23 konpartsa eta 5.800 pertsona baino gehiagok parte hartuko dute aurtengo Inauterietan

hirinet 2015ko ots. 13a, 01:00

Gasteizko Inauteriak otsailaren 12an hasiko dira, Ostegun Gizenean, eta otsailaren 17ra arte iraungo dute. Aurtengo desfilean jende gehiagok parte hartuko du, guztira, 23 konpartsa eta 5.800 pertsona baino gehiago izango dira.

 

Kultur Plangintzaren eta Jaien zinegotzi Iñaki García Calvok aurkeztu zuen atzo 2015eko Inauterien egitaraua, Errekatxiki Santa Lucía auzo elkarteko inauterietako konpartsaren ordezkariez lagunduta. "Konpartsak Inauterien funtsa dira, beraz, oso garrantzitsua da horien parte hartzea. Herritar guztiak animatu nahi parte hartzera", nabarmendu zuen Iñaki García Calvok.

 

Otsailak 12, osteguna

Ostegun Gizenean, 17:30ean,  Arabatxo Arabako abesbatzen federazioko haur abesbatzen ibilbidea hasiko da. Bertan, Udal Folklore Akademiako abesbatzek, dantzariek eta musikariek parte hartzeaz gain, eskolania eta aurre-eskolania hauek ere parte hartuko dute: Lumturi, Olabide, Vedruna, Marianistas, Samaniego eta Vera Cruz.

 

Hiriko auzo eta kaleetan ibili ondoren, plaza Berrian elkartuko dira, 19:30ean. Bertan "Jueves de Lardero" kanta arabar tradizionala eta Xabi Sarasolaren "Lau Euskal Abesti" kantatuko dituzte. Ondoren, eguna amaitzeko, txorizoz betetako ogiak banatuko zaizkie parte-hartzaileei.

 

Otsailak 13, ostirala

Indarra Kultur Elkarteak "Indarterriak" ikuskizuna eskainiko du, landa eremuko euskal Inauterietako pertsonaietan oinarritutakoa; 21:00etan izango da Andre Maria Zuriaren enparantzan.

 

Otsailak 14, larunbata

Gasteizko margolarien kalejirak ekitaldiei hasiera emango die; Geltoki plazatik Andre Maria Zuriaren plazaraino. KUNBALAYÉ batukada taldeak margolariak irudikatuko ditu eta hankaluze talde batez lagunduta hurrengo ibilbidea egingo dute:  Dato kalea, Posta kalea, Andre Maria Zuriaren plaza, Posta kalea, Dato kalea eta San Prudentzio kalea. Kalejira 13:00etan hasiko da. Eta Arka plazatik pasatzen direnean Ibiltariari mozorroa jarriko diote.

 

18:00etatik 20:00etara, Udalak eta Arabako Pastelgile eta Gozogileen Elkarteak Inauterietako 2000 ogi-torrada banatuko dituzte doan.

 

19:00etan, Inauterietako konpartsen lehen desfilea irtengo da Legutianoko atetik. Aurtengo edizioan guztira 23 konpartsek eta 5.828 pertsonek hartuko dute parte, beraz, partaidetza-marka gaindituko da. Desfilean egingo den ibilbidea hurrengoa izango da:  Bilbo plaza, Frantzia kalea, Bake kalea, Ramon Ortiz de Zarate, Florida kalea eta Florida parkea.

 

Egunari amaiera emateko, 23:00etatik aurrera, Orquesta Show Maxims arituko da Espainia plazan.

 

Otsailak 15, igandea

Eguerdian, bigarren konpartsa desfilea aterako da. Konpartsak 11:30ean elkartuko dira Legutianoko atean 12:00etan abiatzeko. Ibilbidea larunbatean egingo den ibilbide berbera izango da.

 

Otsailak 17, asteartea

Inauteriei amaiera emateko, ohiko sardinaren erreketa egingo da. Joselu Anaiak taldeak haur eta gazteentzako dantzaldia eskainiko du 18:00etatik 20:00etara. Arratsaldeko 20:00etan, aurtengo Inauteriak amaitutzat emango dira sardinaren hileta eta erreketarekin.

 

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago