Aniztasun horren erakusgarri izan nahi dute eta, horretarako, inauterietan kolorez jantzi nahi dituzte hiriburuko kaleak.
Zer aurkituko du larunbatean Gora Gasteiz-en karrozara gerturatzen denak?
Karroza alai bat topatuko du, anitza, koloretsua, solidarioa, kulturalki aberatsa... dibertitzeko gogoz dagoen lagunez betetako karroza izango da eta hiri eredu barneratzaile bat defendatuko duena, koloretsua!
Zein da inauteri hauetarako aukeratu duzuen gaia? Zein izango da mozorroa?
Taldea jaio zenetik, 2014ko uda hartatik, nagusi izan den gaiarekin jarraituko dugu. Kolorea! Kolore bilakatu zaitez eta mozorrotu zaitez kolorez, Gasteizek izan beharko lukeen aberastasun eta aniztasun horren erakusle. Ikusten duzuen moduan oso erraza da gaia. Kolore bat aukeratu, kolore hori zure egin eta kaleak hartzera!
Hainbat entsegu izan dituzue. Edozeinek parte har dezake?
Noski baietz, edozein etorri daiteke. Eta baten batek oraindik ez badu erabaki, parte hartzera gonbidatu nahi dugu, jaia eta aldarrikapena batuko dituen karroza honetara. Koreografia ikasteko bi saio egin ditugu baina benetan erraza da dantza; alegia, dantza ez jakitea kanpoan geratzeko aitzakia ez dela kar kar. Ilusioa piztu da kideen artean eta mozorroak prestatzeko ere hainbat lantegi izan ditugu azken egunetan.
2014an sortu zen Gora Gasteiz, Javier Maroto alkatearen adierazpenen ondotik. Alkatearen kontrako karroza izango al da?
Gora Gasteiz hiri eredu bat eraikitzen duen ekinbidea da eta, era berean, hiri eredu horren kontrako mehatxu eta erasoak salatzen dituena. Alkatearen adierazpen arduragabeak salatu ditugu, herritar talde baten kontra egindako adierazpenak direlako, etorkin eta pobre izateagatik jasan behar dituztenak eta liskar giroa piztu dutenak. Uste dugu ezin direla gizarte laguntzak hauteskundeetarako erabili, eta ezin daitezkeela laguntza hori jasotzen dutenak kriminalizatu. Bide horretan, Gora Gasteiz-ek harago joan nahi du, ez dugu PPren kontra egiten, ezta euren alkatearen kontra ere, hiri eredu anitz, ireki eta solidario baten alde baizik. Gure helburu nagusia hiri eredu hori eraikitzea da, herritar guztientzat eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalak bermatuko dituen hiri eredua.
Alkatearekin bilerarik izan al duzue? Eta beste alderdiekin? Zer iruditu zaie Gora Gasteiz ekinbidea?
Oraingoz ez gara alderdiekin izan, baina maila pertsonalean ia alderdi guztietako bozeramaileekin egon gara eta guztiek eman diote babesa ekinbideari. Herri ekinbide bat da, eta lehentasuna herritarrek eta herritarren eskubideak bermatzeko lan egiten duten taldeek dute.
Ustezko iruzurra dela eta, diru sarrerak bermatzeko errenta banatzeko irizpideak aldatzeko proposatu du, berriz ere, aste honetan Marotok. Beharrezkoa al da?
Ez, noski. Kontrakoa egin behar da, hain zuzen. Krisi ekonomiko garaia bizi dugu eta herritar asko benetan oso gaizki ari da pasatzen. Inor ez da pobre nahi duelako. Prestazio hori sortu zen, hein handi batean, gure sistemak sortzen dituen desberdintasunei konponbide bat jartzeko eta inor kanpoan geratu ez dadin bermatzeko. Gizarte kohesiorako elementu bat da laguntza hori, modu duin batean bizitzeko beharrezkoa den gutxieneko sarrera bat bermatzen duena. Argi eta garbi esan behar dugu: ezin da pobrezia kriminalizatu.
Politikariek zuen karrozan lekua izango al dute? Zer mozorro eraman dezake Marotok, esate baterako?
Gure karrozan herritar guztiek dute lekua. Eta Maroto zertaz mozorrotuko nukeen? Galdera ona, kar kar... Nik kolorez mozorrotuko nuke! Ondo jabetu dadin Gora Gasteizek daraman aberastasun kulturalaz, aniztasunaz eta solidaritateaz, eta herritarren maila berean egon dadin! Horren zuzenak ez diren beste mozorro batzuk ere bururatzen zaizkit baina kar kar.
Nolakoa izan da parte-hartzea plataforman? Etorkinen komunitateek parte hartu dute? Zaila izaten da bozeramaile etorkina duen plataforma bat aurkitzea.
Egia da horrela dela, baina hori da, hain zuzen, Gora Gasteiz-en erronketako bat: batzea eta denok batera lan egitea. Orain artean hainbat elkarte gerturatu dira: Marokoko hainbat talde, Aljeriako beste hainbat, meskitetako hainbat kide, Mendebaldeko Saharakoak, Colombia-Euskadi elkartea... Gainera, Batera, Goian, Sareak Josten, Munduko Arrozak, Kira elkartea, Harresiak Apurtuz eta beste hainbat ere izan dira, euren taldeetan etorkinak dituzten taldeak.
Zer prestatu duzue apirilaren 18rako? Plataformarentzat egun nagusia izango da?
Gora Gasteiz-entzat egun garrantzitsua izango da bai, eta baita Gasteizko herritar guztientzat ere. Egun horretarako ekintzak prestatzen lan handia egiten ari gara. Hainbat talde eta herritar ari dira egun hori prestatzen. Ziurta dezakegu defendatzen ari garen hiri eredu anitz eta solidario hori ikusiko dugula. Horrekin batera beste hainbat jarduera prestatzen ari gara.