Esku-ur-iz sustraiak!

hirinet 2015ko ots. 11a, 01:00

 

Argia,

Energia, izar

Izpia.

 

Hotz, elurra.

Epel, euria.

Bero, lurruna.

Materia bizia,

Ura.

 

Hezurra eta lurra

jaiotzen den haurra,

eguratsez elikatzen

gaituen zura.

Haritza, zuhaitza.

 

Beti izorra dagoen ama,

Natura!

 

Gizakia izadiarekin bat,

                               Gizabidea.

Gizakia gizakiarekin bat,

                               Eskubidea.

 

Eskuaren Kultura!

(lanaren kultura)

 

eskuarekin eskaini,

eskuarekin eskatu,

eskuarekin eskertu.

 

Eskua ez da

besoaren amaiera, zera da,

Gizabidearen ideiaren irudikapena.

 

Eskuara ez da

hitz multzo bat, zera da,

Herri baten bizieraren adierazpena.                            

 

Eskualherria ez da

lurralde zati bat, zera da,

Eskuaraz bizi den gizaki taldea.

 

…eskualdeko eskuarteak eskukotasunez eskuratzeko eskualdia,

                                                             eskubidez!   gizabidez!   maitasunez!

 

Hau da,

eskualdunen jokaera,

eskualdunen jarrera,

gizakien izaera.

 

izan, banaiz gizaki,

izan, banaiz izaki,

izan, banaiz izpiritu,

izan, banaiz izadi, baina nola bizi naiz?

 

Egilea: Naiara Ibisate García

 

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago