguntza jasotzen dutelako. Ideiak gauzatzen laguntzen diegu. Udalera jotzen dutenean, gauzak ez dira hain errazak. Zergatik? Askotan, erabiltzen duen hizkuntza gazteen hiz- kuntzatik urrun dagoelako. Guk itzultzaile lanak egiten ditugu.

 

Burokrazia gehiegi ezartzen du Udalak?

Ulertzen ez ditugun hitzak erabiltzen dituzte, eta proiektuak gauzatzeko idazkiak betearazten dizkigute, hizkuntza jakin batean, gazteok erabili ohi ez dugun hizkuntza batean hain zuzen. Horregatik, paper horiek betetzen laguntzen diegu guk gazteei.

 

Orduan, gauzak erraztu beharko lituzke Udalak?


Agian bai, baina gauza bat gertatzen da: gazteok Udala hitza entzuten dugunean, normalean ez dugu zerikusirik izan nahi, nahiz eta haiek gauzak erraz jarri. Horregatik, errazagoa da Gauekoak bezalako eragile batentzat gazteekin lan egitea.

 

Zenbat elkarte zarete orain?

Hogeita bost inguru.

 

Zer motakoak?

Denetarik dago: dantza elkarteak, antzerki elkarteak, kirol elkarteak, manga elkartea, rol jolasen elkartea, furgoneta klasikoen elkartea, friki elkartea... tira, frikiak guztiok gara...!

 

Hala ere, askotan entzuten dugu gazteak ez direla antolatzen...

Gauekoak-en 25 elkarte gara, baina gehiago daude. Elkartu, gazteak elkartu egiten gara, baina batzutan ez da ezagutzen non eta nola...

 

Zergatik gertatzen da ezezagutza hori?

Ni manga eta anime zalea baldin banaiz eta lonjan beste manga zale batzuekin biltzen banaiz baina ez bagara hortik irteten... gainerako gazteok ez gaituzte ezagutuko.

 

Zuek mugimendu hori kalera ateratzen saiatzen zarete, ezta?

Bai, gazte horiekin hitz egiten dugu, Gasteizko gainerako gazteek ezagutu ditzaten, eta ekintza horiek kalera ateratzera animatu daitezen.

 

Hitz egin dezagun gauekoak federazioari buruz. nerabea da jada...

Hamabost urte, bai!

 

Zertan aldatu da?

Jaio zenetik asko aldatu da, batez ere azken laupabost urteotan. Lehen gizartetxe bakar batean aritzen ginen, eta droga eta alkohol kontsumoa saihestera bideratuta zegoen gure jarduna; orain, kontsumo hori murrizteko lan egiten dugu ere, baina, horrez gain, kultura gazteengana iristea dugu helburu eta Gasteizko beste leku batzuetara irten gara.

 

Zer motako gazteak gerturatzen dira ekintzetara?


Ekintzaren arabera. Breackdance txapelketa bat egiten badugu, kirolzale eta dantzazale oso gazteak gerturatzen dira; antzerki bat eginez gero, gazte nagusiagoak...

 

Eta gazteria, zertan aldatu da?

Hamabost urte hauetan, ni ere aldatu naiz, duela hamabost urte nik ere hamabost nituelako...! Uste dut lehen gehiago ateratzen ginela kalera. Orain lonja eta lokaletan biltzen dira gazteak. Badaude kultura nahi duten asko, baina sarritan zaila da horietako batzuengana iristea. Gu gazteagoak ginenean, ez genuen lonjarik; kalean egoten ginen.

 

Gasteizko gazteek kalea berreskuratu behar dute?

Bai, nik uste dut baietz. Lehen, kalean egiten zen edozer ekintzatan, antzerkia zein kirol txapelketa izan, gu han geunden. Lonja batean sartuz gero... kostatzen da irtetea. Kalea berreskuratu behar da, bai.

 

Ba al dago gazteentzat nahikoa pizga- rririk gasteizen? gazteentzako hiria da?

 Ekintza pilo dago, baina agian gazteek ez dute dagoena ezagutzen. Nik froga egin dut ikastetxe batean. Gazteei hauxe galdetu nien: zer egin nahi duzue asteburu honetan? Ez zegoela ezer erantzuten zidaten; ordenagailuetara joan, eta harrituta geratu ziren zeuden kultura hitzordu guztiak ikustean. Agian gazteak informatuta egoteko kanal bat falta da.

 

Zer proposamen duzue aurten gasteizko gazteentzat?


Deialdi bat irekiko dugu, gazteen proiektuak jaso eta horiek gauzatzeko. Baina horretarako, diru-laguntza behar dugu.

 

Zer espero duzue Udaletik?

Oraindik ez dakigu ziur. Iaz, %65eko murrizketa egin nahi ziguten....

 

Murrizketa horrekin, aurrera jarraitu lezake Gauekoak-ek?

Ez, printzipioz ez.

 

Eta orduan? Zer egingo zenukete artazikada hori pairatuz gero?


Prentsara joango ginateke. Zarata aterako genuke. Programazioa ezin dugu hain diru gutxirekin aurrera eraman.

 

 

Egilea: Itsaso Estarrona, Arabako ALEA

 

 

 

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago