Ziurrenik, izen horrek gutxi esango die blog honetako ohiko irakurleei, batez ere gasteiztarrak ez direnei. Jose Mari aspaldiko pertsonaia maitagarria, lagun zintzoa, nuen Gasteiz eta Arabako gizarte-paisaian.
Jose Mari 1964an ezagutu nuen, buruz-buruko gure lehen topo egitea hamasei urte geroagora arte gauzatu ez bagenuen ere. Irrati uhinen bitartez izan nuen haren lehen berri, Radio Vitorian iganderoko arratsaldeetan emititzen zuen saioa Uribarri Ganboako nire etxean sintonizatzen hasi ginenean. "Euskal Jaia" bataiatu zuen bere ekarpen erakargarri hura, eta niretzat askatasunezko ahokada fresko suspergarria bilakatu zen irratsaioa, bizi genuen inguru gris ilun hartan.
Jose Marik programatzen zituen euskal kanta eta euskarazko azalpenek Gasteizen ere mundu diferente bat sor zitekeela erakusten zuten igandero. Bazen itxaropenerako leiho bat! Handik zenbait urtetara, 1984ko otsailaren 19an hain zuzen, "Euskal Jaia"k lehen milagarren saioa bete zuenean, omenaldi bat eskaini zitzaion Jose Mariri Gasteiko Printzipal antzokian. Eszenategian Mikel Laboak euskal abeslarien eta, oro har, euskal kulturaren eskerrona luzatu zion, eta besarkada anaikorrean lotu ziren bi lagunak. Espektakuluari segitu zion bazkarian hitz egin behar izan nuen, eta Jose Mariri zuzendu nizkion hitzetan bere adore eta kemen arabarra nabarmendu nuen, eragozpen eta oztopo askoren gainetik defendatu baitzuen beti Araba euskaldunaren errealitatea.
Elkarrekin emandako gure azken orduak iragan abenduaren 30ean izan ziren, Burgos aldean. Urrezko Zeledonen ohorezko presidentea zen eta txango batera gonbidatu gintuen. Astindu ederra eman genion oroitzapenetako arasari, ugari baikenituen elkarrekin jorratutako bizipenak, Jose Marik zuzentzen zuen "Gasteiz" urtekarikoak, esaterako. Urtetan eskatu zidan artikuluren bat idaztea. "Baina euskaraz" gehitzen zuen eskabidea telefonoz egiten zidanean.
Euskaltzale arabar handi bat joan zaigu. Hazia erein zenuen, Jose Mari, uzta ziurtatuz. Eskerrik asko eta ikusi arte!
Egilea: Jose Mari Velez de Mendizabal
Iturria: http://txemax.blogspot.com.es/