Emanaldiak, aurkezpenak eta promozio elkarrizketak ugari izan dira azken asteotan, Goya sarien atarian. Pozarren, baina nekatuta nabari zaio Kepa Sojori (Laudio, 1968), beste proiektu batzuetan murgiltzeko gogoz.
2012an grabatu eta bihar helduko da Goya sarietara 'Loco con Ballesta' laburra. Nolakoa izan da ibilbidea?
Lan nekagarria izan da, baina polita. Goya sarietan egoteko bidea ez da erreza, izena duten beste jaialdi batzuetan aukeratu behar zaituztelako aurretik, mailaz maila igo behar duzu nolabait esatearren. Espainian 800 bat labur aurkezten dituzte eta 15 baino ez dira geratzen azkeneko fasera. Gu 25 jaialditan izan gara, eta, besteak beste, Madrilgo Cortogenia lehiaketa irabazi genuen, azken batean Goyetan sartzeko behar genuen txartela. Maila horretako jaialdi bat irabazi behar duzu bertan egoteko, eta ondoren helduko dira zine akademiako kideekin harremanak, laburra aurkeztu eta ezagutzera emateko. Champions-aren moduko zerbait da, mailaz maila finalera heldu arte.
Eta finalean zaudete.
Lehen aldia da niretzat eta benetan pozik nago. Irabazi edo ez, izendapena bera sari bat da guretzat eta oso pozik gaude. Bi urtez jaialdiz jaialdi ibili ostean, honekin amaiera bikaina jarriko dugu, eta egia esan gogoa daukat beste zerbaitetan hasteko.
Nola ospatu behar duzue biharkoa? Zerbait prestatu duzue?
Sonia Pazos emaztea –produktorea ere bada– eta biok joango gara jaialdira eta lantaldeko kideek etxeren batetik jarraituko dute elkarrekin. Irabazten badugu, hemen Gasteizen ospatuko dugu tabernaren batean. Baina oso zaila da, beste lau laburrak oso onak direlako.
Zein da faboritoa?
Uste dut nahiko orekatua dagoela kontua, % 20 inguruko babesa dugu guztiok. Denek jaso dituzte sariak jaialdietan eta uste dut ez dagoela faborito argirik. Duela bi urte Esteban Cresporen Aquel no era yo izan zen faborito argia, eta Oscarretarako izendapena jaso zuen, baina iaz eta aurten denak nahiko pareko daudela uste dut.
Pelikula luzeen artean zuk baduzu faboritorik?
Loreak bikaina iruditu zait. Hunkigarria eta ondo egina. Jarraitzeko eredua da niretzat, merkea gainera. Pena da Goya sarietan hiru aktore protagonistak ez egotea: Itziar Ituño, Itziar Aizpuru eta Nagore Aranburu, benetan bikain daudelako. Zaila izango dute Relatos Salvajes edo La Isla Mínima modukoekin lehiatzea, batik bat, promozio handia izan dutelako besteek atzetik.
Dena den, han egongo dira eta oso harro egon gaitezke, eta euskarazko pelikula bat Palm Springs moduko jaialdietan edo Tokion egoteak izugarrizko meritua dauka. Beharbada Loreak Hego Koreatik etorri balitz eta Kim Ki Duk-ek zuzendu izan balu, beste kontu bat litzateke, eta merezi duen garrantzia emango liokete.
'Loco con Ballesta' laburra egiteko ideia, hain zuzen, zine jaialdi batean izan zenuen, ezta? Non bururatu zitzaizun?
Duela urte batzuk Medina del Campoko zine jaialdian egon nintzen Looking for Chencho laburrarekin eta han nengoela tipo berezi bat ezagutu nuen, bitxia. Kotxean balezta bat zuela esan zidan eta txantxetan aritu ginen lagun bat eta hirurok. Goizaldeko hiruak aldera, harekin baso batera joan eta balezta atera zuen; ez zen ezer gertatu baina izututa geunden. Ideia harekin batera, Fargo pelikula eta Los Soprano seriea ere izan dira beste euskarri bat. Hauetan egunerokotasuna nola kontatzen duten gustatzen zait; hiltzaileak dira eta bizitza arrunta dute, ama bisitatzen dute, lagunekin garagardoak hartzen dituzte, futbola ikusten dute. Horiei helduta hasi nintzen nire laburra osatzen.
Aktore moduan aritzeko Karra Elejalde aukeratu zenuen hasieratik?
Ez. Andres Gertrudis aktorea buruan nuen hasieratik, baina Karraren papera egiteko beste bat genuen eta kale egin zigun. Gorka Aginagalderen bitartez ezagutu nuen Karra eta berehala esan zidan baietz. Gainera, Andres eta Karraren arteko hirugarren pelikula zen eta horrek asko erraztu zuen dena. Karrak berehala ulertu zuen pelikularen arima, ekarpen ugari egin zituen eta laster jarri zituen beste aktore guztiak dantzan, animatzen. Oso esperientzia polita izan da harekin lan egitea, eta gainera oso aktore ona da. Aktore askorekin lan egin dut baina bera izan da onena, dudarik gabe.
Lagun arteko 'festa' bat izan zela ematen du? Gorka Aginagalde, Karra Elejalde, Ane Gabarain...
Bai, oso ongi pasa genuen. Gogorra ere izan zen ia 40 graduko tenperatura izan genuelako 2012ko iraila hartan Arabako Mendialdean, baina gure arteko giroa primerakoa. Lau egunez, hamabi orduz, baina oso ongi.
'Sindrome de Svenson' pelikularen ostean ez duzu pelikula luzerik egin eta, antza, ez proiekturik izan ez duzulako. Zein izan da arrazoia?
2006an egin nuen pelikula hori eta niretzat emaitza ona izan zen arren, artistikoki ona, ez zuen behar besteko erantzunik izan, jendeak ez zuen ikusi. Ekoizleek ere ez zuten benetako apustua egin eta berehala kendu zuten zinemetatik. Beste pelikula bat egitea buruan nuen arren, tartean bururatu zitzaidan Loco con Ballesta egitea. Oso zaila da pelikula bat egitea; El Sindrome de Svenson 2007an estreinatu genuen, baina 2000. urtean hasi ginen haren inguruko prestaketekin. Zailtasunak zailtasun, ordea, berriz film luze bat egiteko asmoa dut La vida es una tómbola izenekoa; Arabako Errioxan filmatu nahi dut eta Karra Elejalderekin egiteko asmoa dut. Komedia dibertigarri bat izango da, hori ziur.
Eta, horren aurretik, labur bat ere filmatu behar duzu, euskaraz?
Bai, uda aldean filmatu nahi dugu Hileta, Gipuzkoan. Beldur intimistako erokeria txiki bat izango da. Oraindik aktoreak aukeratu gabe ditugu, baina laster hasiko gara; gogoa dut azkenekoa alde batera utzi eta beste proiektu batean buru belarri sartzeko.
Unibertsitateko eskolekin ere jarraitzen duzu. Noizbait pentsatu duzu irakaskuntza utzi eta zinera soilik dedikatzea?
Ez, inoiz ez kar kar... Alderantziz agian bai, gauzek funtzionatzen ez dutenean. Unibertsitatea da nire bizitza, hamasei urte daramatzat eskolak ematen eta zinea osagarria da. Eskolekin batera, pelikulak egin, Cortada moduko jaialdiak antolatu, ikerketaren bat...
Frankismo garaiko zinemaren historian aditua zara. Zer nolako garrantzia izan zuen zinemarentzat garai horrek?
Diktadura bete-betean zegoenean, eta horrekin batera zentsura, Berlanga, Bardem eta beste zinegileak agertu ziren eta maisulanak egin zituzten, oztopo guztiak gaindituz. Bienvenido Mr. Marshall Espainiako pelikularik inportanteena dela uste dut, mugarri izan zelako. Aurreko zinema konbentzionala zen, Francoren aldekoa, eta pelikula honekin hasi zen zine kritikoa Italiako neorrealismoari lotuta. Hortik aurrera Carlos Saura, Jose Luis Borau eta beste hainbat etorri ziren, egile zinema, inkonformista...
Zine eskoletara heltzen diren ikasleek ezagutzen dute hainbeste?
Hogei urterekin heltzen diren ikasleek Hitchcock ezagutzen dute, Orson Welles baten batek... baina Espainiako zineari buru ari garenean dena Pajares eta Esteso dela uste dute; Edgar Neville, Carlos Saura eta beste batzuk ezagutzen dituztenean txundituta geratzen dira duten kalitatearekin. Unibertsitatea baino lehenagoko eskoletan ez legoke gaizki zineari buruzko eskolaren bat jasotzea.
Luis Garcia Berlangaren arrastoa handia da zure zinemagintzan, ezta?
Bai, nire lanetan arrastoa utzi duela uste dut. Haren inguruko doktore tesia egin nuen eta bera gertutik ezagutzeko aukera ere izan nuen; Madrilgo Circulo de Bellas Artes-en ikastaro batean parte hartu nuen eta haren begiradapean labur bat filmatzeko pribilegioa izan nuen. Imajinatu,Goyari buruzko tesia egitea eta atzean Goya bera begira izatea. Izugarria izan zen.
Hamaika urteren ostean, zer behar du zinemak? Nondik hasiko zinateke kultura agintari bat bazina?
Oso zaila da, egia esan. Baina, kultura ministroa banintz lehenik eta behin BEZ-a jaitsiko nuke; Europako beste herrialdetan baxuagoa da, eta uste dut kalte nabarmena egin diola zineari. Telebista kateek ere egin beharko lukete apustu handiagoa zinearen alde, baina hor ere momentu zaila bizi dugula uste dut, produktu arinek eta reality-ek agintzen dute.
Egitasmoen artean, zuk zuzentzen zenuen Begibistan Amurrioko film laburren jaialdia ere bertan behera geratu zen. Zer dela eta?
Gure asmoa zen euskal zinemari buruzko leiho txiki bat izatea Amurrion. Udalak tinko bultzatu zuen jaialdia eta hauteskundeak heltzearekin batera beste alderdi batek boterea hartu eta bertan behera utzi zuten. Omenaldi txikiak egin genizkien gure aktore ezagunei, Ramon Barea, Txema Blasco edota Itziar Lazkanori, eta uste dut leiho bat ireki genuela behintzat. 2012an kendu zuten eta oraindik ez dakigu zergatik. Gasteizko Cortada laburren jaialdian ere atal txiki bat ireki dugu euskal zinemarentzat, behintzat gure inguruan txoko bat izan dezan.
Kepa Sojo, gertutik: ezagutu bere pelikula eta serie faboritoa, bere afizioak....
Egilea: Anakoz Amenabar, Arabako ALEA