Gazteen lan eskubideak jasotzen dituen gida aurkeztu dute LABek eta Ernaik

hirinet 2015ko ots. 13a, 01:00

LAB sindikatuak eta Ernai gazte antolakundeak duela urte beteko aliantzari segida emanez, gazteen lan eskubideak jasotzen dituen gida aurkeztu dute.

Gazteriak dituen lan eskubideak ezagutaraztea helburu, ‘Gazteontzako Lan Eskubideen gida’ izeneko liburuxka aurkeztu berri dute. Aldi berean, gida honek “borroka tresna” ere nahi du izan, “ukatuak ditugun eskubideen aldeko borroka indartu eta bestelako eredu sozioekonomiko bat eraikitzeko”.

 

Aste honetan bertan, Gasteizko hainbat merkataritza gunetan izan dira langile gazteen artean gida banatzen. Krisiaren aitzakia hartuta, gogoratu dutenez, “gazteriak aurrekaririk gabeko erasoak jasaten ari da”. Hori dela eta, “egoera larri honen aurrean, dagozkigun eskubideen berri izan eta norabide berean bultzatzeko unea” dela uste dute LABek eta Ernaik.

 

Argitara eman berri den gidaren edukiaren inguruan, lau ataletan banatuta dago. Lehendabiziko atalean, lan merkatuan sartu aurretik kontuan hartu beharrekoak jasotzen ditu, aldi baterako lan enpresak zertarako diren eta bekadun moduan dituzten eskubideak, besteak beste. Bigarrenean, lan kontratuaren inguruko zehaztapenak azaltzen dira. Ondoren, kontratua sinatu ostekoak islatzen dira liburuxkan. Eta, azken atalak lan kontratuaren amaiera du hizpide, baita kaleratzeen aurrean zer egin eta nora jo ere.

 

Guztira, 12.000 ale argitaratuko dituzte eta zabalpenerako hiru eremu identifikatu dituzte: unibertsitate eta lanbide heziketako zentroak, kalea eta enpresak.

 

 

Deskargatu:

 

‘Gazteontzako Lan Eskubideen gida’

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago