Mendeak ez, milurtekoak egin beharko genituzke atzera, gaur egungo egutegi gregoriarra oraindik erabiltzen ez zen garai urrutietara, denbora inoiz agortzen ez zen gure arbasoen mundu hartara, denbora ez baitzen lineala, ez baitzuen hasiera eta amaiera definitibo bat, ez baitzituen iragan, orain eta etorkizun bateraezinak, baizik eta behin eta berriz itzultzen ziren aroak, joan bezala berriro etortzen zirenak; hil eta berpizteko, erritualen magia behar zutenak, inauteriak bezalako errituena.
Negu gordina lurperatu eta udaberriari berriz jaiotzen laguntzeko modua izan dira inauteriak luzaroan. Ziklo aldaketaren errepresentazio sinbolikoa, loaldian dagoen natura esnarazi eta indartsu birsortzeko. Horregatik ospatu ohi ziren urtaro aldaketaren bezperatan, martxoko ekinozioaren inguruan, eta horregatik ez ziren edozein aukeratzen zituzten mozorroak, baizik eta "naturako indar eta izakiei dei egiten lagundu zezaketenak", Carlos Ortiz de Zarate apaiz eta etnografoak azaldu duenez. El invierno se viste de fiesta. Carnavales rurales en Álava bere liburuak erakusten duenez, oraindik zeremonia horien aztarnak ditugu Araban, non, han eta hemen Zalduondo zein Kuartangon, "urtero hartza bezalako pertsonaiak agertzen diren, hibernazio luzea atzean utzi eta sasoi berria iratzartzeko prest".
Sinesmenak aldatuz joan eta denbora mugatua agertu da gero, lerro baten modura hasiera eta amaiera menderaezina dituena, halabeharrez beti aurrera dioana, zikloak joan eta etorri ez, baizik eta garaiak joan bai, baina berriz bere horretan itzuli ezin direnekoa. Laburbildu daiteke, elizak gaur egungo egutegia ezarri zuela eta, harekin batera, erritu eta ospakizun berriak. Edo ez hain berriak: bere neurrira moldatu zituen kristautasuna baino zaharragoak ziren festak, tartean inauteriak. Beste data bat jarri zien: Aste Santua baino berrogei egun lehenago, sei asteko abstinentzia zurruna agintzen baitzuen Jesusen berpizkundea ospatu aurretik. "Garizumaren zorroztasunaren aurreko herri ospakizuna" izango ziren inauteriak aurrerantzean. "Transgresiorako tartea, ondoren gaitz guztiak erre eta berriro garbi hasteko".
Gaur egun, Elizaren aurreko eta osteko esanahiak "elkar gurutzatzen dira, pisu sinboliko ezberdinak dituzten elementuak pilatzen dira, pertsonaiak nahasten dira... Zoragarria da herri inauteriek modu kondentsatuan gordetzen duten informazio guztia, daukaten aberastasuna”.
Debekutik, berreskuratzera
Lozorroan egon dira azken urteetan lurraldeko inauteriak, edo hibernazio derrigortuan, frankismoak debekatu egin baitzituen transgresiorako egun horiek. Azken hamarkadetan, ordea, horietako asko berreskuratzen ari dira herritarren ekimenez. Gaur egungo ezagunena izan zen aitzindaria, Zalduondokoa. Berrogei urte luzez ahanzturan egon eta gero, 1975. urtean berreskuratu zuten Markitos protagonista nagusi duen jaia. Berari leporatzen dizkiote gaitz guztiak eta, herritik paseatu eta gero, epaitu eta sutara kondenatzen dute. "Modu honetan, aro zaharra erre eta berriari paso ematen zaio". La Esperanza parrokiatik Ortiz de Zaratezek zehazten duenez, "trantsizio eta purifikazio erritu izan dira hein handi batean inauteriak, eta hori sinbolizatzen duten elementu asko daude gure ohituretan". Esaterako, Zalduondon eta beste hainbat herritan errautsak botatzen dituzte, “arauak hausteko modu bat delako dena errautsez betetzea, eta errautsak garbiketaren sinbolo direlako; pentsa, errautsa zen garai bateko detergentea!”.
Markitos, Porreteroa, toribio
Zalduondon Markitos erretzen duten bezala, “Ilarduia, Egino eta Andoinen, lastozko gizona kiskaltzen dute; Kanpezun, porreteroa teilatura botatzen dute, eta Saratsun, Toribio itotzen dute”. Badaude ere inor hiltzen ez duten inauteriak, Kuartangokoak, adibidez: “Bertan, traba eta debekuei aurre egiteko, Agate Deunarekin elkartu zituzten, eta mozorrotuta irteten dira porreroak diru eta jaki bilketa egitera”. Herri gehienetan daude porreroak. Etxeko trapu zaharrekin mozorrotzen diren herritarrak dira, gazteak batez ere, eta inork ez ezagutzeko, aurpegia ezkutatzen dute, hostoekin, artoaren ileekin, maskarekin, galtzerdiekin. Buruan txanoa edo txapela eraman ohi dute, lastozkoa edo artilezkoa.
Umeen izua
Umeak izutzen zituzten porrero gazteek. Horretarako, makilak, erratzak, puxikak (txerrien maskuria puztuak), eta borrak zeramatzaten. Zarata egiteko karrakak eta kriskitinak astindu eta irrintzi eta oihu egiten zuten. Janaria ere biltzen zuten saskietan eta lapikoetan. Batzutan, eskatuta. Beste askotan, lapurtuta. Mota askotako txantxak eta adar jotzeak antolatzen zituzten: lanabesak ezkutatu, sarrailak itxi, edo herriko biztanleen egoera errealak antzeztu. Gazteak ziren inauterien arima, eta umeek ere pisu handia zuten, batez ere ostegun gizenean, kalera kantatzera eta dohaintzak biltzera irteten ziren egunean.
Gerardo Lopez de Gereñuk, Juan Garmendiak eta Joaquin Jimenezek Araba osoko herrietako ohituren berri eman eta beste pertsonaia askoren informazioa jaso dute: apaizak, atsoak, ardiak, ahuntzak, idiak, astoak, putreak, Kanpezuko bandoleroa, Laudioko Leziagako sorgina... Herri bakoitzak bere ohitura zehatzak dituen arren, Ortiz de Zarateren hitzetan guztietan daude presente esanahi berdinak: “Ziklo aldaketa, purifikazioa, berpizkundea, transgresioa”. Horietatik, gutxi geratzen dira gaur egungo inauteri urbanoetan, baina gero eta gehiago dira inauteri zaharrak berreskuratzen ari diren herriak. “Zorionez. Izan ere, munduaren gure ikuskerak eta, nolabait, gure historia osoa, inauteri horietan gordeta daude”.
HERRIZ HERRI
Kuartangon, porreroak Agate Deunan
Traba eta debekuei aurre egiteko, inauterietako ezaugarriak Santa Ageda egunera eraman zituzten herritarrek. Makilekin etxez-etxe joaten dira jakiak eta dirua biltzen, porrero jantziarekin. Ez dut inor sakrifikatzen.
Ilarduian, Eginon eta Andoinen, lastozko gizona sutara
Gaitz guztien erruai leporatzen zaio lastozko gizonari Asparreneko herri hauetan. Asto baten gainean lehenengo, eta idiz jantzitako porreroen bizkarrean ondoren, herrietatik paseatu, eta su ematen diote.
Zalduondon, Markitos sugarretara
Neguko loaldia eta gero udaberriari ongi etorria emateko, hartza agertzen da herritik. Errautsak bota eta erratza pasatzen dute kaleetatik, garbiketa erritu moduan. Gaitz guztien erruduna, Markitos, sutan erretzen dute.
Kanpezun, Toribio uretara
Mendialdeako herri honetan, gaitz guztien erruduna Toribio da eta, erre beharrean, ito egiten dute. Bidelapurra, konjuratzaileak eta putreak dira Kanpezuko kaleetan zehar ibiltzen diren beste pertsonaietako batzuk.
Saratsun (Salcedo), porreteroa teilatura
Oiloak lapurtu eta bestelako gaiztokeriak egiten ditu porreteroak Añanako kuadrillako herri honetan. Gaitz guztiak berarekin batera kiskaltzeko eta aro berria garbi hasteko, erre egiten dute.
Agurainen, porreroa eta sorgina
Ostiralean jaisten dira Opakuatik Agurainera porreroa eta sorgina, eta inauteri osoak ematen dituzte Udaletxeko balkoian, kaleko giroaren lekuko. Asteartean, berriz, txirrindula hartu eta mendira itzultzen dira.
Egilea: